Bizkaia

Badakizu nola egingo den Errenta 2021ean?

2021eko apirilean,bizkaitar guztiek euren esku izango dute aitorpen egina, Errenta app-ean eta www.bizkaia.eus/renta web-orrian.

Bizkaiko Foru Ogasunaren ekimen bat da, zure errenta-aitorpena egiten laguntzeko dena. Zuretzat dena errazagoa izan dadin.

Nola jakingo dut zein den nire aitorpenaren emaitza?

2021eko apirilean, Ogasunak eskutitz bat bidaliko dizu, edo mezu elektroniko bat (komunikazio-bide hori eskatu baduzu), garrantzizko bi informazio izango dituena:

  • Zure aitorpenaren emaitza; zehazki, itzultzeko den (zure alde) edo sartzeko den (Ogasunaren alde), eta zer zenbatekotan.
  • Ordezkaritza-gako bat. Gako hori erabili beharko duzu errentaren izapideetarako beste pertsona baten laguntza behar baduzu edo Foru Ogasunaren laguntza-zerbitzuak erabili nahi badituzu.

Non ikusi ahal izango dut nire aitorpenaren zirriborroa?

Errentaren app-ean eta web-orrian. Batean zein bestean kontsultatu, aldatu eta onartu ahal izango duzu zure aitorpenaren zirriborroa.

Biak ulerterrazak eta erabilerrazak izango dira, teknologiak edo PFEZa ondo menderatzen ez badituzu ere.

Zer egin beharko dut Errentaren app-ean edo web-orrian?

Lehenik, komeni da zirriborroa ondo begiratzea eta dena zuzen dagoen egiaztatzea. Zergadun gehienen kasuan, zirriborroa osorik egongo da; baina, Ogasunak daturen bat falta badu, sistemak berak adieraziko du zer informazio aurkeztu behar den.

Zirriborroa itzultzekoa bada (zure alde), onartu egin beharko duzu, Ogasunak ordainketa aktibatzeko. Egun gutxiren buruan izango duzu zenbatekoa zure kontuan. Onartzen ez baduzu ere, dirua Errenta kanpainan zehar sartuko dizute.

Zirriborroa ordaintzekoa bada (Ogasunaren alde), onartu egin beharko duzu, aurkeztutzat jo ahal izateko. Errenta kanpainaren azken egunean zordunduko dizute ordaindu behar duzuna.

Nik ez beste inork ikusi ahal izango du nire aitorpena Interneten?

Bakarrik zure baimena badu. Zure datu fiskalen konfidentzialtasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da gako pertsonal seguru bat erabiltzea; Bak gakoa, adibidez.

Bak gakorik ez badaukazu, baimena eman diezaiokezu beste pertsona bati zure aitorpena onar dezan. Horretarako, beharrezkoa izango da Ogasunak emandako ordezkaritza-gakoa erabiltzea.

Zer da Bak gakoa?

Bak identifikazio pertsonaleko metodo besterenezin eta erraz bat da, zure NANak edo AIZek eta zure pasahitzak osatzen baitute.

Errentarako ez ezik, Aldundiarekin ordenagailu edo sakelako telefono batetik izapide asko egiteko ere balio du.

Informazio gehiago Bak gakoari buruz.

Eta errenta Internet bidez egin ezin badut?

Bizkaiko Ogasunak badaki badaudela pertsona batzuk, aitorpena Internet bidez aurkezteko baliabiderik edo ezagupenik ez dutenak. Horregatik, laguntzarako zerbitzu berezi bat eskainiko du, telefono bidez edo aurrez aurre, gaur egun egiten den moduan.

Gogoratu ezen, zerbitzu hori erabili nahi baduzu eta hurbileko pertsona baten laguntza behar baduzu, Ogasunak etxera bidaliko dizun ordezkaritza-gakoa beharko duzula. Eta ez ahaztu ez duzula ezer egin beharko Ogasunak dirua itzultzeko, aitorpena zure alde bada.