EZOHIKO ZERGA-NEURRIAK BIZKAIKO EKONOMIAN COVID-19K IZANGO DUEN ERAGINARI AURRE EGITEKO

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat zerga-neurri onetsi ditu Bizkaiko pertsonen likidezia hobetzeko, bereziki mikroenpresei, enpresa txikiei eta autonomoei dagokienez, ekonomiaren sektore ahulenetan eragin ekonomiko negatibo handiagoa prebenitzeko eta zergadunen eskubideak bermatzeko.

Era berean, tributu nagusien araudi zehatzean ezarritako epe jakin batzuk aldi baterako malgutzeko neurriak ezarri dira, epeok betetzea oso zaila izan baitaiteke, egungo konfinamendu-egoeraren eta gerora aurreikusten den krisialdi ekonomikoaren zioz. Neurri horiek iragankorrak dira eta eragin egingo diete osasun-larrialdiko egoerak eta/edo horren osteko krisialdi ekonomikoak epeak betetzea eragotz dezaketen kasuei.

Euste-neurri horiek guztiak hartu ondoren, bigarren fasean garrantzitsuagoa da neurri zehatzak aztertzea eta hartzea, behin osasun-larrialdiaren esparruan hartutako konfinamendu-neurriak eta jarduera ekonomikoa geldiaraztekoak kenduta edo gutxituta, bermatzeko ekonomia suspertzeko prozesua ahalik eta azkarren eta intentsitaterik handienarekin egingo dela.

Ildo horretan, aldi baterako bi eszenatoki identifikatzen dira, hasiera batean, presako neurriak hartu behar baitira 2020. urtea amaitzeko falta diren hilabeteetan zenbait jarduera egin daitezen sustatzeko, Bizkaia Aurrera! planaren bidez, eta, bigarren fase batean, egokia litzatekeelako ikuspegi estrukturalagoa duten beste neurri batzuk hartzea, 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean jarriko liratekeenak, ekonomia suspertzeko prozesuak Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Egiten planean ezarritako lerro estrategikoekin bat egiten duela bermatzeko.

Hartu diren neurri horiek xedapen hauetan daude jasota:

