Lizitatzaileen erregistroa

Lizitatzaileen erregistroan inskribatzeko eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak duen helburu nagusia da Bizkaiko Foru Administrazioko organoekin kontratuak egin nahi dituzten enpresen jarduketak erraztea.

Jarraian, Bizkaiko Lurralde Historikoko lizitatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda jaso dugu.

Aipatutako dokumentuak aurkeztean, jatorrizkoak eta notarioak autentifikatutako edo Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko Kontratazio Zerbitzuko Horniduren Atalak egiaztatutako kopiak aurkeztu behar dira.

  1. Eskabidea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko Horniduren Atalean.
  2. Eskabidea eta beste dokumentu batzuk sinatzen dituzten pertsonen NANa (ordezkaritza-ahalordea izan behar dute pertsona horiek).
  3. Erantzukizunpeko beren-beregiko adierazpena, erantsitako ereduaren araberakoa.

ENPRESAREN EZAUGARRI JURIDIKOAK

  1. Enpresaburu indibiduala: IFZ
  2. Gizarte-enpresa: Enpresaren IFZ, Merkataritzako Erregistroan inskribatutako eraketa-eskritura, eta aldaketarena, aldatu bada, aplikatu beharreko merkataritza-legerian baldintza hori eskatzen denean. Ez bada eskatzen, hauek erabili ahal izango dira jarduteko gaitasuna egiaztatzeko: eraketa-eskritura edo dokumentua, aldaketarena, estatutuak edo eraketa egintza. Dokumentu horietan enpresaren jarduerak bete behar dituen arauak agertu behar dira. Horrez gainera, dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egongo da aurkeztutako dokumentua.
  3. Espainiakoak ez diren Europar Batasuneko edo Europako Ekonomia Esparruari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako enpresen kasuan, erregistroetako inskripzioaren bidez edo Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu motaren arabera adierazitako ziurtagirien bidez egiaztatuko da jarduteko gaitasuna.
  4. Enpresako ahalordedunaren/ahalordedunen IFZ eta ahalorde-eskritura, zeinaren bidez lizitazio publikoetan enpresaren izenean jarduteko ahalmena ematen zaion/zaien.

ZERGEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN ARLOKO DOKUMENTAZIOA

  1. Ekonomi Jardueren gaineko Zergan alta eman izana egiaztatzeko agiria eta zerga horren azken ordainagiria, edo ordaintzetik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen agiria. Nolanahi ere, zerga horren alta Bizkaiko Foru Ogasunean egin bada, alta hori zein (hala badagokio) zerga ordaintzetik salbuetsita egotea egiaztatzea ofizioz egin ahal izango du Bizkaiko Lurralde Historikoko Lizitatzaileen Erregistroak, interesdunak honi erantsitako eredua erabiliz emandako esanbidezko baimena dela bide.

    Halaber, ez da nahitaezkoa EJZ ordaindu izanaren agiria aurkeztea, baldin eta Foru Ogasunarekin dituen tributu-zorrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiri positiboa badago, salbu eta zor dena udal-kuota bat bada eta udal horren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean ez badago hitzarmenik zeinaren bidez Aldundiak bere gain hartzen duen zergaren kudeaketa eta/edo bilketa (udalerri hauetan gertatzen da hori: Barakaldo, Basauri, Bilbo, Durango, Mallabia, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena).

  2. Administrazio-organo eskudunek (Zerga Administrazioko Estatu Agentzia, foru-ogasunak) emandako ziurtagiri positiboak, zerga-betebeharrak egunean ordainduta dituela egiaztatzeko, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, salbu Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkionak; izan ere, halakoak ofizioz aurkez ditzake Bizkaiko Lurralde Historikoko Lizitatzaileen Erregistroak, interesdunak honi erantsitako eredua erabiliz emandako esanbidezko baimena dela bide.
  3. Administrazio-organo eskudunak emandako ziurtagiri positiboa, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ordainduta dituela egiaztatzeko, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. Ziurtagiri hori ofizioz aurkeztu ahal izango du Bizkaiko Lurralde Historikoko Lizitatzaileen Erregistroak, interesdunak honi erantsitako eredua erabiliz emandako esanbidezko baimena dela bide.

ADMINISTRAZIO-BAIMENAK

  1. Administrazio-baimen bereziak, enpresak bere jarduera egin ahal izateko erakunde eskudunek emandakoak. (Agiri hau izanez gero bakarrik).
  • Lizitatzaileen erregistroa

    Xedea da Bizkaiko Foru Administrazioko organoekin kontratuak egin nahi dituzten enpresen jarduketak erraztea. Horretarako, lizitatzaile-kontratisten erregistroa jartzen du haien eskura. Administrazio-kontratazioaren tresna osagarri gisa, erraztu egingo dizkie, administrazio-kontratazioari buruzko legeriak aginduta, administrazioaren arloan deitzen diren prozeduretan –adjudikatzeko era edozein dela– parte hartzen dutenean egin beharreko izapideak. Horretarako, erregistro horretan eman ahal izango dute izena.