2018(e)ko urtarrilaren 16(a) 12:40

Bizkaiko Foru Aldundiak praktiketako ehun bat ikasle hartzeko akordioa sinatu du EAEko hiru unibertsitateekin

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak hezkuntzako lankidetzarako esparru-hitzarmen bana sinatu dute foru erakundearekin, euren ikasleek praktikak egin ahal izan ditzaten Aldundiaren lantokietan. Berrikuntza gisa Bizkaiko Foru Aldundiak 80.000 euro jarriko ditu, ikasleek euren dedikazioaren ordain ekonomikoa jaso dezaten praktiketako poltsatik. 2013az geroztik 280 ikaslek egin dituzte praktika akademikoak Bizkaiko Foru Aldundiaren sail eta zerbitzuetan.

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero praktiketako ehun bat ikasle hartzeko ekimen bat abiarazi du. Ikasle horiek foru erakundearen lantokietan jardungo dute, EAEko hiru unibertsitateekin (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmen banaren bitartez. Etorkizunean beste unibertsitate zentro batzuk gehitu ahal izango zaizkie.

Era horretara, praktika akademikoak eskatzeko eta kudeatzeko prozedura antolatu da esparru-akordio horiei esker. Izan ere, orain arte hitzarmen asko egin izan dira hala eskatzen zuten fakultateekin, eta praktikak banaka kudeatu izan dira, eskatu ahala. Sinatutako esparru-hitzarmenek erraztu eta sinplifikatu egiten dute praktiken kudeaketa, areagotu egiten dituzte baliabideen gardentasuna, publizitatea eta eraginkortasuna, eta, horrekin batera, praktiken programan parte hartzen duten hiru alderdien eskubideak eta betebeharrak zehazten dituzte, hau da, unibertsitateenak, ikasleenak eta Bizkaiko Foru Aldundiarenak.

Orain arte garatutakoaren aldean badago berrikuntza bat: Foru Aldundiak laguntza-poltsa bat emango die unibertsitateei, guztira 80.000 euro, ikasleen artean banatzeko, praktikak egiteak eragiten dizkien gastuak konpentsatzearren. Diru kopuru horretatik 2 euro emango dira praktika akademikoetan egindako ordu bakoitzeko, edo, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten ikasleen kasuan, 2,33 euro orduko. Argitu beharra dago laguntza hori ez dela inola ere ordainsari edo soldata bat. Gainera, laguntza horren ordainketa dela eta unibertsitateek zerga betebeharrak beteko dituzte eta Aldundiak Gizarte Segurantzarekikoak beteko ditu.

Konpromisoak eta betebeharrak

Praktiken programaren helburua da unibertsitateek eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean jardutea ikasleen prestakuntzaren kalitatea hobetzeko. Horrela, ikasleek euren ikasketa planak osatu ahal izango dituzte, ikasitakoa modu praktikoan erabiliz Administrazio Publikoaren arloan, eta benetako lan esperientzia biziko dute euren prestakuntzaren etorkizuneko garapen profesionalari begira. Hala ere, praktika akademikoetatik ez da inoiz ere eratorriko lan-harreman bati dagokion betebeharrik, ez eta lanpostuetako lan-prestazioaren ordezkapenik ere. Era berean praktikak ez dira aintzat hartuko antzinatasunerako edo merezimenduetarako, praktikak egiten dituztenak noizbait Bizkaiko Foru Aldundiaren plantillan sartuz gero.

Gainera, esparru-hitzarmenei zenbait eranskin gehitu zaizkie, programan parte hartzen duten hiru alderdien betebeharrak eta konpromisoak xehetasunez azaltzen dituztenak. Hala, unibertsitateei dagokie, beste zeregin batzuen artean, ikasleak hautatzea, desgaitasuna duten ikasleei hautapenean lehentasuna ematea, praktikak egiten dituzten ikasleei jarraipena egin eta laguntza emango dien tutore bat izendatzea, eta Aldundiak ikasleei gastuak konpentsatzeko emandako laguntza-poltsa ordaintzea.

Aldundiak, bere aldetik, ikasle bakoitzari trebatzaile bat izendatuko dio, praktikak egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak eskura jarriko dizkio, jarraipen-txostenak egingo ditu, eta praktikaldia amaitutakoan ziurtagiri ofiziala egingo du.  Ikasleei dagokienez, esleitutako lanak eta hitzartutako ordutegia arretaz betetzeaz gainera, isilpean gorde beharko du Aldundiaren barruko informazioa, beste kontu batzuen artean.

Praktikak egiteko eskaera lehentasunez irailean eta urrian egingo da hurrengo urteko urtarriletik uztailera bitartean egiten diren praktiketarako, eta maiatzean eta ekainean, berriz, urte bereko irailean eta abenduan egiten diren praktiketarako.

Praktika akademikoen iraupena kasuan kasuko prestakuntza proiektuaren araberakoa izango da, eta bai ordutegiak bai lantokia finkatzerakoan kontuan hartuko dira praktikaren ezaugarriak eta Foru Aldundiaren ahalbideak.  Dena dela, foru erakundeak ahaleginak egingo ditu jasotzen diren eskaera guztiei erantzuteko. Lehentasuna emango zaie desgaitasunen bat duten ikasleei.

2013az geroztik 280 ikaslek egin dituzte praktikak

Azken bost urte hauetan, guztira, hainbat ikastegi eta unibertsitatetako 280 ikaslek osatu dute euren prestakuntza akademikoa Bizkaiko Foru Aldundian praktikaldia eginda. Zehazki, iaz 65 ikaslek egin zituzten praktikak, eta hauek izan ziren foru sail hartzaileak: Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa; Euskara eta Kultura; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala; Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak; Ogasuna eta Finantzak; Gizarte Ekintza; eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna.

Foru Aldundiak aukerak sortu nahi ditu gazteentzat, arreta berezia jarriz enpleguari, eta estrategia horren ildotik doa praktiken programa. Praktika akademikoek Bizkaiko gazteen prestakuntza hobetzen laguntzen dute, ikasleen trebakuntza osoa sustatzen dute ikaskuntzaren bitartez, bai maila teorikoan zein praktikoan, eta ikasketak amaitu eta gero lan merkatura sartzeko aukerak hobetzeko bidea ematen dute.

Era berean, praktiken programan parte hartzen duten gazteek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte foru sailetako lanbide profilak, eta ikasiko dute zer nolako lanak eta eginkizunak dauden Administrazio Publikoan eta, zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetan. Horrela, Foru Administrazioak lurraldeko herritarrentzat egiten dituen zerbitzuen eta betetzen dituen eginkizunen gaineko ezagutza zabaldu ahal izango da.


Bideoak


Audioak