2020KO EKITALDIKO SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN LAGUNTZA-PROGRAMAREN BERRIKUNTZAK

Kanpaina honen berritasunik handiena 2019ko kanpainan COVID-19aren krisiak eragindako egoera ekonomiko bereziaren ondoriozko ezohiko kenkari bat sortzearen ondorioa da. Kenkari hori enpresek jarduera ekonomikoa mantentzeko eta berreskuratzeko behar zituzten baliabideak lortzeko beharra arintzeko sortu zen eta jarduera eta errendimenduak nabarmen murriztu zituztela egiaztatu zuten zergadunei aukera eman zien zergaren kuota efektiboaren 100eko 60rainoko kopurua eskuratzeko maiatzaren 5eko 4/2020 Foru Aldundiaren lehen artikuluko Bat atalean zehaztutako helburuetarako. Helburu horiek hauek dira: 2020an sortuko ziren zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa, aktibo finko berrietan inbertsioak egitea, I+G+b proiektuak egitea edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 64.bis artikuluan aurreikusitakoaren babesean beste zergadun batzuek egindakoak finantzatzea, enplegu egonkorra sortzea edo mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan ekintzailetza sustatzea. Hori guztia hurrengo ekitaldian eginda, jarduneko kanpainan aitortzen dena.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak Sozietateen gaineko Zergaren 2020ko ekitaldiko autolikidazioa egiteko garatu duen laguntza-programak koadro bat du eta, bertan, aurreko kenkariaren onuradun izan ziren erakundeek justifikatu egin beharko dute baliabide horiek zertarako erabili dituzten, hain zuzen ere maiatzaren 5eko 4/2020 FDAren lehen artikuluaren Bat atalean jasotako termino eta baldintzen barruan. Lehenengo eta behin, zerga-oinarri negatiboak edo kenkari baliodunak sortu beharko dituzte eta, ondoren, helburu horretarako aplikatzeko aukera izango dute.

Artikulu bereko Bi atalean, eta 2020ko ekitaldian enplegua gehitze aldera, handitu egin zen enplegu egonkorra sortzeagatiko kenkariaren muga, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 66. artikuluan jasotakoa; muga hori 5.000 eurotik 7.500 eurora igaro da 2020an. Era berean, eta aldi horretarako, kenkari hori baldintzatzen duen gutxieneko soldata murriztu zen, dagokion lanbide arteko gutxieneko soldataren %170tik %150era.

Langileen kopurua eta soldataren zenbatekoa zenbatesteari dagokionez, enplegua sortzeagatiko kenkariarekin (sortzea eta mantentzea) eta erakundearen kalifikazioari eta gutxieneko tasaren ezarpenari eragiten dionarekin, urriaren 6ko 10/2020 Foru Aldundiaren 3. eta 4. artikuluek zenbaketak eta epeak malgutu dituzte, salbuespen moduan, 2020ko martxoaren 16tik abenduaren 31ra bitartean.

4/2020 FDA ren artikulu beraren Hiru atalak pertsona juridikoek 2020ko ekitaldian egindako ekintzailetza-jarduera sustatu nahi duen neurri bat ezarri zuen eta, horren bidez, sortu berriak edo berritzaileak diren mikroenpresetan edo enpresa txiki edo ertainetan inbertitzeagatiko kenkaria aplikatu behar zaie. Kenkari hori 2018an ezarri zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan. Halaber, egoeraren arabera eta ezohiko izaeraz, mikroenpresetako, enpresa txikietako edo enpresa ertainetako partaidetzak hartzea sartzen da kenkariaren aplikazio-eremuan, betiere startup edo enpresa berritzaileetako partaidetzetarako jada eskatzen diren antzeko beharkizunak betetzen badira.

Kenkari horiek inbertsioaren %10, %15 edo %20koak izan daitezke, inbertsioaren xede den erakundeak betetzen dituen baldintzen arabera, eta inbertsioaren gehieneko oinarria 100.000 €, 150.000 € eta 200.000 € izan daitezke, hurrenez hurren, eta 200.000 €, guztira. Araudi espezifikoak zehazten duenez, kenkari berri horrek errespetatu egin behar du Zergaren arauaren 67.1 artikuluan jasotzen den kuota likidoaren %35eko muga, eta programaren atal horretan –%35eko muga duten kenkarienean- sartu da kenkari berri hori.

