2019(e)ko otsailaren 22(a) 12:00

Pilar Pérez-Fuentes, Tartekari sarea, Athletic Club emakumeak, Patricia Espinar eta IZAR, 2019ko Zirgari berdintasun saridunak

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Foru Aldundiaren eta BBK-ren emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko Zirgari sarien IV. gala martxoaren 6an egingo da. Epaimahaiak Bizkaiko gizarte osoak parte hartu ahal izan duen prozesuan proposatutako hautagai-zerrenda batetik hautatu ditu pertsona, entitate eta enpresa saridunak.

Nora Sarasola eta Teresa Laespada.

Laespada: "Feminismoa askotarikoa da; elkarren osagarri diren moldeak ditu"

Pilar Pérez-Fuentes historialaria, Tartekari sarea (emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontrako emakumeak), Athletic Club-aren emakume taldea, Patricia Espinar pilotaria eta IZAR Cutting Tools enpresa dira aurtengo Zirgari saridunak. Sari hauek Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k ematen dizkiete Bizkaian emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde ari diren pertsona, entitate eta enpresei. Aurtengo edizioa laugarrena da.

Sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 6an egingo da Bilboko BBK aretoan, Emakumearen Nazioarteko Eguna (martxoaren 8a) ospatzen den astean. Epaimahaiak Bizkaiko gizarte osoak hilabetean parte hartu ahal izan duen prozesuan proposatutako hautagai-zerrenda batetik hautatu ditu pertsona, entitate eta enpresa saridunak.

Aurtengo Zirgari saridunen berri gaur eman dute Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak eta BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendari Nora Sarasolak.

Laespada diputatuak esan du 2019ko Zirgari sariek proposatzen dutela ikuspegi feminista, eskuzabala, justizia zalea eta gizartea eraldatzeko prest dagoena. Ikuspegi horrek zuri-beltzeko egia erabatekoetatik kolore ugariko askotarikotasun heterogeneora eta oparora emango gaitu, gaineratu du.

Beraren ustez emakumeen eta berdintasunaren aldia da, eta feminismoarena; eta honela azaldu du zer den feminismoa: duela mende asko hasitako mugimendua da, eta harro esan daiteke ez duela inoiz odolik isuri emakumeok dagozkigun eskubideak eskuratzeko egin dugun bidean.

Feminismoa askotarikoa da; elkarren osagarri diren moldeak ditu. Historia egiten ari gara: Bilbon iazko martxoaren 8an egin zen manifestazioaren oihartzuna New York Times-ek zabaldu zuen eta hor dugu Athletic-en emakumeek oraintsu San Mamesen jokatutako partidua ere…, esan du.

Beste alde batetik, Sarasolak azaldu du BBK-k konpromiso bat bete behar duela eta horren ildotik buru-belarri lan egin dutela berdintasunaren alde langileen kontratazioan, prestakuntzan eta barne promozioan. Eta, gainera, lana eta bizitza uztartzeko politiketan ere berdintasuna sustatuko dugu, lortu behar baita gizonak eta emakumeak gauza izatea beren lan-betebeharrak betetzeko eta, aldi berean, denbora librea gozatzeko. Eta, esan beharra dago, gauza bera egin behar da langileen soldata-orekan ere, esan du.

Orobat, esan du BBK-k emakume-begiekin aztertzen duela ingurua. Ez dut nahi utzi aipatu gabe lankidetzan ari garela denetariko arrazoiengatik baztertuta edo babesgabezian dauden emakumeen bizimodua hobetzeko lan egiten duten entitate askorekin, azpimarratu du.

BBK-k joan den abenduan ekin zion berdintasunaren aldeko azken ekimenari, eta gutxitan landutako arloa hautatu zuen horretarako. Genero-indarkeriaz hausnarketa egitea xede duen hezkuntza-programa da, horretan erortzeko arrisku handian dauden nerabeentzat pentsatua. Ilusio handia ipini dugu ekimen honetan. Ekimena sortzeko abiaburua izan zen batez ere nerabeentzat izango ziren hezkuntza-ekintza batzuk prestatzea, baina aldi berean haien hezitzaileengan ere eragina izatea Bizkaiko lurralde osoko ikastetxeetan tailerrak eta solasaldi informatiboak antolatuz, adierazi du.

SARIAK

Pilar Pérez-Fuentes historialariari "Ohorezko saria" eman zaio emakumeen eskubideen babesean eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen egin duen lanagatik.

