2019(e)ko irailaren 10(a) 12:46

Bizkaiko Foru Aldundiak Etxegokiren finantzazioa berritu du 3,1 milioi euro baino gehiagorekin 2021era arte

Gizarte Ekintzako Saila

“Etxegoki”, desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako apartamentu lagunduen foru zerbitzua, FEKOORek kudeatzen duena, mendekotasuna duten pertsonentzako arreta sistemen abangoardian dabil, autonomia pertsonala eta parte-hartze soziala sustatuz, betiere pertsonen nahiak, independentzia eta bizi proiektuen garapena errespetatzen dituela.

Bizkaiko Foru Aldundiak FEKOORek kudeatzen duen ‘Etxegoki’ zerbitzuaren (desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako apartamentu lagunduen foru zerbitzua) finantzazioa berritu du, 3.175.418 eurorekin, datozen bi ikasturteetarako.

Etxegoki desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako 32 laguntzadun apartamentuk osatzen duten eta bizitza independentearen sustapenerako berrikuntza soziala eta teknologikoa uztartzen dituen foru baliabidea da. Zerbitzu hori erakundeen eta elkarte-ehunaren arteko lankidetza arrakastatsuaren eredu da. Izan ere, EAEko Gizarte Zerbitzuen Sistemako zorroan sartutako foru baliabide bat izanda, gizarteari trukean ekarpen handia egiten dio garapen ekonomiko eta komunitarioaren aldetik.

Teknologia pertsonen zerbitzuan, etorkizun ederreko aukera

Desgaitasuna duten pertsonen bizitza independenterako teknologia, baliabideak eta laguntza-gailuak probatzeko benetako laborategiak dira Etxegoki foru apartamentuak. Badituzte laguntza pertsonalizatuen sistema, teknologia domotikoa eta ingurunearen kontrola. Horien guztien helburua da pertsonen autonomia, parte-hartzea eta gizarteratzea sustatzea, betiere pertsonen nahiak, independentzia eta bizi proiektuen garapena errespetatuz: puntako aplikazio teknologikoak pertsonen zerbitzuan jartzen dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak enplegurako aukerak eta balio erantsi handiko jarduera ekonomikoak sortu nahi ditu bizi kalitatearen eta zahartzearen arloko teknologia horien bitartez. Zentzu horretan, Etxegoki bezalako proiektuek sektore soziosanitariora bideratutako industria teknologiko bat sustatzeko lurralde ezinhobe gisa kokatzen dute lurraldea.

Etxegokik 2011n zabaldu zituen ateak, Bilboko Txurdinaga auzoan, eta gaur egun desgaitasuna eta maila desberdinetako mendekotasunak dituzten 34 pertsonari ematen die ostatu. Pertsona horiek 18 eta 65 urte bitartekoak dira. Bizilagunen komunitate horren filosofia hauxe da: pertsona bakoitzak bere desberdintasun funtzionalarekin behar dituen laguntza-baliabideak jaso ditzala bere bizi proiektua garatzeko eta bere bizitzari buruz erabakitzeko, eta errespetatu dakiola erabakitzeko eta independentea izateko borondatea.

Proiektuaren ikuspegi berritzaile eta inklusiboak sari ugari bereganatu ditu, horietako batzuk nazioartekoak. Esaterako, Quality Innovation Award delakoa lortu zuen 2017an.