2018(e)ko uztailaren 02(a) 12:30

Aldundiak Garapenerako Lankidetzan Afrikarako duen begirada indartu du hainbat proiektu bisitatzeko Senegalera bidaia batekin

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Teresa Laespada diputatua buru den ordezkaritzak lekuan bertan ezagutu nahi ditu Aldundiak finantzatutako hainbat proiektu Bidaiaren beste helburu bat Bizkaiko biztanleria HEGOALDEKO zenbait herrialderen errealitatearen eta Garapenerako Lankidetzaren funtsen beharraren inguruan sentsibilizatzea da

Afrika.

Bizkaiko Foru Aldundiak Garapenerako Lankidetzan Afrikarako duen begirada indartu du Foru Aldundiaren finantziazioa izan duten hainbat proiektu bisitatzeko Senegalera egingo den bidaia batekin.

Enplegu, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatu Teresa Laespada Aldundiak finantzatuta zenbait proiektu lekuan bertan ezagutu nahi dituen foru ordezkaritzaren buru da.

Era berean, bidaiaren beste helburu bat, bidaiaren inguruan egingo den jakinarazpenaren bitartez, Bizkaiko biztanleria HEGOALDEKO zenbait herrialderen gizarte- eta ekonomia-errealitateen inguruan eta Garapenerako Lankidetzaren funtsen beharraren inguruan sentsibilizatzea da.

Laespadak adierazi du asmoa zer egiten duten, nola egiten duten eta proiektuak nola garatzen dituzten ikustea, eta Bizkaiko GKEek Afrikan garatzen duten lana ikusgai jartzea dela.

Sentsibilizazioari dagokionez, diputatuak azaldu du beharrezkoa dela ulertzea zer gertatzen den eta gizarte- eta ekonomia-garapenaren arloan non aurkitzen diren eta leku askotan duten beharra Bizkaitik garatzen dugun lankidetza jasotzeko.

Era berean, oraintxe bertan Mediterraneoan gertatzen ari denaren harira, momentu honetan munduan migrazioak (bereziki Europari eragiten dionak) ulertzeko moduaren inguruan hausnartzen jarraitu beharra daukagu. Hainbat mezu bistaratu eta transmititu nahi dira: Afrikan nola bizi diren, zergatik datozen Europara, zergatik egiten duten horrelako ibilbide gogorra eta zergatik igotzen diren patera batera Europara etortzeko, helmuga ez ziur batera. Beraien herrialdetako baldintzekin zerikusia duten arrazoiengatik egiten dute, gaineratu du.

Garapenerako Lankidetzarako proiektuen artean, besteak beste, osasun arloan Munduko Medikuak erakundeak Dakarreko Pikine barrutian garatu duen proiektu bat eta kultura arloan Gandioleko Ha Ha Tay zentroan garatu den beste proiektu bat bisitatuko dira.

Munduko Medikuak erakundearen proiektuak sexu- eta ugalketa-osasunaren esparruan babesa lortzea eta Pikineko barrutiko talde ahulenetan kalteak murriztea bilatzen du. Beste alde batetik, Ha Ha tay, garapenerako eta erkidegoaren burujabetzarako tresna gisa, Gandioleko gazteentzako heziketa ez-formala sustatzen duen erabilera anitzeko zentro bat da.

Era berean, Nazioarteko Elkartasuna-Solidaridad Internacional eta Creando Futuros erakundeek garatutako ekimenak bisitatuko dira, eta bilera bat egingo da Association des Femmes pour le Developpement Local elkarteko emakume liderrekin.


Argazkiak