Epaimahaiek Pérez-Fuentesen konpromiso feminista eta 40 urte urtean feminismoaren teoria kritikoa historian aplikatzen egin duen aitzindari-lana saritu ditu, bai eta 70ko hamarkadaz gero emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde egin duen aktibista-lana ere. Izan ere, emakumeen historia eta generoa bultzatzen hasi ziren lehenengoetakoa eta sutsuenetakoa da, eta ezbairik gabeko erreferente akademikoa demografia historikoan genero-ikuspegia txertatzen.…

Aurreko edizioetan honako hauek jaso dute Ibilbidea saritzeko Ohorezko Saria: Adela Asúa juristak, Carmen Bernabé teologoak eta Askabide elkarteak.

Emakume boluntarioen Tartekari sareak "Emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontra" ataleko saria jaso du.

Epaimahaiak duela zazpi urte emakume boluntario horiek Bizkaiko lurralde osoan indarkeria matxistaren kontra egiten duten lana saritu nahi izan du. Epaimahaiak arlo askotako 38 elkartetako 70 emakume baino gehiagok emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan, horren inguruko sentsibilizazioan eta indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzen egiten duten lana goraipatu du. Gainera, aintzat jartzen du emakumeen arteko ahizpatasuna: onustea, entzute aktiboa eta laguntza, emakumeen arteko zaintzaren oinarri.

Sareak aurreko saridunen lekukoa hartu du: Ahizpa oblatuak (Leiho Zabalik programa), Clara Campoamor elkartea eta Haize Berria elkartea.

"Ahalduntzea eta balio aldaketa" ataleko saria ex aequo eman zaie Athletic Club-en emakume taldeari eta Patricia Espinar pilotariari.

Sariarekin epaimahaiak Patricia Espinar galdakaoarraren kirol-gaitasuna aintzatetsi nahi du (esku-pilota, paleta, futbola, mendia, piraguismoa…), eta horrekin batera baita beraren kirol-merezimenduak eta oztopoak oztopo (ikusezintasuna, hainbat gauzari uko egin beharra eta denetariko eragozpenak) kirol maskulinizatuetan aurrera jarraitzea ere.

Athletic-en emakume taldeak jasotako sariaren oinarria hauxe izan da: erreferente bihurtu dira goi mailako zein oinarrizko emakume kirolarientzat. Gainera, San Mames bete dute, eta erreferente mundiala dira gizonen taldeak erabateko nagusitasuna duten jarraitzaile ugariko kirol batean. Ia 50.000 pertsona, denetarikoak, biltzea lortu dute, eta haiei esker Bizkaiko mutikoek eta neskatoek badute nor hartu eredutzat.

Kategoria honetan, aurreko urteetan Zinemakumeak Gara! jaialdiak, Pikara Magazine aldizkariak eta ‘Maite Albiz’ Emakumeen Dokumentazio Zentroak jaso dute.

Azkenik, "Erantzukidetza eta bateratzea" kategorian (gizarte-antolaketa arduratsua) IZAR Cutting Tools-i eman zaio saria erantzukidetzazko gizarte-antolaketan, denboraren erabilera berrietan eta bateratze erantzukidean egindako lanagatik.

Epaimahaiak enpresa honen berdintasunerako konpromisoa saritu nahi izan du, kontuan harturik emakume gutxi dauden sektore batean ari dela. Emakume gehiago administrazio kontseiluko arduradun eta ordezkari postuetan, enpresa batzordean eta tarteko lanpostuetan. Lana eta bizitza uztartzea, soldata-bereizkeriarik ez egotea, bereizkeria positiboa emakumeak kontratatzeko eta gizarte erantzukizuna emakumeen sustapenerako. Gainera, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du emakume enpresaburuen ehunekoaren gehikuntza.

Aurreko urteetan honako hauek izan dira saridunak kategoria honetan: Mutualia, Grupo Servicios Sociales Integrados, Ingeteam eta ‘Piper Txuriak’ Berdintasunaren Aldeko Gizonak.

BBK-k eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak antolatutako Zirgari sarien xedea pertsona, entitate eta enpresek berdintasunaren alde egiten duten lana, ahaleginak, dedikazioa eta inplikazioa aitortzea da. Sari hauen izenak zirgariek egiten zuten lan gogorra dakar gogora: emakume horiek itsasontziak atoian eramaten zituzten itsasadarrean zehar, eta, horretarako, beren indarra eta soka bat, zirga bat, besterik ez zuten erabiltzen.

Ohorezkoa ez beste sari guztiak 6.000 eurokoak dira.


Bideoak