Bizkaia

ERRENTA 2019 EGINEZ ZERBITZUA

Zerbitzu horrek aukera ematen du Foru Ogasunari 2019ko errenta-aitorpena egiteko eskatzeko, telefono edo Internet bidez, baldin eta Foru Ogasunetik Etxean Errenta proposamenik jaso ez badute eta errenta mota hauetako edozein jaso badute:

  • Lan pertsonalaren etekinak.
  • Atxikipenari lotutako kapital higigarriaren etekinak.
  • Ohiko etxebizitza alokatzetik datozen kapital higiezinaren etekinak.
  • Nekazaritza-, abeltzaintza-, arrantza-, ikastaro- eta hitzaldi-jarduera ekonomikoak (jarduerari atxikitako elementuak eskualdatzearen ondoriozko ondare-irabaziak edo -galerak daudenean izan ezik), zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan.
  • Inbertsio-funtsetatik, sarietatik eta harpidetza-eskubideetatik sortutako irabaziak eta galerak.

Zer pertsonak du lehentasuna zerbitzu honetan aitorpena egiteko?

Aitorpena egiteko lehentasuna izango dute 2019an 24.000 euro gordin baino gutxiagoko errentak lortu dituzten pertsonek eta Covid-19aren ondorioz ABEEE edo EEE egoeran dauden edo egon diren edo kaleratuak izan diren pertsonek.

2019ko errenta-aitorpena ez da egingo honako kasu hauetan:

  • Ondare-elementuak eskualdatzearen ondoriozko ondare-irabaziak edo -galerak, higiezinak barne.
  • Ekitaldian ohiko etxebizitza erostea.
  • Kapital higiezinaren beste etekin batzuk, etxebizitzetatik datozenak ez direnak.
  • Errentak esleitzeko araubidean dauden erakundeetako partaideak.
  • Aurreko ekitaldietako konpentsatzeko dauden zenbatekoak (datu fiskaletan dauden 2018ko ekitaldikoak izan ezik).
  • Hipoteka-zoruko klausulak deiturikoak itzultzeagatik jasotako zenbatekoak erregularizatzea.
  • Ekitaldiko zuzenketak eta osagarriak.

Nola eskatu ahal diot Ogasunari nire aitorpena egiteko?

Telefonoz edo Internet bidez eskatu ahal da.

Internet bidez

Zerbitzuan sartzeko, Bak gakoa edo Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako identifikazio elektronikorako beste bitarteko bat behar da. Bak NANaren edo AIZaren zenbakiak eta pasahitz batek osatzen dute, eta zenbait izapide Internet bidez egiteko aukera ematen du, besteak beste, Ogasunarekin zerikusia dutenak. Bak gakoa errenta-gakoa erabiliz lor daiteke atal honetatik: Bak gakoari buruzko informazioa.

Aitorpena Internet bidez egiteko eskatzeko, eskabide-orria bete beharko duzu, eskatzen diren identifikazio-datuekin eta datu ekonomikoekin. Gainera, eskabide-orriarekin batera, egokitzat jotzen dituzun agiriak edo frogagiriak erantsi ahal izango dituzu, batez ere zure datu fiskaletan ez daudenak.

Telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa eman behar dituzu, zurekin harremanetan jarri ahal izateko informazio gehiago behar izanez gero.

2019KO NIRE ERRENTA-AITORPENA EGITEKO ESKATZEA

Telefonoz, 94 608 3000 (8:30-19:00)

Aurreko ekitaldian errenta-aitorpena aurkeztu zuten pertsonei Ogasunak bidaltzen dien Errenta-gakoa beharko duzu zure identitatea egiaztatzeko. Beste pertsona batekin baterako aitorpena egin nahi baduzu, pertsona horren (ezkontidea, izatezko bikotekidea...) Errenta-gakoa beharko da.

Informazio hau eskatuko dizugu eta, beraz, komeni da eskura izatea.

  • Izena, abizenak, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, egoera zibila, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen datuak eta, hala badagokio, ezkontzaren ondasun-eraentza.
  • Zure aitorpena egiteko behar den informazio ekonomikoa, adibidez: ohiko etxebizitzaren alokairuaren zenbatekoa, ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria, bankuko kontu-zenbakia...

Telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa eman behar dituzu, zurekin harremanetan jarri ahal izateko informazio gehiago behar izanez gero.

Agiriren bat aurkeztu behar izanez gero, posta elektronikoz bidali ahal izango da.

Emandako informazioarekin, Foru Ogasunak errenta-aitorpena egin ahal izango du.

Emaitza itzultzekoa bada (zure alde), Foru Ogasunak SMS edo mezu elektroniko bat bidaliko dizu, errenta-aitorpena aurkeztu dela eta emaitza jakinarazteko.

Era berean, egindako likidazioa bidaliko dizu (posta elektronikoz edo posta bidez etxera), eta egun batzuetan adierazitako kontuan ateratzen den zenbatekoa ordainduko dizu.

Ordaintzekoa bada (Ogasunaren alde), zergadunak mezu elektroniko bat edo gutun bat jasoko du, autolikidazioaren kopia batekin. 2019ko errenta-aitorpen bihur dadin baieztatu egin beharko da, e-mailez edo telefonoz, autolikidazioa aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Zuk ordaindu beharreko emaitza proposamenean adierazitako kontuan kobratuko da, errenta-kanpainaren azken egunean.

Proposamena onartzen ez baduzu, Ogasun eta Finantza Sailak eskura jartzen dizun beste sistemetakoren bat erabili beharko duzu 2019ko zure errenta-aitorpena aurkezteko.

Gogoratu 94 608 3000 telefono-zenbakian argituko dizutela Errenta eta Ondare Kanpainari buruzko edozein zalantza.