  • 1/2020 Foru Dekretu Arauemailea, martxoaren 17koa, COVID-19ren ondoriozko premiazko zerga-neurriei buruzkoa.
  • 3/2020 Foru Dekretu Arauemailea, apirilaren 28a, COVID-19aren ondoriozko ezohiko tributu-neurri osagarriei buruzkoa.
  • 4/2020 Foru Dekretu Arauemailea, maiatzaren 5(e)koa, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ostean ekonomia suspertzeko koiunturazko tributu-neurriei buruzkoa.
  • 5/2020 Foru Dekretu Arauemailea, maiatzaren 5ekoa. Honen bidez, presazko neurriak hartzen dira balio erantsiaren gaineko zergan eta zerga berezietan, COVID-19ri aurre egiteko.
  • 663/2020 Foru Agindua, martxoaren 18koa, Ogasun eta Finantzen foru diputatuarena; honen bidez makina edo aparatu automatikoak ustiatuz Jokoaren gaineko Zergarako eta horri dagokion errekargurako salbuespenezko ordainketa geroratzea ezartzen da.
  • 685/2020 Foru Agindua, martxoaren 26koa, Ogasun eta Finantzen foru diputatuarena; honen bidez Foru-Agindu hauek aldatzen dira: batetik, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuaren martxoaren 5eko 541/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez pertsona fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2019ko zergaldiko autolikidaziorako 100 eredua onesten den, bai eta eredu horren aurkezpen telematikoa egiteko prozedura ere. Eta, bestetik, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuaren martxoaren 5eko 540/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez Ondarearen gaineko Zergaren 2019ko zergaldiko autolikidaziorako 714 eredua onesten den, bai eta eredu horren aurkezpen telematikoa egiteko prozedura ere.
  • 707/2020 Foru Agindua, apirilaren 1ekoa, Ogasun eta Finantzen foru diputatuarena; honen bidez, COVID-19 osasun-larrialdiaren ondorioz jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoentzako, mikroenpresentzako eta enpresa txikientzako autolikidazioak edo aitorpenak aurkezteko epea zabaltzen da.
  • 716/2020 Foru Agindua, apirilaren 1(e)koa, Ogasun eta Finantzen foru diputatuarena; honen bidez, jakinarazpen telematikoen salbuespenezko arauak ezartzen dira COVID-19ren ondoriozko premiazko zerga-neurriei buruzko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako premiazko neurriak aplikatzeko.
  • 727/2020 Foru Agindua, apirilaren 3(e)koa, Ogasun eta Finantzen foru diputatuarena; honen bidez, Ogasuneko zuzendari nagusiari eskuordetzen zaio COVID-19 koronabirusaren aurka borrokatzeko hartutako neurriek eragindako ondorio ekonomiko negatiboen eraginpean dauden enpresekin sinatutako hitzarmen berezien aldaketa baimentzeko eskumena.
  • Ogasun eta Finantzen foru diputatuaren 749/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa. Honen bidez, tributu-administrazioak egiten dituen zenbait likidazioren borondatezko epea luzatzen da, COVID-19 birusak eragindako osasun-larrialdiaren egoeraren ondorioz.
  • Ogasun eta Finantzen foru diputatuaren 810/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa. Honen bidez, nekazariek eta abeltzainek gasolioa erosteagatik jasan dituzten hidrokarburoen gaineko zergaren kuoten itzulketa partzialerako eskaera aurkezteko epea aldatzen da, 2020rako.
  • Ogasun eta Finantzen foru diputatuaren 870/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 7koa, zeinaren bidez 2020ko apirileko kuotaren muga-eguna atzeratzen baita indarreko gerorapen eta zatikapen jakin batzuetan.
  • Ogasuna eta Finantzen foru-diputatuaren 992/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, zeinaren bidez baimena ematen baita banku-helbideratze batzuk Zerga-bilketari buruzko Erregelamenduaren 17.1 artikuluan ezarritakoaz bestelako data batean zorduntzeko kontuan.
  • 2/2020 Instrukzioa, martxoaren 23koa, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiarena, COVID-19ren ondoriozko premiazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemaileari buruzkoa.
  • 3/2020 Instrukzioa, apilaren 3(e)koa, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiarena, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiari dagokionez hartutako premiazko zerga-neurriei buruzkoa.

EKONOMIA SUSPERTZEKO NEURRIAK

  1. Sozietateen gaineko zergaren kuota efektiboaren ezohiko kenkaria, 2019ko zergaldian, suspertze ekonomikoa sustatzeko.

    Ezohiko kreditu fiskal bat ezarri da sozietateen gaineko zergan, 2919ko ekitaldiko aitorpenari dagokionez ordaindu beharreko zenbatekoaren kargura. Baldintza hauek betetzen dituzten zergadunek aplikatu ahal izango dute:

    • 2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egitea eta ez izatea ondare-sozietatea.
    • Ez tributatzea zerga-baterakuntzaren araubide berezian.

    COVID-19aren ondorioz beren jarduna nabarmen murriztuta izatea; jarduna nabarmen murriztu dela jotzeko, bi irizpide hauek bete behar dira:

    • 2020. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumena gutxienez izatea 100eko 25 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumenarekin alderatuta.
    • 2019ko ekitaldian zehar kontabilitate-emaitza positiboa izatea, eta 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion kontabilitate-emaitza gutxienez izatea 100eko 50 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko kontabilitate-emaitzarekin alderatuta.
    • 2020ko eta 2021eko ekitaldietan zehar ez banatzea etekinik, ez eta erreserbarik ere, eta ez erabakitzea beren funts propioak murriztea bazkideei ondasun edo eskubideak emanez.

    Zergadunek aukera izango dute ez ordaintzeko 2019ko sozietateen gaineko zerga dela-eta dagokien kuota efektiboaren 100eko 60, baina diru hori helburu hauetakoren baterako erabili beharko dute 2020ko ekitaldia amaitu baino lehen:

    • 2020ko ekitaldian izandako galerak konpentsatzeko.
    • Aktibo ez korronte berrietan inbertitzeko.
    • Ikerketako eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egiteko.
    • Beste zergadun batzuen I+G+b-ko proiektuak 62 bis artikuluko prozeduraren bidez finantzatzeko.
    • Enplegua sortzeko
    • Mikroenpresen edo enpresa txiki edo ertainen akzioetan edo partaidetzetan inbertitzeko.
  2. Ezohiko amortizazio bizkortua, 2020ko abenduaren 31ra arte eskuratutako aktibo berriei dagokienez.

    Fiskalki amortizazio bizkortua egiteko eskubidea aitortzen da foru-dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte zergadunek eskuratzen dituzten aktibo berrietarako (haien zenbateko arruntaren % 150). Xedea da haien jarduera ekonomikoa suspertzeko behar dituzten inbertsioak egiteko laguntza ematea.

  3. Enplegua sortzeagatiko kenkari gehitua.

    2020ko ekitaldian zehar, malgutu eta gehitu egin da sozietateen gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aplikatu ahal den enplegua sortzeagatiko kenkariaren zenbatekoa, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen kasuan, honela:

    • Kontratu bakoitzeko aplikatu daitekeen kenkariaren zenbatekoa ez da aldatu –langilearen soldataren % 25 da–, baina 5.000 eurotik 7.500 eurora igotzen da egindako kontratu bakoitzeko aplikatu daitekeen kenkariaren muga.
    • Kontratu bakoitzaren gutxieneko soldatari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 150 izan beharko da, gutxienez (orain arte % 170etik gorakoa izatea eskatzen zen); beraz, urteko soldata gordinak 19.950 eurotik gorakoa izan behar du.
  4. Mikroenpresa eta enpresa txiki edo ertainetan inbertitzeagatiko ezohiko kenkaria.

    2020ko ekitaldian, ezohiko kenkari bat ezarri da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (2018ko aldaketan ezarri zenaren ordezkoa) eta sozietateen gaineko zergan (berria), mikoenpresetan eta enpresa txiki edo ertainetan akzioak edo partaidetzak eskuratzeko egiten diren inbertsioengatik, betiere zenbait baldintza betetzen badira partaidetza-ehunekoari, sozietatearen jarduerari eta izaera juridikoari dagokienez. Helburua da ekintzailetza sustatzea, enpresa horiek enpresa-egituraren alderdirik ahulenetako bat baitira. Hauek dira kenkariaren zenbatekoak, kasu bakoitzaren arabera:

    • Inbertsioaren 100eko 10eko kenkaria, mikroenpresa, enpresa txiki edo ertainetan egindako inbertsioengatik, eta gehieneko oinarria 100.000 euro da.
    • Inbertsioaren 100eko 15eko kenkaria, mikroenpresa, enpresa txiki edo ertain berrietan edo sortu berrietan egindako inbertsioengatik, eta gehieneko oinarria 150.000 euro da.
    • Inbertsioaren 100eko 20ko kenkaria, mikroenpresa, enpresa txiki edo ertain berritzaileetan egindako inbertsioengatik, eta gehieneko oinarria 200.000 euro da.

    Akzio edo partaidetzak zergadunaren ondarean mantendu behar dira gutxienez 5 urtez, eskuratu direnetik.

  5. Ohiko etxebizitzan berritze-obrak egiteagatiko kenkaria (Renove Etxea plana).

    Ohiko etxebizitzan berritze-lanak egiteko ordaindu diren kopuruen 100eko 10 deduzitu ahal izango da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osotik (kenkariaren gehieneko oinarria 15.000 euro da), obra horiek foru-dekretu arauemailea indarrean jartzen denetik 2020 abenduaren 31ra bitartean egiten badira, eta baldintza hauek betetzen badira:

    • Etxebizitzak gutxienez 10 urteko antzinatasuna izan behar du.
    • Egindako lanek obraren udal lizentzia izan behar dute.
    • Obren exekuzio materialaren aurrekontua 3.000 euro izan behar da gutxienez.
  6. Tokiko merkataritzaren digitalizazioa sustatzeko kenkaria.

    Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek beren merkaturatze- eta saltze-prozesuetan erreminta digitalak sartzeko 2020ko ekitaldian erabiltzen dituzten zenbatekoen 100eko 10 deduzitu ahal izango dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Kenkariaren muga 300 euro izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako tokiko merkataritzaren digitalizazio-planaren esparruan sartzen da neurri hau.

  7. 2020an aldi baterako lehentasunezkotzat jotako mezenasgo-jarduerak.

    Azkenik, 2020an, lehentasunezko mezenasgo-jardueren kasu berri batzuk onartu dira. Hala, eskubidea sortzen da zenbatekoaren % 45eko dedukzioa izateko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan edo sozietateen gaineko zergan ekarpen-egileak ordaintzen duen kuotan, betiere kasu hauetan:

    • COVID-19aren kontrako borrokara bideratutako ikerkuntza zientifikoko jarduerak.

    Kultur zabalkundearen arloan, arte eszenikoetako eta musikako langile-kolektiboen aldeko ekarpenak; zehazki, elkarte hauen alde egindakoak:

    • MIE Musika Industrien Elkartea.
    • ARTEKALE. Kale Arteen Elkartea.
    • KARRASKAN. Kulturaren berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko elkartea.
    • ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea.
    • ESKENA. Ekoizle eszenikoen elkartea.
    • HARROBIA. Ekoizpen eszenikoan berrikuntza sustatzeko elkartea.
    • IPAR ESZENA BIDEA. Interes ekonomikoko elkartea.

    Kirolaren arloan, honako hauei ordaindu zaizkien donazioak eta federazio-lizentzien edo eskola-kuoten % 25: EAEko kirol-federazioak, zeinak araututa baitaude Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan, eta haiei atxikitako erakundeak, kirol federatu ez-profesionalari eta eskola-kirolari dagokienez.

Talka-neurriak

  1. Aitorpena egiteko epeak luzatzea.

    2020ko ekainaren 1era arte luzatzen dira autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko borondatezko epeak, pertsona fisikoei, errenta-esleipen araubideko erakundeei (salbu eta telematikoki aurkezteko betebeharra badute eta kide guztiak pertsona juridikoak badira), mikroenpresei eta enpresa txikiei dagozkienak, epe horiek data hori baino lehen amaitzen direnean.

    Gainerako erakundeentzat, berriz, apirilaren 14ra arte luzatuko dira martxoan aurkeztu beharreko autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko borondatezko epeak.

  2. Administrazioak egiten dituen likidazioak ordaintzeko borondatezko epea luzatzea

    Zergadun guztientzat luzatuko da 2020ko ekainaren 1era arte (egun hori barne) zerga-administrazioak eginiko likidazioen ondoriozko zerga-zorrak borondatezko epean ordaintzeko epea, baldin eta epe hori 2020ko martxoaren 16aren eta data horren artean amaitzen bada (arau orokorrak ezarritako epea luzeagoa ez bada, kasu horretan luzeena aplikatuko baita).

    Epearen luzapena ez zaie aplikatuko aldizkako epemugadun zorren likidazioei.

  3. Zergen ordainketa geroratzea.

    Salbuespen moduan langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga-zorrak atzeratzea onetsi da. 2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea amaitzen zaien zorrak bermerik gabe eta berandutze-interesik sortu gabe geroratu ahal izango dira. Zor horien ordainketa hiru hilabetez etengo da, borondatezko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta ordutik aurrera zenbateko bereko hileko sei kuotatan sartuko da.

    Salbuespenezko geroratze horri heldu ahal izango diote, halaber, autonomoek eta enpresa txikiek eta mikroenpresek, Administrazioak likidatutako zerga-zorrei dagokienez, baldin eta borondatez ordaintzeko epea 2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean amaitzen bada. Zor horiek aurreko atalean adierazitako moduan ordainduko dira.

    Beste alde batetik, apirilaren 11ko 920/1997 Foru Aginduaren helbideratze-sistemari atxikitako zergadunei makinak edo aparatu automatikoak ustiatuz Jokoaren gaineko Zergaren lehen hiruhilekoari dagokion zenbatekoa 2020ko urriaren 25ean zordunduko zaie, martxoaren 25aren ordez.