Azkenik, 1. artikuluaren Lau atalean, 4/2020 FDA horrek berak amortizazio azeleratuko aparteko mekanismo bat sartu zuen 2020ko ekitaldian eskuratzen diren aktibo berrientzat; 11/2013 Foru Arauaren 21.2 artikuluaren antzeko mekanismo bat, baina enpresa ertainetara mugatu gabe, programan emaitza zuzentzeko beste aukera berria ematen duena.

Beste alde batetik, aurreko kanpainako programan aurreratu zen bezala, pizgarri fiskal iragankor bat ezarri da 2020an sistema informatiko bat ezartzearen kostua murrizteko. Sistema informatiko horrek ondasun-emateak eta zerbitzu-prestazioak dokumentatzen dituzten erregistroen trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatuko ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu bat izateak eskatzen dituen beharkizunak beteko ditu. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 122bis artikuluko baldintzak betetzen dituen sistema informatiko bat erabiltzera behartuta dauden zergadunek eskubidea dute kuota osoan 2020an egindako inbertsioen eta gastuen zenbatekoaren %30eko kenkaria izateko, betiere uztailaren 15eko 5/2020 Foru Arauak sartutako arau horren 25. xedapen iragankorrean ezarritako zehaztapenen eta mugen arabera.

Horrez gain, Kontseiluaren maiatzaren 29ko 2017/952 (EB) Zuzentarauaren arauak transkribatzen dituen Bizkaiko urtarrilaren 19ko 2/2021 FDA n xedatutakoaren arabera, asimetria hibridoak neutralizatzeko beharrezkoak diren doikuntza berriak ere sartu dira.

Europako Batzordearen 2019ko Erabaki baten ondorioz, kendu egin da Portu Agintaritzentzako Sozietateen gaineko Zergaren salbuespena eta horren ordez berariazko zerga-kenkari bat ezarri da, jarduera ekonomikotzat hartzen ez diren portu-zerbitzu eta -azpiegituretan inbertitutako zenbatekoaren baliokidea dena. Hori guztia Sozietateen gaineko Zergari buruzko 11/2013 Foru Araua aldatzen duen martxoaren 18ko 2/2020 Foru Arauan arautzen da. Kanpaina honetako laguntza-programak kenkari berri hori jasotzen du, zergaren arauaren 60bis artikuluan araututa dagoena eta berariaz Portu Agintaritzena dena.

Beste alde batetik, martxoaren 23ko 4/2021 FDA k, bere 3. artikuluan, 2021ean pizgarri fiskal iragankorra ezartzea aurreikusi du, pandemiak bereziki kaltetu dituen errentariei laguntzeko; pizgarri honek neurri eragingarriak ezarri nahi ditu negoziazio-jarduera gauzatzen duten lokaletako errentatzaileek alokairuen errenten beherapenak egin ditzaten. Zehatzago esanda, jarduera ekonomikoak egiten dituzten lokalen errentariek, 2021eko martxoaren 14tik aurrera 2021eko hilerokoei dagokien errentamendu-errentaren murrizketak adosten badituzte, murrizketa horiek gutxienez hiru hilabetez mantentzen badituzte eta geroago ez berreskuratzea erabakitzen badute, 2021eko errenten beherapen horiek gastutzat hartu ahal izango dituzte. Programak dagoeneko aurreikusi du kenkari hori aplikatzea, baina 2021eko errentetarako soilik izango da onargarria; beraz, doikuntza hori 2020ko abenduaren 31tik aurrera amaitzen diren zergaldietarako bakarrik kontsignatu ahal izango da. Pizgarri hori ondare-sozietateek ere egin dezakete.

Aldaketa horien guztien ondorioz aitorpen-ereduetan zenbait aldaketa egin dira, eta laguntza-programan zenbait kontrol garatu dira, posibleak diren partidak automatikoki kalkulatzeko eta kenkari berrien eskakizun eta muga batzuk kontrolatzeko norberaren autolikidazioa errazago egiteko eta partidak kalkulatzean, interpretatzean eta betetzean izandako akatsak minimizatzeko. Ildo horretatik, Sozietateen gaineko Zergaren laguntza-programan ohikoa den bezala, programa hori ahalik eta operatibo handienaz hornitzen da erabilera arintze aldera.