Arreta Soziosanitarioa
ARRETA SOZIOSANITARIOA
Arreta soziosanitarioaren barruan sartzen da osasun-arazo larriengatik edo muga funtzionalengatik edota gizarte-bazterkeria jasateko arriskuagatik aldi berean osasun-arreta eta gizarte-arreta koordinatua eta egonkorra behar duten pertsonentzako zainketen multzoa, arretaren jarraitutasun-printzipioari egokitua.
Premia soziosanitarioei dagozkien egoerak konplexuak, mistoak eta anizkoitzak dira, eta, horregatik, koordinazio-guneak osatzearen alde egiten da, beharrei erantzun hobea emateko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.
Arreta-ereduak abiaburu eta balio hauek ditu oinarri:
- Sistemaren eskuragarritasuna eta malgutasuna, arreta laguntza-zentroetara ez ezik, etxera eta ingurunera ere bideratuz, hori baita, hain zuzen ere, jarduera soziosanitarioaren ardatza.
- Pertsonen erantzunkidetasuna sustatzea haien autonomia eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten erabakiak hartzean.
- Jarduera instituzionalen zeharkako ikuspegia, pertsona eta haren beharrak ardatz dituen arreta-eredu baten oinarrian dagoena.
- Arreta hurbila, proaktiboa eta jarraitua, pertsonak ezin kontrola ditzakeen hutsuneak saihestuz eta zerbitzuak ematean bikoiztasunak ekidinez.
- Helburuak gardenak izatea, Bizkaiko herritarrek eremu soziosanitarioa beren beharrak konpontzeko gune erraz, hurbil eta eraginkortzat har dezaten.
Baliabide soziosanitarioak:
- Erreferentziazko eskualde-zentroak
- Egoitza-baliabide soziosanitarioak
- Gaixotasun mentalen bat duten pertsonentzako Zerbiztuak eta Zentroak
- Baliabideen Katalogoa.
Bizkaiko lurraldeko Batzorde Soziosanitarioa
Kide anitzeko informazio-organoa da, osaera mistokoa, eta osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen sistemaren ordezkariek osatzen dute, sistema bakoitzaren barruan eskumena duten erakundeek izendatuta. Hamar (10) kidek eta Gizarte Ekintza Sailari atxikitako idazkari batek osatzen dute.
Honako erakunde eta instituzio hauek parte hartzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak eta EUDELek.
Batzordearen eginkizun nagusia da baliabide soziosanitarioak eskuratzeko irizpideak eta prozedurak ezartzea, eta Bizkaiko arreta soziosanitarioko sisteman sartzeko, irteteko eta hartan jarduteko protokoloak eta ibilbideak diseinatzea.
Bizkaiko Plan Operatibo Soziosanitarioa.
Plan Operatibo Soziosanitarioaren helburu orokorra da erakunde eta organizazio sozialak, sanitarioak eta beste mota batekoak behar bezala koordinatzen direla bermatzea, behar sozialak eta sanitarioak dituzten pertsonei ahalik eta arreta onena emate aldera; aldi berean, jarduketen koherentzia eta baliabideen, informazioaren eta ezagutzaren aprobetxamendu arrazoizkoena eta eraginkorrena bermatzen da.
Gaur egun indarrean dagoen planean, Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2023-2026 epealdirako koordinazio soziosanitarioaren proiektuak eta jarduerak jasotzen dira.
Bizkaiko arreta soziosanitarioko eragile eta erakundeentzako konpromiso eta erreferentziako dokumentu hau Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren (Osakidetza) eta Eudelen parte-hartzearekin egin da.
Planaren helburu orokorra da Bizkaiko gizarte- eta osasun-zerbitzuen sistemen koordinazioa eta integrazio funtzionala sustatzea, helburu hauekin:
- pertsona eta haren ongizatea ardatz dituen arreta soziosanitario egokia ematea,
- zainketen jarraitutasuna bermatzea,
- asistentzia-estalduraren gainjartzearen, hutsaren edo defiziten ondoriozko desorekak saihestea.
19 proiektu operatibo aurkezten ditu, helburu espezifikoak eta ekintzak barne, Euskadiko Estrategia Soziosanitarioaren 5 jarduketa-arloetan sailkatuta:
- Gobernantza soziosanitarioa
- Elkarreragingarritasun soziosanitarioa
- Prebentzio soziosanitarioa
- Arreta soziosanitarioa
- I+G+B soziosanitarioa
Bizkaiko Plan Operatibo Soziosanitarioa 2023-2026
Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.