  4. Indarrean dauden atzerapenak.

    Hilabete atzeratu da emandako geroratzeen barruan martxoari dagokion epearen ordainketa. Horrela, Ogasunak ez ditu epemuga horiek martxoaren 25ean kobratuko eta, era berean, hilabete bat atzeratuko ditu gainerako epemugak. Neurri horrek ez du berandutze-interesen sortzapena ekarriko.

  5. Langile autonomoen lehen eta bigarren hiruhilekoko PFEZaren zatikako ordainketak ezabatzea.

    Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez dira behartuta egongo 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkien PFEZaren ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera. Neurri horrek 35.000 zergadun ingururi egiten die mesede zuzenean, eta konturako bi ordainketa horietan 40 milioi euro inguru ingresatzen dituzte Ogasunean.

  6. Berrikuntza, jarduera ekonomikoaren finantzaketa eta ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsak.

    • Alde batetik, urte batetik bi urtera handitu da berrikuntza bultzatzeko Europako funtsek eman ditzaketen maileguen gehieneko gabealdia.
    • Gainera, urtebete luzatuko da berrikuntza bultzatzeko Europako funtsek, jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsek eta ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsek duten gehieneko epea, partaideetatik eskuratzen dituzten funtsak kasuan-kasuan legez ezarritako helburuetara bideratzeko.
  7. Ohiko etxebizitzaren tratamendua Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan.

    Beste alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren esparruan, ohiko etxebizitzaren tratamenduari lotutako epe jakin batzuk ere luzatu dira.

    Zehazki, ondoko epeak luzatu dira:

    • Etxebizitza-kontuen epea, urtebete (6 urtetik 7ra igaro da).
    • Zergaren araudiak lanak amaitzeko ematen duen epea, urtebete, eraikitzen ari den ohiko etxebizitza erosten den kasuetan (4 urtetik 5 urtera igaro da);
    • Berrinbertitzeko epea, urtebete, ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespena aplikatzen den kasuetan (2 urtetik 3 urtera igaro da).
    • Ohiko etxebizitza benetan eta modu iraunkorrean okupatzeko ezarritako gehieneko epea, sei hilabete (12 hilabetetik 18 hilabetera igaro da).
  8. Sozietateen gaineko zergaren esparruan, berrinbertitzeko eta inbertsioak gauzatzeko epeak luzatzea

    • Sozietateen gaineko zergari dagokionez, zergadunek balia dezaketen berrinbertitzeko epea urtebete luzatu da, aparteko mozkinen berrinbertsioagatiko salbuespenari heltzen diotenean (3 urtetik 4 urtera igaro da).
    • Era berean, hiru urtetik lau urtera luzatu da ekoizpen-jarduera sustatzeko erreserba bereziaren saldoa xede horretarako erabiltzeko gehieneko epea.

    Era berean, ondoko epeak luzatu dira:

    • Aurretiazko berrinbertsioa edo kenkaria gauzatu den aktiboak berrinbertitzeko eta birjartzeko epeak, sei hilabete, aktibo horiek legez eskatutako edukitze-aldiaren barruan eskualdatzen direnean;
    • Eta amortizazio-askatasuna edo amortizazio bizkortua balia dezaketen mikroenpresek, enpresa txikiek eta enpresa ertainek eskatutako aktibo berriak entregatzeko epea, hamabi hilabete.
  9. 64.bis artikulua baliatzeko epeak malgutzea.

    Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 64 bis artikuluak jasotzen duen ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzeari dagokionez:

    • Finantzaketa-kontratu berriak formalizatu ahal izateko epeak luzatu egin dira (proiektuak gauzatzen direneko lehen bederatzi hilabeteen barruan sinatzea ahalbideturik; edo 2020ko lehen bederatzi hilabeteen barruan, hasita dauden urte anitzeko proiektuak badira);
    • Dagoeneko sinatuta dauden kontratuak aldatzeko baimena ematen da, ordainketen eta gastu eta inbertsioen egutegiak doitu ahal izateko;
    • Eta, salbuespen gisa, finantzatzaile batzuen ordez, beste batzuk subrogatzea ahalbidetu da, ekitaldiko lehen bederatzi hilabeteen barruan.
  10. Mailegu-berritzeetan, egintza juridiko dokumentatuetatik salbuestea , egungo egoerara egokitzeko.

    Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari dagokionez:

    • COVID-19aren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko ezohiko presazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren arrimuan egiten diren mailegu-berritzeen formalizazio-eskriturak salbuetsi dira.
    • Eta ohiko etxebizitza okupatzeko nahiz lokalak etxebizitza bihurtzeko epeak luzatu dira,% 2,5eko tasa murriztuari heldu ahal izateko.
  11. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Ondarearen gaineko Zerga aitortzeko borondatezko epea luzatzea.

    Ez da aldaketarik egon eta maiatzaren 4a izango da 2019ko ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Ondarearen gaineko Zerga aitortzeko borondatezko aldiaren hasiera-eguna, egun horretatik aurrera PFEZ itzultzeko eskaerei erantzun ahal izateko.

    Hala ere, irekita uzten da bi zergak aitortzeko borondatezko epearen amaiera-data, harik eta Bizkaiko Foru Ogasunaren bulegoetan eta finantza-erakunde laguntzaileen bulegoetan aurrez aurreko arreta-zerbitzuak eman ahal diren unetik gutxienez bi hilabete igaro arte.

    Horrenbestez, aitorpenaren ondorioz Ogasunari dirua ordaindu behar diotenek ordainketa hori egiteko epealdia luzatu da, helbideratzeak ez baitira prozesatuko da aitorpena aurkezteko epealdiko azken egunera arte. Nahi dutenek arinago egin dezakete aitorpenaren ondoriozko ordainketa, baldin eta aitorpena aurkeztean ordainketa-gutunaren bidez ordaintzea hautatzen badute. Ordainketa bi modutan egin ahal izango dute: nork bere finantza-entitatean edo Foru Ogasunaren BizkaiBai bulego birtualeko ordainketa-pasabidearen bitartez.

  12. Mikroenpresei eta enpresa txikiei 2019ko Sozietateen gaineko Zerga aitortzeko borondatezko epea luzatzea.

    COVID-19aren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko ezohiko presazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 40. artikuluan xedatutakoaren ondorioz, urteko kontuak zergaldia amaitu eta hurrengo 6 hilabeteen ostean onartzen dituzten mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko borondatezko epea luzatu da, kontuak onartzen dituzten hilaren ondokoaren 25. egunera arte.

  13. Ofizioz hasi beharreko prozeduren hasiera etetea.

    Ekainaren 1era arte etengo da ofizioz egin beharreko zerga-prozeduren hasiera, prozedura hori 2020ko martxoaren 16tik aurrera hasi behar zen kasuetan. Besteak beste, atzerapen horrek ez die eragingo zehapen-prozedurei, ofiziozko konpentsazioei eta enbargoei, ezta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren likidazio-proposamenei ere.

    Zehatzago esanda, etete horrek ez du eraginik izango Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ofizioz itzultzeko edo kuantifikatzeko prozeduraren hasieran, 2020ko maiatzaren 4tik aurrera 2019ko ekitaldiari dagozkion itzulketei aurre egin ahal izateko.

  14. Alderdi batek eskatuta hasi behar diren prozedurak hasteko epeak luzatzea.

    Ekainaren 1era arte luzatzen da errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkezteko epeen hasiera, bai eta zergapekoak eskatuta hasi beharreko zerga-arloko beste edozein jarduketa egiteko epeen hasiera ere, baldin eta ez bada derrigorrezkoa telematikoki aurkeztea.

    2020ko martxoaren 16an hasitako epeen zenbaketa eten egiten da 2020ko ekainaren 1era arte.

  15. Zerga-prozeduren izapidetzea etetea.

    2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean gertatzen diren prozedurak geldiarazteko aldiak justifikatutako etenalditzat edo Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatiko atzerapentzat joko dira.

