2018(e)ko azaroaren 29(a) 20:00

BiscayTIK Fundazioak gala batekin amaitu ditu hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako ekintzak

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Sortu zenetiko lehen 10 urteetan BiscayTIKek Bizkaiko toki erakundeen modernizazio teknologikoaren alde egindako lanean izan duen funtsezko zeregina azpimarratu du Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak; dagoeneko, 127 erakunde atxiki dira BiscayTIKera. Urteurrena ospatzeko, BiscayTIK Fundazioak jarduera-egutegi betea prestatu du urte osoan, hainbat eragile eta kolektiborekin batera; horrekin amaitzeko, gala bat antolatu du, eta bertan izan dira: babesleak eta babesle ohiak, Bizkaiko zenbait udalen ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak, enpresa hornitzaileak eta Bizkaiko gizartearen ordezkariak. Ekitaldian, sari-banaketa ere egin da: BizkayApp lehiaketakoa eta Bizkaian administrazio digitala hobetzeko ideien gazteentzako lehiaketakoa.

BiscayTIK Fundazioaren X. urteurrena

BiscayTIK Fundazioak Amaierako Gala egin du Euskalduna Jauregian, fundazioaren X. urteurrena dela-eta antolatutako jardueren amaierako ekitaldi gisa. BiscayTIK Fundazioa 2008an sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, lurraldeko udalei modernizazio teknologikoaren prozesuan laguntzeko.

Galan 400 pertsona baino gehiago izan dira, besteak beste, babesleak eta babesle ohiak, foru diputatuak, Bizkaiko udaletako alkateak eta bestelako udal ordezkariak, enpresak eta hornitzaileak eta BiscayTIKekin batera ibilbidea egin duten herritarrak.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldearen modernizazio-prozesuan agertu duen lidergoa nabarmendu du. Horren ildotik, sortu zenetiko lehen 10 urteetan BiscayTIKek Bizkaiko toki erakundeen modernizazio teknologikoaren alde egindako lanean izan duen funtsezko zeregina azpimarratu du Rementeriak. Orain dela hamar urteko abendu hartan, atea ireki genion Bizkaiko administrazioaren modernizazioari. Egun hartan, etorkizun betean sartu genuen Bizkaia; ezinbestean egon behar zuen-eta bertan.

Halaber, erakundeen arteko funtsezko lankidetza nabarmendu du Rementeriak: Garrantzitsuena da elkarrekin egin genuela, Aldundiak eta udalek, hau da: Aldundiak eta bizkaitarrok. Hori bada garrantzitsua, bai; talde-lanean aritzea, guztion bizi-kalitatearen onerako. Horixe da BiscayTIK: teknologia berriak, modernitatea eta bizi-kalitatea.

Gurutze Beitiak umore handiz zuzendu zuen gala, eta Raquel Rocak, Knowmads. Trabajadores del Futuro liburuaren idazleak, ere hartu du parte bertan; lan-eredu berriei eta ekonomia digitalari buruz mintzatu zen, ekonomia eta gizartea garatzeko aukera ematen duen sektorea baita azken hori.

BiscayAPP lehiaketaren sariak ere banatu ziren; lehiaketa hori hala enpresek nola garatzaile partikularrek aplikazioak sortzeko ideiak bilatzeko sortu zen. Lehenengo, "BiscayApp" lehiaketaren sariak banatu ziren; 2.000 euroko sari bana zegoen lehiaketako 4 kategorietarako.

Hauek izan dira irabazleak:

  • Silver Economy kategorian: Alicia Granados (Barcelona), app WtsWrong?-arekin.
  • Data Intelligence kategorian: Julen Martínez, Itziar Arribas eta José Fernando Gómez (Bizkaia), app Domekey- Ironchiparekin.
  • Energiaren kategorian: Eugenio Moliner (Valencia), app Metron-arekin.
  • Manufaktura Aurreratuaren kategorian: Santiago Córdoba (Bizkaia), app GTS-arekin.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua eta Biscaytik Fundazioaren presidentea den Ibone Bengoetxeak eman zuen "BiscayAPP Saria"; 10.000 euroko saria da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango du, ideia abian jartzeko. Irabazleak Julen Martínez, Itziar Arribas eta José Fernando Gómez (Bizkaia), app Domekey-Ironchiparekin, izan dira.

Era berean, Bizkaian administrazio digitala hobetzeko ideiak bilatzeko xedez gazteentzat antolatutako lehiaketako sariak banatu dira; lehiaketan bi erronka zeuden, eta bakoitzak 1.000 euroko saria zuen. Lehenengo erronka udalek eskain ditzaketen zerbitzu digitalen proposamen berriak lortzera bideratuta dago; bigarrena, berriz, zerbitzu publiko digitalak herritarrei hurbiltzera, batez ere, teknologia berriak erabiltzera ohituta ez daudenen artean. Lehen erronkaren ideia irabazlea SOLIDARITATE SAREA izan da, Sergio Morales Vicariok zuzendutakoa; eta bigarren erronkaren irabazlea, ordea, 5 TIPS, Marta Lekue Uriartek eta Asier Horas Fanok zuzendutakoa.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua eta Biscaytik Fundazioaren presidentea den Ibone Bengoetxeak egin du ospakizunaren itxiera, azken 10 urteotan BiscayTIK proiektua gauzatzeko lan egin eta lagundu duten pertsona guztiei eskerrak emanez. Era berean, BiscayTIK Fundazioak bere jarduna hobetzen eta berritzen jarraitzeko duen konpromisoa nabarmendu zuen, Bizkaiko herritarren eta udalen joera eta beharrizanen abangoardian jarrai dezan.

BiscayTIK Fundazioaren X. urteurrena

BiscayTIK Fundazioaren X. urteurrena dela-eta, hainbat xede-hartzailerentzat prestatutako jarduerak antolatu dira urte osoan:

  1. Lan-gosaria, komunikabideentzat.
  2. World kafea, toki administrazioarentzat, irtenbideak bilatzen dituzten enpresentzat, herritarrentzat (horien ordezkariak), gizarte eragileentzat eta unibertsitatearentzat.
  3. Tailerren/Jardunaldien zikloa, hainbat kolektiborentzat, honako gai hauen inguruan:
    • Administrazio Digitala: Bizkaiko udalerrietan eraldaketa digitala sustatzen.
    • Konektatutako ume eta nerabeak hezten. Jarraibide nagusiak, teknologia berriak modu seguru eta arduratsuan erabiltzeko.
  4. Gazteentzako lehiaketa: "Administrazio Digitala hobetzeko ideiak".
  5. Ate irekien jardunaldia, herritarrentzat.
  6. Amaierako gala.

Argazkiak