Guggenheim Bilbao Museoa. Richard Artschwager

  • Noiz

    2020/02/29(e)tik 2020/05/10(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Erakusketa honetan Richard Artschwagerren (Washington, D. C., 1923–Albany, AEB, 2013) sorkuntza-ibilbidea aztertzen da.

Artschwagerrek pinturaren eta eskulturaren artean egin zuen lan, eta hizkuntza berezi bat garatu zuen bere garaiko etxeko material berrietatik abiatuta.

Germano Celant komisario ospetsuak prestatu du proiektua, eta Guggenheim Bilbao Museoak eta MART – Museo di arte moderna e contemporanea di Trento e Rovereto museoak antolatu dute.

Proiektuak ia 70 obra biltzen ditu, eta baita oso gutxitan erakutsi diren artxiboko material eta dokumentuen sorta zaindu bat ere.

Labirinto ireki bat balitz bezala diseinatuta dago erakusketa, eta Artschwagerren obrako alderdi nagusiak jartzen ditu agerian.

Lanen multzo zabala dakar, hirurogeiko hamarkadaren hasieran egindakoetatik XXI. mendeko lehenengo hamarkadan egindakoetara; hain zuzen ere, zurezko obra goiztiarrak, formikazko egiturak eta Celotex gaineko margolanak, nylon-ilezko eskulturak eta “izkinako obrak”, zaldi-zurdaz egindako piezak, eta blp izenekoak (1968an hasi zen artista blp izeneko esku-hartzeak egiten, banaka edo seriean, barnealde espezifikoetan edo hirigune osoetan).

Artschwager ebanista izan zen bere ibilbide profesionalaren hasieran, eta oso garrantzitsua izan zen aldi hura.

Beti nahi izan zituen elkartu figurazioa eta abstrakzioa, diseinua eta berrikuntza artistikoa, eta, ironikoa bada ere, gauza funtzionalak eta alferrikakoak konbinatzen saiatzen zen.

Bere pinturaren eta eskulturen bidez, Artschwagerrek ibilbide berezi bat proposatu zuen, eta eskulana eta industrializazioa konbinatu, espazioa eta bertako objektuak eta izakiak barnean hartuz.

Artistak tokiak, eguneroko bizitzako eszenak eta altzari arruntak (mahaiak, aulkiak, armairuak, etab.) irudikatzen zituen, eta berrinterpretatu egiten zituen material industrial arruntak erabiliz; besteak beste, formika, Celotexa, pintura akrilikoa eta kautxuz estalitako zaldi-zurdak.

Halaber, forma geometriko purua aztertu zuen, batez ere eskulturetan; abstrakzioan murgildu zen, eta irudi trinkoak erabili zituen nolabaiteko ilusionismo piktorikoa irudikatzeko.

Estilistikoki, Artschwagerrek berariazko anbibalentzia erabili zuen, oso bereizgarria, eta hala, aurre egin zion minimalismoa edo pop artea bezalako joeren dogmatismo ikonografikoari.

Ematen zuen azken horiek elkarren aurkako antagonismoa defendatzen zutela nolabait, baina Artschwagerrek, kontrakoen arteko gatazkei lekua utzi ordez, sintesia bilatu zuen; elementu eta aukera guztiak sartu zituen, oso ezberdinak izanda ere, eta integratu egin zituen.

Adierazi zuenez, gauza arrunten eta artelan gisa hautematen ditugun gauzen arteko muga interesatzen zait batez ere.

Artschwagerren obrak etengabe jartzen ditu zalantzan itxura eta funtsa, eta ontologiaren, epistemologiaren eta estetikaren esparru filosofikoetan murgiltzen da zorroztasunez eta adimenez.

Horri esker, munduaren interpretazio fina eta errealista, umoristikoa eta, aldi berean, monumentala eskaintzen du.

Ordutegia

  • Asteartetik igandera: 10:00etatik 20:00etara
  • Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik
  • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita
  • Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak

Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira.

Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago.

Sarreren aldez aurretiko salmenta: https://tickets.guggenheim-bilbao.eus/eu/

Guggenheim Bilbao Museoa. Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera