Foru Ogasunak errenta-aitorpena egiten die koronabirusa dela-eta langabezia, EEE nahiz ABEEE egoeran daudenei

Bizkaiko Foru Ogasunak errenta-aitorpena telefonoz edo Internetez egiteko zerbitzu berri bat jarri du martxan, lehentasun harturik COVID-19ak ekonomian eragindako ondorioen aurrean gehien kaltetu diren pertsonak.

Osasun-larrialdia dela eta, Bizkaiko Foru Ogasunak oraindik ezin du eskaini aurrez aurreko zerbitzurik, eta horrek atzeratu egiten du zergadun askok aitorpena aurkezteko eta, emaitzaren arabera, dagokien itzulketa jasotzeko unea. COVID-19ak gehien ukitutako pertsonei itzulketak arinago egiteko, aurrena pertsona hauei soil-soilik eskainiko zaie zerbitzu berria: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEEE) edo enplegu-erregulazioko espedientean (EEE) dauden edo egon diren pertsonak edota lan-kontratua amaitu zaienak.

Horrez gain, zerbitzua jasotzeko, baldintza hauek bete behar dira: 2019ko ekitaldiko lan-etekinak 24.000 euro baino gehiago ez izatea eta Errenta Etxean edo Errenta Web proposamenik jaso ez izana Foru Ogasunaren eskutik. Geroago, beste kolektibo batzuei ireki ahal izango zaie aitorpenak telematikoki egiteko zerbitzua.

Zerbitzua 94 608 3000 telefonoan (08:30 - 19:00) edo errentaren webetik helbidean ematen da.