Bizkaiko Foru Aldundiak Armañon, Urkiola eta Gorbeiako parke naturaletako interpretazio zentroak eta bisita gidatu eta autogidatuen zerbitzua berriro ireki ditu, eta aldez aurretik erreserbatu beharko dira.

Bisitak doan eskainiko dira eta ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dute. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua sei pertsona izango dira eta gehieneko kopurua ibilbidea egiten den egunaren deseskalatze-prozesuko fasearen araberakoa izango da. Jarduera horren barruan sartzen da ginkana edo geolokalizazio-jarduera bat egiteko aukera. Parke naturalen interpretazio-zentroen barruko erakusketa iraunkorra ere bisitatu ahal izango da, baina zentro horietara iristeko zenbait segurtasun-neurri hartu beharko dira, hala nola bi metroko distantzia gorde gainerako erabiltzaileekiko. Aisialdirako guneak ere martxan daude Bizkaia osoan.

Parketxe guztietan bi irteera antolatuko dira astelehenetik ostiralera, jende guztiari zuzenduta; larunbatetan, irteera bat familientzat, eta igandeetan beste bat, helduentzat. Jarduera horiek euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira. Armañongo bisitak parketxearen ingurutik egingo dira, Zojako begiratokira iritsi arte; Gorbeian, Saldropo ingurutik eta Otzarretako pagaditik igaroko dira lanegunetan eta larunbatetan, eta Larreder ingurutik, igandetan; eta Urkiolan Saibitik (astegunetan eta igandeetan), ibilbide zirkular bat eginez, aparkalekutik santutegira, Aldazitalako aisialdirako gunea bisitatuz, aste barruan eta larunbatetan. Bisita gidatu horietaz gozatzeko, aldez aurretik izena eman behar da posta elektroniko mezu bat bidaliz edo telefonoz parketxeetara deituz.

Espazioak