2019(e)ko urriaren 23(a) 10:00

Foru Aldundiak ‘Gizatek’ laguntzetarako diru-kopurua handitu du, adinekoak edo desgaitasuna duten pertsonak etxean egon daitezen

Gizarte Ekintzako Saila

Etxerako lagungarriak erostea helburu duen Gizatek zerbitzuari aurten 200.000 euro gehiago esleitu dizkio Gizarte Ekintza Sailak, jasotzen ari diren eskaera guztiak betetzeko. Aurreikuspenen arabera, urtearen amaierarako 1.700 eskaera inguru onartuko dira, gutxi gorabehera 2018. urtean baino 200 gehiago.

Gizatek zerbitzuaren bitartez, Bizkaiko herritarrek produktu lagungarriak eskuratu ditzakete autonomia pertsonala areagotzeko eta nork bere etxean bizitzen jarraitu ahal izateko. Erabiltzaileak mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak dira, eta oso modu positiboan baloratzen dute orain ere zerbitzua. Laguntza mota hau behar duten pertsonek dituzten beharrizanei erantzuten jarraitu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak 200.000 euro handitu du bere aurrekontu-partida. Beraz, 2019ko ekitaldi honetarako, zerbitzuak 1.450.000 euroko aurrekontua du, eta kopuru horrekin eskaria betetzea espero da.

Urte honetan, Gizarte Ekintza Sailak 1.341 eskatzaileri eman dizkie laguntzak. Baina urtea amaitzen denean guztira 1.700 onuradun izatea aurreikusi da, hau da, iaz baino 200 pertsona gehiago. Abenduaren 30ean bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Etxean bizi ahal izateko baliabide teknikoak eta teknologikoak

Mendekotasuna eta/edo desgaitasuna duten pertsona gehienek etxean egon nahi dute, eta horrela adierazten dute. Hori da haien lehentasuna, hurbileko harremanak izaten laguntzen dielako, beren gauzez eta oroipenez inguratuta egoteko aukera ematen dielako eta independente izaten eta pribatutasuna mantentzen laguntzen dielako. Horretarako, laguntza eta zerbitzuen garapen dibertsifikatua egin behar da, pertsonek etxean bizitzen jarraitu ahal izan dezaten, mendetasun maila handiak dauzkatenean ere bai, gizarte-beharrizanak betetzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Gizatek zerbitzu publikoa da; edozein adineko pertsonak orientatzea, gizarteratzea eta horien autonomia sustatzea du helburu, baldin eta desgaitasuna edo mendekotasuna badute eta, ondorioz, jarduera mugatuta badute edo herritarrekin parte hartzean mugak badituzte eta produktu eta metodo teknologiko desberdinak aplikatuz muga horiek orekatu edo arindu baldin badaitezke.  Ildo horretan Gizatek zerbitzuak eginkizun garrantzitsua betetzen du, baliabide teknikoak eta teknologikoak mendekotasuna eta/edo desgaitasuna duten pertsonen eta haien zaintzaileen zerbitzuan jartzeko. Izan ere, teknologia berrien ahalmena bete-betean erabiltzen da pertsonen ongizatea areagotzeko.

Gizatek zerbitzuak produktu lagungarrien erakusketa finkoa du, Lersundi kaleko 14. zenbakiko bere egoitzan; horrez gain, zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu: prestazioetara iristeko aholkularitza; produktu lagungarriak erosteko dirulaguntzak edo produktu lagungarrien mailegua; eskatzailearen autonomia hobetzen lagun dezakeen edozein alderdi teknikori buruzko orientazioa, egokitasunari buruzko txosten teknikoa emanez; eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzako produktu lagungarriak erosteko laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea.