EGOITZA-ZENTROETAN ETA EGUNEKO ARRETA-ZENTROETAN COVID-19 GAITZA PREBENITZEKO ETA KONTROLATZEKO JARRAIBIDEAK ETA ARAUDIA
Gerta litezkeen COVID-19aren agerraldietarako, Bizkaiko Foru Aldundiak baditu ezarriak hainbat mekanismo zaintza, prebentzio eta zuzeneko jarduketari lotuak, berehalako erantzuna emateko pertsona bereziki kalteberak bizi diren gizarte-zerbitzuetako zentroetan; batez ere, adinekoenetan.
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak lan-esparru bat dauka ezarria Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera (zehazki, behaketa epidemiologikoko unitateekin), egoitza-zentroetan eta komunitatean COVID-19aren datuen detekzio goiztiarra egiteko, halako zentroetan berretsitako kasu positiboen gertuko harremanen jarraipena egiteko, eta aukera izateko transmisioa minimiza dadin egoitza-zentroetan eta, ondorioz, komunitatean ere.
Ildo horretan, erantzun bizkorreko talde batzuk dauzka aktibaturik. Talde horiek GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko profesionalez osatuta daude, eta, COVID-19aren sintomak eta/edo positiboak agertuz gero egoitza zentroetan, berehala esku hartzen dute, kasuok identifikatu eta birusa zentrootan heda dadin saihesteko. Talde horien esku-hartzeetan, proba diagnostiko prebentiboak eta erreaktiboak egiten zaizkie gertuko harremanei. Profesional horiekin batera, infekzioaren prebentzio eta kontrolerako teknikariek aholkularitza- eta babes-lana eskaintzen diete zentroei, sektorizazioa nahiz kontingentzia-plana berrikusten zein aldatzen.
Orotara, 130 pertsona baino gehiago ari dira bete-betean pandemiaren arloan lanean Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailean.