COVID-19ak sortutako geldialdi-egoeraren ondorioz, lurraldeko 9 garbigune nagusiak baino ez dira egon zabalik. Orain, lurraldean dauden mota horretako 23 instalazioak lanean hasiko dira berriro. Neurri horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak berriro zabalduko du garbiguneen sarea, osorik, ohiko ordutegietan (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:25era eta 15:30etik 18:00etara).

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz ezarritako murrizketak direla eta, martxoaren 17an 9 Garbigune nagusiak (Barakaldo, Basauri, Durango, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Gueñes, Igorre eta Markina) baino ez dira martxan mantendu, gremioek obretako eskonbroak eta hondakinak bertan uzten jarraitu ahal izateko. Aldi horretan zerbitzuak erakutsi du bere bederatzi instalazio operatibo horiekin bakarrik jarduera mantentzen zuten sektoreen beharrizanei erantzuteko gai dela, baina alarma-egoerak ezarritako murrizketak malgutzeak aukera ematen du une honetan herritarren eskariari erantzuteko eta instalazio horiek berriro irekitzeko; hori erabiltzaileen eta bertan lan egiten duten langileen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak aplikatuta burutuko da.

Hasiera batean, Garbiguneen sarea astelehenetik ostiralera egongo da martxan, baina ekainaren erdialderako aurreikusita dago asteburuetan ere berriro zabaltzea (Garbigune nagusiek larunbatetan eta igandeetan funtzionatzen dute; gainerakoek larunbatetan soilik).

Garbigune mugikorrak

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker sozietate publikoaren bidez, berriz ere martxan jarri du Garbigune mugikorren zerbitzua, eta Bizkaiko udalerrietan barrena ibiliko dira berriro, birziklatzea sustatzeko eta birziklatzearen ohitura hori herritarrengana hurbiltzeko.

Garbigune mugikorren erabilera-maila handia izan denez, eta udalek eta mankomunitateek herritarren eskaerak helarazi dizkietenez esperientzia errepikatzeko edo unitate iraunkor bat izateko, Garbiker foru-sozietate publikoak eta Aldundiak zerbitzu hori datozen hilabeteetan zabaltzea erabaki dute. Horrela, Garbigune mugikorren itzulera irailera arte gauzatuko da, gaur egunera arte zerbitzua ematen zen maiztasun berarekin (udalerri bakoitzean astegun bat), baina urritik aurrera udalerri bakoitzean maiztasuna eta egonaldia handituko dira. Orain arte ekimenarekin bat egin duten herrien kopuruak ere gora egin dezake. Zerbitzua handitzeko 200.000 eurotik gorako inbertsioa osatu eta lau Garbigune mugikor berri erosi ahal izango dira.