Aurkezpen telematikoak

Aurreko baldintzak

  • Aitortzaileak edo, hala badagokio, baimendutako aurkezleak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan izan beharko du identifikazio-baliabide baliagarriren bat.
  • Aurkezpena laguntza programak sortutako fitxategia bidaliz soilik egingo da.

Auto-likidazioa sortzea, bidali eta inprimatzeko

Bidaltzeko fitxategia aitorpen bat ireki eta agertzen den laguntza programaren “Aitorpenaren laburpena” izeneko pantaila nagusian, azpialdean dagoen “Interneterako fitxategia sortu” esaldiaren gainean dagoen ikonoan klikatuz sortuko da.

Hor klikatu ondoren, programak auto-likidazio osoa, karatula kenduta, inprimatuko du; karatularen ordez sortutako fitxategiaren xehetasunen informazio orria inprimatuko da (sortze data, tamaina, helbidea, eta izena), aitorlearen datuak (IFZ eta sozietatearen izena), auto-likidazioaren emaitza (zenbatekoa eta mota), helbideratzea, beteta, izatekotan, eta aurkezpen telematikoen ezaugarri nagusien laburpen-azalpena.

Aurkezpenaren frogagiria lortzea

Aurkezpenaren frogagiria, Foru Ogasunak elektronikoki zigilatuta, egoitza elektronikoko “Nire espedienteak” atalean lortu ahal izango da.

Dokumentazioa

Autolikidazioari nahitaez erantsi behar izan arren modu telematikoan bidaltzen ez diren agiriak HAMABOST EGUNEKO epealdian aurkeztu behar zaizkio Foru Ogasun eta Finantza Sailari, autolokidazioa aurkezten denetik aurrera zenbatzen hasita. Telematikoki bidali beharko da Bizkaiko egoitza elektronikoaren bidez, “Nire espedienteak” ataletik, sortutako espedientearen xehetasunetara sartuta eta “aurkezpenari atxikitako dokumentazioa” botoian sakatuta edo, bestela, “Zerga-dokumentazioa ematea” atalean.

Ordaintzeko modua

Autolikidazioaren emaitza dirua itzultzea bada, derrigorrezkoa izango da ordainketa bankuan helbideratzea. Baldintza hori ezingo da ezeztatu eta ondorengoak bete beharko ditu:

  1. Bizkaiko Foru Ogasunak IBAN kodearen titulartasuna ezagutzea.
  2. IBAN kodearen titularra aurkeztutako aitorpenaren aitortzailea izan behar da.

Autolikidazioaren emaitza dirua sartu beharra bada, zergadunak banku-helbideratze bidez edo ordainketa gutunaren bidez egin ahalko du ordainketa.

Autolikidazioaren emaitza banku-helbideratze bidez dirua sartu beharra bada, lehenengo zenbakian adierazitako bi baldintzak betetzeaz gain, hautatutako finantza erakundea Bizkaiko Foru Ogasunaren zerga-bilketako laguntzailea izan beharko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ordainketa Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden gainerako bitartekoen bidez egin ahal izango da.

Aurkezpen epea

2020eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako Sozietateen gaineko Zergaren (Bizkaiko Lurralde Historikoan ari diren atzerrian eratutako errenta-eratxikipenaren araubideko erakundeak) eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (establezimendu iraunkorrak) autolikidazio telematikoak (positiboak, negatiboak zein itzulketarako eskubidea ematen dutenak) zergaldia amaitu eta sei hilabete pasatu ondoko egutegiko hogeita bost egunetan aurkeztu behar dira, eta zorra ere epealdi horretan sartu behar da. Hala ere, epealdi hori Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak zergaldi horretako autolikidazioa aurkezteko modua zehaztu aurretik hasten bada, autolikidazioa aurkezteko modua zehazten duen xedapena indarrean jarri ondoko egutegiko hogeita bost egunetan aurkeztu behar da, bai eta zorra ordaindu ere, egonez gero.

Nola aurkeztu aitorpena telematikoki

200 eta 220 ereduei dagokien autolikidazioa telematikoki aurkezteko prozeduran, aitortzailea edo ordezkaria, kasuan kasu, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikora sartuko da (www.ebizkaia.eus/eu/inicio), eta urrats hauek egingo ditu:

  1. Aitortzaileak edo, kasuan kasu, ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikatzeko eta sinatzeko sistemen bat eduki beharko du.
  2. Izapideen bilatzailean “Sozietate aurkeztea” idatziko du, eta, horrela, “Sozietateena aurkeztea” edo “Sozietateena aurkeztea-taldeak” prozedurara sartuko da. Bertan, “Izapidetu” sakatuko du aukeratu nahi duen ereduan.
  3. Autolikidazioaren fitxategia hautatu; fitxategiaren izena honelakoa izan behar da: lehen 8 karaktereak aitortzailearen IFZarenak izan behar dira eta luzapena .200 modelo arrunterako eta .220 zerga-taldeetarako.
  4. Ogasun eta Finantza Sailera bidaliko du hautatutako fitxategia.
  5. Aurkezpena ondo bidali bada, Ogasun eta Finantza Sailak aurkeztutako autolikidazioaren behin betiko laburpena itzuliko du pantailan.
  6. Autolikidazioaren ezaugarrien ondorioz frogagiriak bidali behar badira, aitortzaileak edo ordezkariak honela erantsi ahal izango ditu (horrez gain, nahi duten beste edozein dokumentazio aurkeztu ahal izango dute): “Nire espedienteak” atalera sartu, eta sortutako espedientearen xehetasunera jo. Orduan, “Aurkezpenari erantsitako dokumentazioa” estekan sakatu eta zenbait dokumentu hautatu daitezke. Prozesua amaitzeko, “Bidali” sakatu.

Sistemak luzapen hauek dituzten dokumentuak onartuko ditu. pdf, tiff, jpg, png, gif, jpe, jpeg eta jfif.

Bidali behar diren dokumentuek 8 MB-ko tamaina edo txikiagoa izan beharko dute. Erantsi beharreko informazioak muga hori gainditzen badu, banatuta bidali beharko da, aipatutako muga kontuan hartuta.