2019(e)ko azaroaren 04(a) 18:00

Andrazkoen esku-pilotako II. Bizkaia torneoa azaroaren 8an hasiko Bizkaia frontoian, eta zortzi pilotari lehiatuko dira

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak Andrazkoen esku-pilotako II. Bizkaia txapelketaren xehetasunak azaldu ditu. Amateurren kategoriako kirol-maila oneneko zortzi pilotarik jokatuko dute txapelketan, eta, parte hartzeko, kirolaren arloko lan-kontratua egin zaie. Torneoko zortzi partidak Bizkaia Frontoian jokatuko dira, eta finala azaroaren 30ean izango da.

Andrazkoen esku-pilotako II. Bizkaia torneoa

Bizkaia Frontoiak Andrazkoen esku-pilotako II. Bizkaia torneoa hartuko du azaroaren 8tik 30era bitartean, eta amateurren kategoriako kirol-maila oneneko zortzi pilotari lehiatuko dira. Hala, Bizkaiko Aldundiak sendotu egin nahi du emakumezkoen kirolaren alde egin duen apustua.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak txapelketaren bigarren edizioaren xehetasunak azaldu ditu gaur arratsaldean, eta ondoan izan ditu torneoan parte hartuko duten pilotarietako batzuk.

Izan ere, diputatuak baieztatu duenaren arabera, Aldundiaren erronketako bat da emakumeek kirolean presentzia izatea eta horregatik egingo da aurten bigarren aldiz Andrazkoen Bizkaia torneoa. Esan du pilotariek kirolaren arloko lan-kontratua izango dutela parte hartzeko, iazko edizioan bezala.

Diputatuak nabarmendu duenez, txapelketan kalitate handiena eta berme guztiak ziurtatuko dira, eta eredu izango da egunero jokalekuan onena emateko ahalegina egiten duten emakume pilotari guztien eragile gisa. Erantsi du beste emakume eta neska askorentzat estimulua izatea nahi dutela, pilotari hauen bideari jarrai diezaioten eta emakumeen artean esku-pilotan aritzeko zaletasuna gero eta zabalagoa izan dadin.   

Guztira, lau bikotek jokatuko dute, eta ETBk txapelketaren finala emango du azaroaren 30ean. Lehiaketa azaroaren 8an hasiko da eta bi partida jokatuko dira egun horretan: batetik, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen aurka, eta, bestetik, Iera Agirre eta Ainhoa Romero Arrate Bergararen eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka.

Txapelketako bigarren jardunaldia azaroaren 15ean izango da, eta beste bi partida jokatuko dira: Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai Arrate Bergararen eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka, eta Iera Agirre eta Judith Romero Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen aurka.

Azaroaren 22an izango da hirugarren jardunaldia, eta beste bi partida jokatuko dira: Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai Iera Agirreren eta Judith Romeroren aurka, eta Arrate Bergara eta Olatz Ruiz de Larramendi Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen aurka. Azaroaren 30ean finalaurrekoa eta finala jokatuko dira Bizkaia frontoian.

Amaitzeko, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak esan du txapelketa hau pilotarientzako eta emakumezkoen pilotaren eremuarentzako erreferente izatea nahi dutela ere.


Argazkiak