Aldundiak 2.000 inkesta baino gehiago egin dizkie Bizkaiko adinekoen egoitza-zentroetako erabiltzaileen familiei

Nagusiak Gizarte Zerbitzuak

Bizkaiko Foru Aldundiak azterlan berri batean jaso du adinekoen familiek arreta jasotzen duten lurraldeko egoitza-zentroei buruz egiten duten balorazioa. Foru erakundearentzat lehentasunezkoa da mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-eredu oso eta ezin hobea izatea, hau da, pertsona horien eta euren familien premiak asetzeko gaitasuna izango duena; beraz, beharrezkotzat jotzen da familiek zentro horien kudeaketaz egiten duten balorazioa zuzenean ezagutzea.

Foru erakundeak zuzenean jo du familia erabiltzaileengana zerbitzuaren hobekuntzan aurrera egiteko, hautemandako zerbitzuaren arreta eta kalitatea ebaluatzeko eta egoitzen foru zerbitzuan hobetu beharreko arloak identifikatzeko. Horretarako Gizarte Ekintza Sailak 2020ko abenduan telefono bidezko kontsulta egin die lurraldeko egoitzen erabiltzaileen erreferentziazko pertsona gisa ageri diren 2.015 familiari. Ikerketak jarraipena ematen dio duela bi urte egindakoari.

Azterlanaren emaitza orokorra da gogobetetze-maila positiboa dela. Ondorio nagusiak honako hauek dira: alde batetik, mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-zentroek eskaintzen duten zerbitzua 10etik 8,06rekin baloratzen da eta, bestetik, foru erakundeak Covid19aren krisiarekin lotuta egin duen kudeaketa 7,18rekin baloratzen da 0tik 10erako eskalan.