2019(e)ko abuztuaren 30(a) 10:00

Bizkaiko etorkizun handiko kirolariak detektatu eta horiek laguntza jasotzeko izena emateko epea irailaren 9an irekiko da

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak seigarren urtez jarri du martxan Bizkaiko etorkizun handiko kirolariak detektatu eta horiei laguntzeko programa. Programa horrek Bizkaiko Lurralde Historikoko etorkizuneko kirolariak detektatzea eta 2019/2020 programan sartzea du xede.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko etorkizun handiko kirolariak detektatu eta horiei laguntza emateko 2019/2020 denboraldiko programan parte hartzeko izena emateko epea irekiko du 2019ko irailaren 9tik 20ra bitartean. Foru erakundeak etorkizuneko kirolari gisa aitortzeko eskaera 2018ko irailetik eskaerak aurkezteko epearen amaierara arte lortutako kirol merezimenduen zerrendarekin batera aurkeztu beharko da.

Ebaluazio-batzorde bat arduratuko da programaren parte hartuko duten kirolariak hautatzeaz.

Aldundiaren aldetik etorkizun handiko kirolariaren aitorpena lortu ondoren, baldintza hori 2020ko abenduaren 31ra arte mantenduko da. Aldi horretan zehar, etorkizuneko kirolariaren aitorpena jaso duten kirolariak lortutako mailaren arabera hainbat onura eskainiko dizkien programa batera txertatuko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak kirolari eskatzaileen informazioa bilduko du horiei kirol-talentua garatzeko prestakuntza eta babes egokia eskaintzeko.

Hauexek dira onurak, besteak beste: osasun-azterketak, orientazio dietetikoa, kirol-errendimendua hobetzeko euskarria edo material teknikoa jasotzea, etengabeko prestakuntza (hileroko tailerren bitartez), aholkularitza akademikoa prestakuntza-ibilbide ezberdinetan eta goi-mailako ikasketak egiteko aukera.

Sei urte etorkizun handiko kirolarien programarekin

Aldundiak 6 urte daramatza Bizkaiko kirolariei programa hau eskaintzen eta denbora-tarte horretan 528 kirolariek hartu dute parte programan: 156 kirolari, 1. mailan onartu dituzte eta, 372 kirolari, 2. mailan. Azterketa medikoen zerbitzua eskaini zaie 99 kirolariri eta bihotzeko 21 ekografia eta 7 analisi kliniko egin ditu.

52 kirolari aitortu dira kirol-talentu gisa (maila altua) eta unibertsitate publikora sartzeko 85 ziurtagiri eman dira.