Maiatzaren 25ean (astelehena) Bizkaiko Foru Aldundia berriz ere arreta presentziala ematen eta erregistro-zerbitzua eskaintzen hasiko da Bilboko, Durangoko, Bermeoko eta Gernikako herritarren arreta integralerako bulegoetan. Gainera, berriz ere lanean hasiko dira Bizkaiko eskualdeetako 7 nekazaritza-bulegoak.

Ostiral honetan bertan, maiatzaren 22an, Aldundiak hitzordua eskatzeko zerbitzua ipiniko du abian bere web orrian, zerbitzua antolatzeko asmoarekin. Hitzorduei esker bulegoetan zenbat jende dagoen kontrolatu ahal izango da eta horrela herritarrak ez dira pilatuko bulegoen inguruan, osasun-agintaritzek gomendatzen duten bezala. Hitzordua eskatzeko bi modu daude: Aurretiko Hitzordua web orrian sartu edo 94 406 80 00 telefonora deitu. Aldundiak ezarri du pertsona bakoitzarekin gehienez 20 minutu eman daitezkeela izapide bakoitzeko. Horrela, egunean 135 hitzordu ezarri ahal izango dira.

Maiatzaren 25ean (astelehena) berriz ere arreta presentziala emango da herritarren arreta integralerako bulego hauetan: Bilbo (Diputazioa 7), Durango (Askatasuna etorbidea, 12), Bermeo (Dolariaga kalea 19) eta Gernika (San Juan Ibarra plaza, 5).  Durango, Bermeo eta Gernikako bulegoetan herritarren arretarako ordutegia honako hau izango da: 8:30 – 14:00. Foru Liburutegiko herritarren arreta integralerako bulegoan eta Gizarte Ekintza Sailak Bilbon daukan bulegoan (Lersundi kalea 14) arreta 8:30etan hasiko da, baina 13:30etan amaituko da.

Hitzordua eskatu ondoren, konfirmazioa eta gainerako datuak eskatzailearen helbide elektronikora bidaliko dira; horrez gainera, hitzorduan kontuan eduki beharreko neurrien berri ere emango zaio. Hain zuzen ere, garaiz heltzeko eskatuko da, bai eta nork bere bolaluma ekartzeko eta maskara soinean jantzita agertzeko ere bai. Gainera, bulegoen sarreran tenperatura neurtuko zaie heltzen diren pertsona guztiei. Instalazioetan ezin gainditu izango da ezarritako pertsona-kopurua, pertsonek metro biko tartea mantendu beharko dute beren artean, eta ezarritako higiene-neurriak bete beharko dituzte. Bulegoan pertsona bat bakarrik sartu ahal izango da hitzordu bakoitzeko (ostera, mendekotasuna duten pertsonak lagun batekin sartu ahal izango dira), eta izapidea amaitutakoan berehala irten beharko da bulegotik.

Aldundiaren bulegoetara doazen pertsonen eta bertan lan egiten dutenen segurtasuna bermatu nahian, babes kolektiboko neurriak ezarri dira: manparak, elementu bisualak pasoko tokietan, mugak arretaguneetan, kontrolak sarreretan, kasu bakoitzean zer egin behar den azaltzen duten kartelak eta gel hidroalkoholikoak. Gainera, sartu-irtenen fluxuak aztertu dira, bai eta bulego barruko fluxuak ere, eta denontzako eremuetako garbiketa eta desinfekzioa areagotuko dira.

Beste alde batetik, hitzorduen iraunaldia luzatu da eta 20 minutuko izan daiteke, BakQ aktibatzeko astia egon dadin; izan ere, identifikazioa eta sinadura elektronikoa oinarri dituen sistema horren bitartez herritarrek Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egin ditzakete beren izapideak, bulegoetara joan gabe, eta jarraipena linean egin dezakete.

Dokumentazio-trukea dela eta, Aldundiak erregistro elektronikorako aplikazioa dauka; horren bitartez erregistro-sarrerak digitalizatu daitezke eta paper-mugimendua murriztu daiteke. Aldundiaren bulegoetan lanean ari direnek aurkezten zaizkien dokumentuak digitalizatzen ditu eta jatorrizkoak herritarrei itzultzen dizkiete. Gero, digitalizatutako dokumentuak Aldundiaren taldeei bidaltzen zaizkie, beren lantokietan jarrai dezaten egiten espedienteen izapideak. Horrela, espedienteen eragiketak errazten dira, erregistroetan eta herritarren arretarako bulegoetan dokumentazioak eskuratzeko epealdiak askoz laburragoak dira, eta dokumentuak eskutik eskura ibiltzea saihesten da, eta hori funtsezkoa da bizi garen osasun-larrian.

