Iraunkortasun Saila lanean ari da behar bezala zabaltzeko zer neurri hartu behar diren koronabirusa duten pertsonen etxeko hondakinak egoki kudeatzeko. Halakoetan, derrigor jarraitu behar dira infografia honetan ematen diren jarraibideak, horrela gaixotasunaren hedapena gerarazten laguntzeko eta saihesteko kutsatuak izan daitezen gure lurraldean hiri-hondakin solidoak jasotzen, tratatzen eta deuseztatzen lan egiten dutenak.

Sail honek, Garbiker foru-sozietate publikoaren bitartez, koordinazio-sistema bat ezarri du gure lurraldeko udal, mankomunitate eta hondakinak biltzeko zerbitzuekin haien egoera zein den jakiteko eta laguntza emateko. Laguntza horretan sartzen da, besteak beste, norbera babesteko ekipamendua (NBE) bilatzea halako lanetan dabiltzan pertsonentzat, horrela bermaturik gera dadin Bizkaian hondakinen bilketa eta tratamendua.

Era berean, egokitu egin dira garbigune nagusietako ordutegiak, zerbitzua emateko lanetan jarraitzen duten gremioei, eta, aldi berean, isurketa kontrolatugabeak gerta ez daitezen.

Baso, Ehiza eta Arrantza, eta Ingurumen zerbitzuetako zaintza-zerbitzuak lanean dihardute, Bizkaiko naturaguneak zaintzeko eta haietan arazorik ez dela zaintzeko. Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroak ere lanean dihardu, hau da, lehen bezala jarraitzen du Gorlizen animalia basati zaurituak, gaixoak edo umezurtzak hartzen, zaindu eta, gero, naturan berriro askatzeko.

Lehen sektoreari laguntzeko neurrien artean, hainbat ekimen egin dira beste erakunde eta entitate batzuekin koordinaturik irteera bat emateko gure baserritarren produktuei Interneteko merkaturatze-plataformen bitartez, eta, horrez gainera, jardunean jarraitzen dute abere- eta landare-osasuneko laborategiek, horrela modua egon dadin Bizkaiko nekazari eta abeltzainen jarduera ez geratzeko. Helburu berari begira, sektoreari laguntza emateko zerbitzuak ere martxan dira, telefonoz eta sistema telematikoen bidez, eta, haiei esker, aukera dago, besteak beste, animaliak hiltegira eramateko derrigorrezkoak diren dokumentuak tramitatzeko. Bide batez, horrela bermatu egiten da halako produktuen hornidura herritar guztientzat.

Gomendioak (PDF 313 KB)