Sozietateen gaineko Zerga 2024
Uztailaren 1etik 28ra

Hasiera
Bizkaiko Foru Ogasunak aplikazio berri bat garatu du Bizkaiko Lurralde Historikoaren araudiaren mende dauden zergadunek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei dagokien Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioa egiteko eta aurkezteko.
Aplikazioa zergadun horien eskura dago Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.ebizkaia.eus). Bertara sartzeko zergadunek erakundearen ordezkariaren ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu beharko dute euren burua, edo, bestela, aldez aurretik Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatutako ordezkaritzaren bidez jardun beharko dute.

Aurreko ekitaldietan argitaratzen zen laguntza-programa ordezkatzen duen tresna berri honen helburuak, besteak beste, zergaren autolikidazioan jasotako informazioaren kalitatea hobetzea, erabilera praktikoagoa egiteko edukiak berrantolatzea eta bistaratzea eta erabilgarritasuna hobetzea dira. Hala ere, arreta berezia jarri da laguntza-programa zaharrak eskaintzen zituen funtzionalitate eta laguntza guztiak mantentzeko.
Nolanahi ere, laguntza-programak zergadunen eskura jarraituko du 2023ko eta aurreko ekitaldietako autolikidazioak egitea eta aurkeztea errazteko. Aurrerantzean ere autolikidazio horiek fitxategi-transmisioaren bidez egingo dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.ebizkaia.eus) egin beharreko bidezko izapidearen bidez.
Garatutako aplikazioak Sozietateen gaineko Zergari buruzko araudian 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako egindako aldaketa guztiak hartzen ditu barne. Aldaketa horiek, batez ere, tributu-neurriak onartzen dituen abenduaren 27ko 4/2024 Foru Arauan eta BATUZ sistemaren behin betiko ezarpena antolatzeko neurriak onartzen dituen azaroaren 22ko 8/2023 Foru Arauan daude.
2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako autolikidazioen aurkezpenaren berritasunei buruzko informazio guztia honako atala honetan dago eskuragarri:
2024ko Sozietateen gaineko Zergaren kanpainaren berritasunak
2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako Sozietateen gaineko Zergaren araudian egindako aldaketak tributu-neurriak onartzen dituen abenduaren 27ko 4/2004 Foru Arauaren bidez sartu ziren. Aldaketa horien artean honako hauek nabarmendu behar dira:
- Aitorpenarekin edo autolikidazioarekin baliatu behar diren aukeren araubidea malgutzea; horrela, aldatu egin daiteke borondatezko aitorpen-epea amaitu ondoren egindako aukera, betiere Zerga Administrazioak aldez aurretik errekerimendurik egin ez badu, borondatezko aitorpen-epea amaitu ondoren aldatu ezin diren aukera jakin batzuetarako dagoen muga ezabatuz.
- Higiezinen errentamendurako, sustapenerako eta salerosketarako jarduera ekonomikoaren kalifikazioa berrikustea, eskatzen den urteko batez besteko plantillaren betekizuna jarduera horien eta merkatuaren errealitatera egokituz, horrela enplegatuen kopurua bostetik hirura murriztuz.
- Ondare-sozietatearen kontzeptua berriz konfiguratzea, benetako ondare-izaera duten kasuetan aplikatzen dela bermatzeko, bai eta aplikazioan segurtasun juridikoa areagotzeko ere. Aldaketa honek eragina du, batez ere, erakunde operatiboen gerora sortutako ondare-izaera saihesteko arauaren aplikazioan, bai eta jarduera ekonomikoak egitetik datorren "in itinere" diruzaintza bezalako elementuak jarduera ekonomikoei atxikitzat kalifikatzean ere.
- I+G+b proiektuen finantzaketan parte hartzeagatiko kenkaria aldatzea, baita kulturarekin lotutako jarduera jakin batzuengatiko kenkaria ere. Ildo horretatik, beharrezkoa zen araudian ezarritako egutegiak egokitzea finantzaketa-kontratuak, bai eta ordainketak ere, formalizatu behar diren aldiak fiskalki pizgarrien xede den finantzaketa lor dezaketen jardueren garapenaren eta gauzatzearen errealitatearekin hobeto egokitzeko. Halaber, kenkari horien aplikazioa aldatzen da gutxieneko tributazio-arautik kanpo uzteko eta aplikatzen diren kuota likidoaren gaineko mugak handitzeko.
