Bizkaiko Foru Aldundiak zaintza, prebentzio eta zuzeneko jarduketarako mekanismoak bideratu ditu pertsona bereziki kalteberak hartzen dituzten zerbitzu sozialetako zentroetan Covid-19aren ondorioz gerta daitezkeen berragertzeei berehala aurre egiteko, bereziki, adinekoen zentroetan.

Duela aste batzuk abiarazi ziren zerbitzuak pixkanaka-pixkanaka ezarri dira berriz ere, eta zentroetako bizikidetzan normaltasuna nabarmenagoa da; ondorioz, Covid-19 pandemiaren gaur egungo zein etorkizuneko agertokiak koronabirusaren bilakaera komunitatean kontrolatzeko eta jarraipena egiteko erantzun sistematiko baten diseinua eta antolaketa behar ditu eta, bereziki, egoitzaren alorrean, erantzun terapeutikorik edo txertorik ez dagoen bitartean.

Bizkaiko Foru Aldundiak lanerako esparru bateratua ezarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, zehazki, Zainketa Epidemiologikoko Unitateekin. Horrela, Covid-19aren kasuen hautemate goiztiarra bermatuko da egoitzetan eta komunitatean, zentro horietan baieztatu diren kasu positiboen hurbileko harremanen jarraipena egingo da eta egoitzetan transmisioa murriztu ahal izango da, eta, horrenbestez, baita komunitatean ere.

Horri dagokionez, Gizarte Ekintza Sailak erantzun azkarreko hiru lantalde aktibatu du. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) profesionalek osatuko dituzte lantaldeak, eta berehalako esku-hartzeak egingo dituzte Covid-19aren sintomadun kasuak edo positiboak dituzten egoitzetan, horiek identifikatu eta birusa zentroetan hedatzea eragozteko. Hauxe izango da lantaldeen zeregina: alde batetik, zentroei laguntza eta aholkularitza emango dizkiete sektorizatzea edo euste-plana berrikusteko edo aldatzeko, eta, bestetik, diagnostiko-frogak egingo dizkiete gertuko senide eta adiskideei.