2016(e)ko urriaren 20(a) 10:23

PRESTIK-EZKERRALDEA AZOKA PORTUGALETEN EGINGO DA ETA BERTAN IZANGO DIRA ENPLEGUAREN ALDE LAN EGITEN DUTEN ERAGILE NAGUSIAK

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Laespada: “Prestakuntza jaso duten eta gai diren lagun asko etsituta daude. Pertsona horiek aukera bat baino ez dute behar berriz martxan jartzeko”. Azoka gaur eta bihar egingo da EHUko Nautika Eskolan.

Prestik-Ezkerraldea azoka Portugaleteko Nautika Eskolan (EHU) egingo da, eta bertan izango dira enpleguaren alde lan egiten duten eragile nagusiak. Azokak bereziki Ezkerraldea eta Meatzaldea izango ditu ardatz, eremu horietan langabezia handia baita.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua den Teresa Laespada andreak inauguratu du gaur goizean topaketa. Inaugurazioan, foru diputatuak hauxe ekarri du gogora: prestakuntza jaso duten eta gai diren lagun asko etsituta daude eta aukera bat baino ez dute behar berriz martxan jartzeko.

Bestalde, EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordea den Maite Zelaia andreak eta Portugaleteko alkateak, Mikel Torres jaunak, ere hartu dute parte inaugurazioan. Ondoren, Valeriano Gómez Lan eta Immigrazio ministro ohiak enpleguari eta gazteei buruzko hitzaldia eman du. Biharko saioa hasteko, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toña jaunak, hitzaldia emango du.

Gaur goizean eskaini duen mintzaldian, Laespada diputatuak aditzera eman du aipatutako Bizkaiko eremu horietan jende askok krisi gehienen ondorio latzenak jasan behar izan dituztela eta kementsu eta indartsu egin dutela. Hemen, ia inor ez da kikiltzen zailtasunen aurrean eta, sarri askotan, aurrera egiteko aukera xume baten zain baino ez daude gehitu du.

Bestalde, diputatuak adierazi du azoka honetan bat egin dutela hainbat erakundek, enpresek, gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-eragilek, bai eta askotariko pertsonek ere… helburu bera dutelako: enplegua berpiztea.

Prestik-Ezkerraldea azoka Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatu eta finantzatu du, DEMA-Enpresa Garapenaren eskutik, sailaren Enplegurako eta Ekintzailetzarako Agentzia. Gainera, Bilboko Portuko Agintaritzaren eta BBKren babesa jaso du.

Azoka langabezian dauden pertsonei begira antolatu da, adina eta prestakuntza gorabehera. Hortaz, lan-merkatuaren aurrerapausoak galdu dituztenei nahiz enpleguaren alorrean zein berritasun dauden ezagutu nahi duten langileei zuzenduta dago. Enpresei dagokienez, Prestik-Ezkerraldea delakoan egongo dira eremuan eragin handiena duten eta enplegua sortzeko giltzarri diren zenbait enpresa.

Gaurko eta biharko egunetan, Prestik-Ezkerraldea azokan erakusketa-espazioak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak egongo dira, hain zuzen ere, enpleguari begira, esperientziatik eta lan-munduko eragileen proposamen nagusietatik jendea aktibatzea helburu dutenak. Azokak webgunea ere badu: www.prestik.net.

«Gu dagoeneko "Prestik" gaude, eta zu?» lelopean, enplegu-azoka hainbat alorrek langabeziaren aurkako borrokan egin dituzten esfortzuetatik sortu da, eta enpleguari lotutako Bizkaiko eragile guztientzako elkargunea eskaini nahi du, prestakuntza, enplegua eta ekintzailetzaren gaur egungo egoerari buruzko ezagutzak sortu eta zabaltze aldera.

Erakundeei dagokienez, berriz, azokan izango dira Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa-CEBEK, Euskadiko Lan Sozietatea-ASLE, Kooperatiben sustapenerako elkartea-Elkar Lan, Bizkaia Talent elkartea eta Euskal Herriko Itsas Foroa.

Horrez gain, prestakuntzari lotutako zenbait stand izango dira, besteak beste, elkarte hauek jarritakoak: Irakaskuntza Pribatuko Zentroen Elkartea-ACADE Euskadi, Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa-AICE/IZEA, Prestakuntza Enpresen Espainiako Konfederazioa-CECAP-Bizkaia, Euskadiko gizarte ekimeneko Lanbide Heziketako Zentroen Elkartea-HETEL, Lanbide Heziketako Zentro Publikoen Sarea-IKASLAN eta LHrako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa, TKNIKA.

Halaber, standak izango dituzte ADECCO, FVEM eta InfoEmpleo enplegu atariek. Horiek ez ezik, beste enpresa batzuk ere standak jarriko dituzte, hala nola ITP-Precicast, Bombardier, LantegiBatuak, Leroy Merlin, Ranzari eta Tecuni enpresek. Azkenik, erakusmahaien artean, zenbait unibertsitate ere ikusi ahal izango dira, besteak beste, Deustuko Unibertsitatea, Institute of Technology Europe-Digipen, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala-UNED, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea EHU. Tokiko Behargintzak ere han izango dira.

Hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak

Standen erakusketa osatzeko, Prestik-Ezkerraldearen aurtengo edizioak hitzaldi, erakustaldi eta tailerren programa prestatu du bere programa are erakargarriagoa izan dadin.

Hasteko, erakusketak egiteko gune zabala du eta bertan Ezkerraldeko eta Meatzaldeko izen handieneko Lanbide Heziketako zentroek irakasten dituzten heziketa-zikloen erakustaldiak egingo dituzte. Zehazki, Barakaldoko Nicolás Larburu LH zentroa, Muskizko Somorrostroko LH Zentroa, San José de Calasanz ikastetxea eta San Jorge Lanbide Heziketako Zentro Integratua (Santurtzikoak azken biak), Portugaleteko Repélega Goi Lanbide Heziketako Institutua eta Santurtziko Hezkuntza eta Garapenerako Nazioarteko Eskolak (EIDE) arituko dira han.


Argazkiak


Bideoak


Audioak