Foru Arau berean jasotako beste aldaketa aipagarri batzuek honako hauei eragiten diete: merkataritza-funtsari dagozkion doikuntzen itzulketa; dibidenduen eta zorro-gainbalioen zergapetze bikoitza kentzea; edo administrazioak onartutako aurretiazko balorazio-akordioen ondorioak hedatzea.
Beste alde batetik, azaroaren 22ko 8/2023 Foru Arauak, BATUZ sistemaren behin betiko ezarpena antolatzeko neurriak onartzen dituenak, zergadunak, zenbatekoak eta 2024. eta 2025. urteei dagozkien zergaldietan aplikatu beharreko konpentsazioaren zenbatekoa arautzen ditu.
2024ko Sozietateen gaineko Zerga aurkezteko epea eta modua
Sozietateen gaineko Zergari buruzko 11/2013 Foru Arauaren 126. artikuluarekin bat, zergaren aitorpena zergaldia amaitu ondorengo 6 hilabeteen ondorengo 25 egun naturalen barruan aurkeztu behar da. Hala ere, epe hori hasten den unean Ogasun eta Finantzetako diputatuak ez badu aurkezteko modua zehaztu, aitorpena aurkezteko modua zehazten duen xedapena indarrean jarri eta hurrengo 25 egunetan aurkeztuko da.
Horrela, 2024ko ekitaldiari dagokion zergaldia urte horretako abenduaren 31n, edo lehenago, amaitu duten erakundeek 2025eko uztailaren 1etik 28ra arteko tartean aurkeztu beharko dute autolikidazioa.
Aurkezpena telematikoki egingo da, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, 226/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Ogasun eta Finantzen foru diputatuarena, zeinaren bitartez arautzen baita nola aurkeztu behar diren 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako sozietateen gaineko zergaren autolikidazioak eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarenak (establezimendu iraunkorrak; errentak esleitzeko araubideko erakundeak, atzerrian eratu eta Bizkaiko Lurralde Historikoan ari direnak).
Web aplikazioa
Sozietateen gaineko Zergaren zergadunek, Bizkaiko Lurralde Historikoko araudia aplikatzen dutenek, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei dagokien autolikidazioa Bizkaiko Foru Ogasunak egoitza elektronikoan (www.ebizkaia.eus) euren eskura jartzen den aplikazioaren bidez egin eta aurkeztuko dute.
Aplikazio honek aurreko laguntza-programa ordezkatzen du, eta hainbat kontrol eskaintzen ditu autolikidazioak errazago egiteko. Kontrol horiek eremu jakin batzuk oker betetzea saihesten dute, eta, aldi berean, kalkuluak errazten dituzte zenbatekoak beste eremu batzuetan jasotakoen arabera zehazten direnetan. Horrela autolikidazioan eskatutako informazioa bikoiztea saihesten da, eta, aldi berean, autolikidazioan jasotzen den informazio horren kalitatea hobetzen da.
Autolikidazioa honela has daiteke:
- Hutsetik abiatuta: kasu honetan autolikidazioan eskatutako datu guzti-guztiak idatzi beharko dira.
- 2023ko ekitaldiko autolikidaziotik abiatuta: laguntza-programarekin gertatzen zen bezala, 2024ko ekitaldikoa hasteko 2023ko ekitaldiko autolikidazioan jasotako datu jakin batzuk berreskuratu ahal izango dira. Horretarako 2023ko ekitaldiko laguntza-programaren azken bertsioa deskargatu beharko da, Bizkaiko Foru Ogasunaren webgunean esteka honetan argitaratuta dagoena. Bertsio horrek fitxategi bat sortzeko aukera ematen du, aplikazioan inportatu ahal izateko.
- Fitxategiaren inportazioaren bidez: funtzio horrek zergadun jakin batzuek erabilitako inprimatze-modulu zaharra ordezten du, eta aukera ematen du autolikidazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoenaz bestelako aplikazio informatiko baten bidez egiteko eta, ondoren, azken aplikazio horretara inportatu eta aurkezpena egiteko.
