BISITAK ETETEA

Euskadin, COVID-19 koronabirusaren hedapenaren egoera dela-eta Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibideak aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du adinekoen egoitzetako bisitak etetea hurrengo 15 egunetarako, gutxienez.

Hala ere, zentro horietako erabiltzaileek izan ditzaketen inguruabar bereziak kontuan hartuta, Aldundiak adierazi du salbuespen-egoera batzuetan bisitak egin ahal izango direla, zentroetako asistentzia-taldeek baimen arrazoitua eman ondoren.

Hauek dira salbuespen-egoerak:

  • Bizitzaren amaierako zaintza-egoera: senideei egoiliarrarekin kontaktuan egoteko aukera emango zaie.
  • Egoera ulertzea eta/edo hurrekoekin harremanetan jartzeko beste bitarteko batzuk erabiltzea eragozten duten egoera kognitiboak.
  • Egoera psiko-emozional jakin batzuk, zeinetan, profesionalen ustez, bakartze egoerak egoiliarraren ongizateari eragin diezaiokeen kaltea saihestu behar den.

SALBUESPEN-EGOERA HORIETAN, BISITARIEK ZORROTZ BETE BEHARKO DITUZTE BALDINTZA HAUEK:

  • Sukarra (37º baino gehiago) edo arnas sintoma akutuak dituzten pertsonek ez dute bisitarik egingo egoitzetan. Zentroko langileek tenperatura neurtuko diete zentroan sartu aurretik.
  • Zorrotz bete beharko dituzte eskuetako higienearen eta arnasketa-higienearen arloko neurriak.
  • Segurtasun-tartea gorde beharko dute zentroko beste egoiliarrekin.
  • Bisitak mugatuta egongo dira: bisita 1, egoiliar eta eguneko.
  • Bisita guztietara senide bera joan behar da.
  • Bisitaren iraupena mugatuko da: ordu 1, gehienez.
  • Ez dute kontakturik izango zentroko gainerako erabiltzaileekin (distantzia: 1,5 metro).

Bisita profesional arautuen kasuan (botoa emateko eskubidea gauzatzeko, testamentu-neurriak, osasun-arloko esku-hartzeak…), egiten jarraitu ahal izango da, arrazoituta badaude, eta betiere gorago adierazitako baldintzak beteta.

Halaber, egoiliarrentzat senideekin edo hurrekoekin kontaktuan izateak duen garrantziaz jabetuta, Aldundiak zentroei eskatzen die kontaktu edo harreman telematikoak sustatzeko (telefono-deiak, bideokonferentziak, bideotxatak, Skype bidezko kontaktua…), komunikazioa bermatzeko, aurrez aurreko bitartekorik erabili gabe.

ALARMA-EGOERAK IRAUTEN DUEN BITARTEAN EGOITZETAN KOMUNIKATZEKO AUKERAK

Gizarte Ekintza Saileko eta Administraziorako eta Gizarte Sustapenerako Zuzendari Nagusiaren instrukzioa, zentroen komunikazioari buruzkoa, alarma egoerak irauten duen bitartean

Bisitak mugatzeak eta/edo eteteak eragin handia izan dezake egoiliarren eta familien ongizate emozional, fisiko eta sozialean; horregatik, Gizarte Ekintza Sailaren ustez, funtsezkoa da zentroek bermatzea, aurrez aurrekoak ez diren mekanismoen bidez, egoiliarrek beren familiarekin eta/edo hurbileko ingurunearekin komunikatuko direla. Isolamendu fisikoak ezin du justifikatu, inolaz ere, pertsonek kanpokoarekin komunikatzeko duten eskubidea erabat ez betetzea.

Egoera horretan ere, garrantzi berezia hartzen du zentroak familiekin duen komunikazioaren gardentasunak, bai senidearen berezitasunei dagokienez, bai gai orokorrei dagokienez, denen interesa pizten dutenak izan baitaitezke.

Beraz, bisiten etenaldi orokorraren esparruan, zentroek bermatu behar dute egoiliarrek komunikatzeko duten eskubidea, bai eta familiek une bakoitzean interesgarria den informazioa eskuratzeko duten eskubidea ere.

Komunikazioaren arloan, gomendatutako irizpideak hauek dira:

  • Erreferentziazko familia/pertsonei egindako deiak : 48 ordutik ordura.
  • Egoiliarrarekin bideokonferentzia edo zuzeneko interakziorako beste sistema batzuk, justifikatutako arrazoirik ezean, gutxienez 5 egunetik behin.

Komunikazioaren bi alderdiak bultzatu eta modu egokian gauzatzen ari direla ere kontrastatu nahi dugu (egoiliarrek eta haien familiek komunikatzeko aukera dutela, eta, zentroak familiak unean-unean informatuta mantentzen dituela), eta horretarako ikuskapen-kanpaina bat jarriko da abian, zentroaren, familien eta/edo erabiltzaileen informazioa bilduko duena, zentroetan jarri diren komunikazio sistemei buruzkoa.