  16. Errekerimenduei erantzuteko epeak eta entzunaldi- eta alegazio-izapideen epeak etetea.

    2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean etengo dira zerga-arloan garrantzia duten dokumentuak, aurrekariak edo informazioa aurkezteko banakako errekerimenduei erantzuteko epeak, bai eta alegazio- eta entzunaldi-izapideetan alegazioak egiteko epeak ere.

  17. Premiamendu-probidentzien jakinarazpena aldi baterako etetea.

    Ekainaren 1era arte atzeratu da betearazpen-aldian sartzen diren zorren premiamendu-prozeduren hasiera, berandutze-interesik sortu gabe.

  18. Urtebete atzeratzen da Batuz-en ezarpena.

    Jarduera ekonomikoen kontrol integralerako eta zergadunari laguntzeko Batuz sistemaren derrigorrezko ezarpena 2022ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da.

    Batuz norberaren borondatez erabiltzen hasteari dagokionez, hasiera baten data hori 2020ko uztailaren 1erako zegoen ezarrita eta hiru hilabetez atzeratuko da, 2020ko urriaren 1era arte.

    2022ra arte geroratzeak berekin dakar, halaber, zergadunei Batuz ezartzeagatik eragindako gastu guztietarako kenkariak aplikatu ahal izateko epea handitzea. Gastutzat hartzeaz gain, zerga-oinarria murriztuz, 2020an eta 2021ean egindako gastuen % 30eko murrizketa aplikatu ahal izango dute PFEZaren edo Sozietateen gaineko Zergaren kuotan. Lehen 2020an egindako gastuak baino ez ziren zenbatzen.

  19. Borondatezko jakinarazpen telematikoko salbuespenezko sistema bat ezartzea.

    Aldez aurretik jakinarazpen telematikoaren sistemari atxikita ez dauden zergadunentzat borondatezko jakinarazpen telematikoko salbuespenezko sistema bat ezartzen da, agintari eskudunek ezarritako mugimenduen murrizketen eta konfinamenduen ondoriozko oztopoei aurre egiteko.

    Sistema horretan, zergadunek 2020ko ekainaren 1a baino lehen telematikoki jakinarazitako egintzen edukia eskuratzen badute, egintza horiek 2020ko ekainaren 1ean jakinarazitzat joko dira. Zergadunek telematikoki jakinarazitako egintzen edukia eskuratzen ez badute, egintza horiek berriz ere bide ez-telematikoz jakinaraziko dira 2020ko ekainaren 1etik aurrera.

  20. Konkurtsoan dauden enpresekin sinatutako hitzarmen bereziak egokitu ahal izateko beharrezkoak diren izapideak arintzea.

    Ogasun eta Finantzen foru diputatuak Ogasuneko zuzendari nagusiari eskuordetu dio konkurtsoan dauden enpresekin sinatutako hitzarmen bereziak aldatzeko eskumena, baldin eta enpresa horiek egiaztatzen badute COVID-19k eragindako osasun-larrialdiaren ondorio ekonomikoek eragotzi egiten dietela hitzarmen horiek betetzea, aldaketa horiek ahalik eta azkarren egiteko.

  21. Nekazaritzarako gasolioaren ondoriozko kuotak itzultzeko eskaera-epea atzeratzea

    Atzeratu egin da nekazariek eta abeltzainek gasolioa erosteagatik jasan dituzten hidrokarburoen gaineko zergaren kuoten itzulketa partzialerako eskaera aurkezteko epea, 2020rako. Eskaerak 2020ko irailaren 14tik urriaren 30era bitartean aurkeztu beharko dira, ENBetan eta Gertu bulegoetan. Aldundiak ez du aldatuko itzulketak egiteko data, abendua, eta bizkortu egingo da eskabideen izapidetza.

  22. Zordun handien zerrenda argitaratzeko epea aldatzea.

    Ogasun eta Finantzen foru diputatuari ahalmena eman zaio Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren 94 ter artikuluan jasotzen diren zordunen zerrendaren argitaratze-data ezartzea izan dezan, foru agindu bidez, zerrenda horren edukia, publizitatea eta argitaratzeko behar diren izapideak egokiak direla berma daitekeenean.