Aplikazioak arau batzuk ditu, zergadunek jasotako informazioa zuzena eta egokia den ebaluatzeko. Arau horiek abisuak sor ditzakete, datu batzuk zuzenak diren egiaztatzeko berrikustea komeni dela adierazten dutenak, baina autolikidazioa aurkeztea eragozten ez dutenak. Beste kasu batzuetan arauek autolikidazioa aurkeztu ahal izateko zuzendu beharreko akatsak sor ditzakete.
Aplikazioaren funtzionamenduari buruzko informazioa
Aitortzailearen eta autolikidazioaren ezaugarriak
Aplikazioaren "Aitortzailearen eta autolikidazioaren ezaugarriak" izeneko atalean erabiltzaileak marka ditzakeen eta beste atal batzuen jarduteko modua zehaztuko duten eremu batzuk daude.

Aitortzailearen ezaugarrien atalaren kasu zehatzean, bateraezintasun batzuk ezartzen dira erakundearen forma juridikoaren (IFZren osaerak zehazten duena) eta haren izaera fiskalari edo aplikatzekoa den araubide fiskalari dagozkion marken artean, bai eta marken euren artean ere. Arau horien ondorioz marka jakin batzuk bakarrik hauta daitezke erakundearen forma juridikoa, IFZren osaeraren arabera, berariaz bat denean, edo, marka jakin bat hautatuta, ezin dira beste marka batzuk hautatu.
Aitortzailearen eta autolikidazioaren ezaugarriak
Koadro honetan IFZ batzuekin bateraezinak diren markak (X bat dutenak) eta euren artean bateraezinak diren markak agertzen dira:
Datuen inportazioa
Aplikazioak aukera ematen du autolikidazioaren hainbat ataletan agertzen diren zerrenda eta datu jakin batzuk programatik kanpoko edozein aplikaziotatik sortutako fitxategi batetik inportatzeko, betiere haren edukia zehaztapen jakin batzuetara egokitzen bada.
Bizkaiko araudia duten zergadunak
Bizkaiko Lurralde Historikoaren araudiari lotutako Sozietateen gaineko Zergaren zergadunek 2024ko ekitaldiari dagokion autolikidazioa Bizkaiko Foru Ogasunak garatutako aplikazioaren bidez egin eta aurkeztuko dute. Aplikazio horretara Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.ebizkaia.eus) sartu ahal izango dira esteka hauen bidez, banakako araubideko autolikidazioa bada edo zerga-baterakuntzako araubideko taldeko autolikidazioa bada:
Beste araudi batzuk dituzten zergadunak
Sozietateen gaineko Zergaren zergadunek, Arabako edo Gipuzkoako lurralde historikoetako araudiari edo lurralde erkideko araudiari lotuta badaude eta 2024ko ekitaldiari dagokion autolikidazioa Bizkaiko Foru Ogasunean aurkeztu behar badute, euren araudiari dagozkion aplikazio informatikoen bidez egingo dute autolikidazio hori, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.ebizkaia.eus) aurkeztuko dute.
- Fitxategi bat lortu beharko dute, Bizkaiko Foru Ogasunak eskura jartzen dizkien bihurgailu hauek erabiliz:
- Aurkezpena fitxategi hori transmitituz egingo dute, banakako araubideko aurkezpena edo zerga-baterakuntzako araubideko taldearen aurkezpenaren arabera dagokion Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren izapidean sartuz:
Identifikazioa eta ordezkaritza
Bizkaiko Foru Ogasunaren Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioa egiteko eta aurkezteko aplikaziora sartzeko beharrezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan identifikatzea. Identifikazio hori erakundearen ordezkariaren ziurtagiri elektroniko baten bidez egin behar da edo aldez aurretik Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatutako ordezkaritzaren bidez jardun behar da.
Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoari buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri:
Araudia eta kontsultei erantzutea
Harremanetarako
-
Sozietateen gaineko Zergaren kanpaina
Zergarekin lotutako kontsulta fiskalak.
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 8:30etik 13:30era
-
Gorabehera informatikoak
Gorabehera informatikoei buruzko kontsultak
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 7:30etik 16:00etara