2018(e)ko abenduaren 03(a) 13:53

Rementeriak goraipatu egin du Euskaltzaindiaren “ezinbesteko” lana euskararen normalizazioa lortzeko bidean

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Euskaltzaindiak jaso du Ohorezko Lauaxeta Saria Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eskutik; poesiaren atalean, sarituak Luis Garde Iriarte eta Martin Bidaur dira eta ikus-entzunezkoen saria, berriz, Josu Martinez Martinezek jaso du.

Lauaxeta Sariak 2018

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Lauaxeta 2018 ohorezko saria eman dio Euskaltzaindiari, Andres Urrutia presidenteak jaso du saria.

Rementeriak Euskaltzaindiaren ibilbidea aitortu eta eskertu du gaurko ekitaldian eta zera adierazi du Euskara berezia da guretzat, onena. Baina funtsean ez da beste hizkuntzekiko oso ezberdina. Ahoz eta idatziz zabaldu eta hazi egiten da. Horretarako, hizkuntza egoki erabili behar. Estandarizazio prozesua ezinbestekoa da. Eta horretan giltzarri dogu gure akademia. Euskara biltzen, normalizatzen eta modernizatzen egindako lana izugarria izan da. Eta ezinbestekoa. Ahaldun Nagusiak gaineratu du euskalkiak, eta horren artean bizkaiera, altxorrak dira. Baina eredu bateratuaren beharra egon da eta badago egun. Edozertarako baliozko dogun hizkuntza. Arautua, normalizatua, danona. Batasun prozesu hori euskara berreskuratu eta biziberritzeko oinarrizkoa izan da. Hizkuntza zenbat eta garatuagoa eta auratuagoa, geroz eta errazago ikasi eta erabiltzeko. Ohorezko Lauaxeta Sari honek hori guztia lortzeko egindako lana eskertu nahi deutso 100 urte bete dauazan gure akademiari.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak Poesiako Lauaxeta Saria eta Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria eman ditu.

Poesiaren alorrean, 35 urtetik gorakoen Lauaxeta Saria "Barbaroak baratzean" poema bildumaren egile den Luis Garde Iriartek jaso du. Eta 35 urtetik beherakoen kategorian "Itzulera" poema bildumaren egilea den Martin Bidaurrek hartu du saria.

Bestalde, Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria "Jainkoak ez dit barkatzen" ikus-entzunezkoaren zuzendari Josu Martinez Martinezek jaso du.

Sari hauen bitartez, euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normaltzeko ahalegin berezia egin duten pertsonak, kolektiboak eta erakundeak publikoki aintzatesten dira. Esteban Urkiaga "Lauaxeta" idazlearen izena daukate, haren figura unibertsala aldarrikatzeko asmoz.

Jainkoak ez dit barkatzen

Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria: Josu Martinez Martinez jauna, Jainkoak ez dit barkatzen ikus-entzunezkoaren zuzendaria. Epaimahaiaren iritzia: ;dokumentalak entzunezko dokumentu historiko bat berreskuratzen du, Euskal Herriko historiaren pasarte lazgarri bat azaltzeaz gain garaiko pertsonaia ez oso ezagun baina berebiziko baten berri emanez. Lezo de Urreiztieta protagonistaren begietatik, epika, intriga, drama eta umorea uztartzen ditu, panegirikoan erori gabe pertsonaiaren alde argiak eta ilunak agerira ekarriz, eta mota askotako baliabide narratiboak erabiltzen ditu istorio bikain eta kilikagarri bat eskaintzeko.

Barbaroak baratzean

Lauaxeta Poesia Saria, 35 urte edo gehiagoko olerkarien saila: Luis Garde Iriarte jauna, Barbaroak baratzean poema-bildumaren egilea. Epaimahaiaren iritzia: Liburu honetan Luis Gardek muga iradokitzen duten irudien inguruan antolatu du poesia. Muga horrek erreferentzia zehatza du: mendebalde aberatsaren inguruan eraikitzen saiatu den muga, kanpokoek bertaratzerik izan ez dezaten. Baina poema liburuan adierazten den bezala, momenturen batean gizaki guztiak izan dira baratza aberatsetik kanpo egondako barbaroak. Gizakiaren izaeran sakontzen duen poema liburua da, bizitzari buruzko ikuspegi eszeptiko eta ezkorra, hunkigarria izateaz gain hausnartzera ere bultzatzen duena.

Itzulera

Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtetik beherako olerkarien saila: Martin Bidaur jauna, Itzulera poema-bildumaren egilea. Epaimahaiaren iritzia: Ni poetikoan arakatzen duen lana dugu Itzulera. Bost zatitan banatua dago: Hautsitako souvenir bat, Itxaronaldia, Paris, Uharteak eta Hutsuneak oinordetzan. Poeta itzulian dabil, hara eta hona. Lirismo errealistaz eta umore egosiz agertzen dizkigu bere gatazkak eta beldurrak, bizitza eta heriotza bidaide hartuta. Besteengandik aldentzeko beharra nabari zaio; eta, esan bezala, nostalgia eta poesia ditu babesleku. Haurtzaroa eta nerabezaroa atzean uzten doan poeta gazte baten ahots gizondua dugu Itzulera liburua. Poeta gazte batek, pultsu ondratuz, gauzak eder bezain gordin esateko trebetasunaren eredu.


Argazkiak


Bideoak