Komunikazioari buruzko instrukzioa (96KB)

Egoitza-zentroetarako gomendioak

Gizarte Ekintza Sailetik, egoiliarrek eta familiek duten komunikazio-eskubidea gauzatzen lagundu eta erraztu nahi dugu, eta, horretarako, bideo-dei bidezko komunikazioak ahalbidetzen dituzten tabletak erosteko diru-laguntzak emateaz gain, zuen zentroetan kalitatezko komunikazioa lortzeko praktikan jar ditzakezuen honako ideia edo tresna hauek proposatzen ditugu:

  • Bideo-deiak (hangout, skype…). Horretarako, zentro bakoitzak "erabiltzaile-kontuak" prestatu beharko ditu erabiliko dituen plataformetan, eskura dituen gailuen (mugikorra, tableta, eramangarria edo ordenagailua) erabilerak eta denborak koordinatzeaz gain, beharrezko higieneneurriak mantenduz.
  • Familiek egoiliarrari, edo alderantziz, bidaltzen dizkioten mezuak, idatzizkoak zein ahozkoak, irakurriak izan daitezen.
  • Argazkiak emozioak eta kontaktuak transmititzeko ere badira, eta, beraz, eremu honetan potentzial handia duten elementuak ere izan daitezke. Familiek argazki eskaneatuak bidal ditzakete egoitzara, edo bideo bat egin dezakete pertsonarentzat esanguratsuak diren irudiekin, mezu bisualari balioa gehitzen dion musika erantsiz.
  • Bideo bat erreproduzitzea (familia-gertaera garrantzitsu batena, egunari hasiera emanez, bizipenen bat kontatzen …) non maite dituen pertsonak agertzen diren, familiarengandik hurbil sentitzeko beste modu bat da.
  • Usaimena oso garrantzitsua izan daiteke ikusmen- eta/edo entzumen-zailtasunak dituzten pertsonentzat, eta interesgarria izango litzateke usainen bat hurbiltzea familiarekiko gertutasuna lortzeko (gertuko pertsonaren baten lurrina …).
  • Posta-kontu bat gaitzea mota guztietako materiala jasotzeko (argazkiak, marrazkiak, bideoak …).
  • Telebista duten logelen kasuan, aparatuetako askok USB bat konektatzeko aukera dute, familiek posta elektronikoz (Wetransfer edo fitxategi astunetarako beste plataforma bat) helaraz diezazkieketen bideoak eta/edo argazkiak nahi adina aldiz jarri ahal izateko. Egoitzatik fitxategi horiek deskargatu eta USB batean biltegiratuko lirateke, erabiltzaileari emateko.
  • Facebooken erabilera edo zentroak duen beste edozein tresnaren erabilera.
  • Jarduera guztiak egin ahal izateko, gomendagarria litzateke zentroetako dinamizazioko langileek egitea, zuzeneko langileei lan-karga handiagorik gehitu gabe.

Komunikaziorako gomendioak (94KB)

BIZKAIKO GIZARTE-ZERBITZUETAKO FORU-SAREKO EGOITZA-ZENTROEN GARBIKETA

Bizkaiko Foru Aldundiak foru-sareko egoitza-zentro guztiak garbitu ditu. Foru Erakundeak garbitu ditu egoitzak, modu subsidiarioan, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren bidez (suhiltzaileak) eta Basalanen laguntzarekin. Hain zuzen, COVID-19ren kasuak izanik bitarteko-ezagatik haien garbiketa-zerbitzuek behar bezala ikuzi ezin izan dituzten egoitzak garbitzen dituzte, direla adinekoentzako egoitzak, direla desgaitasuna dutenenak edo umeenak.

18095 zenbaki FORU AGINDUA, Martxoaren 23koa, adinekoentzako egoitzetan eta beste zentro soziosanitario batzuetan garbiketa egiteko neurri osagarriak ezartzen dituena

Lehenengoa: Desinfektatzaileak erabilita erabateko garbiketa egitea adinekoentzako egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan, eremu hauetan arreta berezia jarrita:

  • Isolamendu-sektoreetarako sarbidean/irteeran (besteak beste, ateak, eskailerak, igogailuak), COVID-19aren transmisioaren arriskua gutxitzeko.
  • Ibiltari dabiltzan pertsonak irits daitezkeen eremuetan.
  • Profesionalek eta erabiltzaileek sarri erabiltzen dituzten veste kontaktu-eremu batzuk.
  • Langileentzat bakarrik diren eremuetan (esaterako, aldagelak eta sarbideak), zuzeneko laguntzako profesionalentzat direnetan (sukaldea, ikuztegia edo garbitegia).

Bigarrena: Osasun-agintaritzak gomendatutako desinfektatzaileak erabiliko dira garbiketa egiteko.

Hirugarrena: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102. Artikuluan ezarritakoarekin bat, foro agindu honetan ezarritako betebeharrak borondatez edo nahitaez betetzen ez badira, Gizarte Ekintza Sailak bete ahal izango ditu modu subsidiarioan.

Laugarrena: Ezartzea Gizarte Ekintzako Foru Sailari astero jakinarazi behar zaizkiola bai hartutako neurriak, bai sortzen diren intzidentzia eta zailtasun guztiak. Egoitza-zentroan COVID-19a diagnostikatuta daukaten erabiltzaileak badaude, bi egunik behin egin beharko da jakinarazpena.