Eskualdeetako nekazaritza-bulegoak eta erregistro-zerbitzua

maiatzaren 25ean (astelehena) berriz ere lanean hasiko dira Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari atxikitako eskualdeetako nekazaritza-bulegoak, Bulego horietara joan nahi dutenek ere hitzordua eskatu beharko dute; bi modu daude: Aurretiko Hitzordua web orrian sartu edo telefono hauetara deitu:

  • KARRANTZAKO NEKAZARITZA-BULEGOA

    Sainz Indo – Concha.

    Tel.:946.806.308

  • MUNGIAKO NEKAZARITZA-BULEGOA

    Elorduigoiti, 7

    Tel: 946.740.311

  • BALMASEDAKO NEKAZARITZA-BULEGOA

    San Severino, 14

    Tel: 946.800.690

  • IGORREKO NEKAZARITZA-BULEGOA

    Udaletxeko, behea

    Tel: 946.736.011

  • MARKINAKO NEKAZARITZA-BULEGOA

    Arretxinaga, 12.

    Tel: 946.166.259

Arreta presentzialeko bulegoetan ez ezik, sailetako dokumentazio-erregistroetan ere lanean hasiko dira berriro, Ogasunekoak izan ezik, azken hori ekainaren 1ean hasiko baita. Ordutegiei eta hitzorduei buruzko informazioa: Aurretiko Hitzordua.

Ogasuneko bulegoak, ekainaren 1ean

Bizkaiko Foru Ogasunaren zazpi bulegoak herritarrei arreta ematen hasiko dira berriz ere ekainaren 1ean, 9:30 - 13:30 ordutegiarekin, bai eta Gerturen hiru bulegoetako arreta-zerbitzuetan ere. Hamar bulego horietan arreta presentziala jaso nahi dutenek hitzordua eskatu beharko dute nahitaez; bi modu daude: 946.125.500 telefonora deitu edo Aurretiko Hitzordua Ogasuna web orrian sartu.

Nolanahi ere, gogoan eduki behar da Ogasunaren inguruko izapide guztiak Internet bidez egin daitezkeela bulego birtualean BizkaiBai sartuta Bak gakoarekin edo identifikazio digitaleko beste baliabide batekin. Hitzordua telefonoz eskatzen bada, Ogasuneko langileak zalantza argitzen edo galderari erantzuten saiatuko dira. Horrela, baliteke hitzordua eskatzen duenak bulegora joan beharrik ez edukitzea.

Ogasunaren bulegora doanean, interesdunak aurretik beteta eduki behar ditu zerga-ereduak eta haiekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak; bertan ez du edukiko ez mahairik ez bolalumarik. Halaber, dokumentazioaren kopiak eraman beharko ditu. Hona Bizkaiko Foru Ogasunaren bulegoak:

  • Balmaseda: Magdalena pasealekua, 2
  • Barakaldo: Foruen pasealekua, 4
  • Basauri: Kale Nagusia, 38 (sarrera Santiago kalean)
  • Bermeo: Dolariaga, 19
  • Durango: Askatasun Etorbidea, 12
  • Gernika, San Juan Ibarra plaza, 5
  • Bilbo: Basurtuko Kaputxinoak, 4
  • Getxo: Konporte, z/g
  • Portugalete: Castaños jenerala, 41
  • Mungia: Herribide, 5

Bertaratu gabeko arreta sendotuta

Bertaratu gabeko arreta-zerbitzuek sendotuta jarraituko dute trantsizio-aldi honetan.

Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak informazioa eta arreta telefono bidez jasotzeko eskaintzen duen zerbitzua ezinbestekoa da herritarrek informazioa eta arreta eskura edukitzea bermatzeko. Aldundiak 136 agente dauzka lanean herritarrei arreta ematen telefono bidez. Horiei esker Bizkaiko herritarrek bermatuta dute informazioa. Osasun-larrialdia hasi zenetik (martxoaren 16a) maiatzaren 20ra arte Bizkaiko Foru Aldundiaren telefono bidezko arreta-zerbitzuek 278.016 dei hartu dituzte; egun askotan jasotako deien kopurua 2019ko egun berean jasotakoak hala bi izan da.

Aldundiaren egoitza elektronikoa eta BizkaiBai ogasunaren bulego birtuala guztiz operatibo dago, ohi bezala; horren bidez herritarrek inolako eragozpenik gabe egin ditzakete beren izapideak.

Azkenik, arretarako web postontziak ere guztiz operatibo daude kontsultak jasotzeko: Laguntza.