2019(e)ko abenduaren 26(a) 10:00

Bizkaiko 373 ETE berrikuntza sustatzeko 2i programaren onuradun izan dira 2017an sortu zenetik

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak Bizkaiko enpresen berrikuntza eta inbertsio aurreratuko 480 proiektu lagundu ditu guztira, 15,8 milioi eurorekin.

Ekonomia Sustatzeko Sailak lurraldeko enpresen lehiakortasunari ematen dion babesari eusten dio legegintzaldi honetarako lehentasunen artean eta berrikuntza sustatzen jarraituko du, helburu hori lortzeko giltzarri handietako bat den aldetik. Ildo horretatik 2017an berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programa jarri zen abian. Programa horren bidez 3 urte hauetan 373 enpresa lagundu dira, eta guztira 15.879.377 euroko inbertsioa egin da.

Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, azaldu duen bezala, 2i programa berrikuntzari ekiten dioten enpresa txiki eta ertainentzat pentsatutako tresna da. Berrikuntza aurrerapen teknologikoekin erlazionatzeko joera dugu beti, baina berrikuntza kontzeptu askoz zabalagoa da, enpresa baten arlo guztiak hartzen dituena eta prozesuak eta lehiakortasuna hobetzea helburu duena. Ia enpresa guztiek, txikiak izanagatik ere, badute berritzeko tartea. Eta jakin behar dute Bizkaiko Foru Aldundiak badituela lehia-jauzi hori errazteko tresnak, esan du.

2i programak martxan daramatzan hiru ekitaldietan proiektu berritzaileen 749 eskaera aurkeztu dira. Batez beste % 64 laguntzen dira 33.000 euro inguruko batez besteko dirulaguntzarekin. Proiektu eta ekimen horiek guztiak diruz laguntzeko oinarri osoa hartzen badugu, programa honekin Bizkaiko ETEetan berrikuntzan eta inbertsio aurreratuan 122,46 milioi euro mobilizatzea lortu dugula esan behar dugu, azpimarratu du Basurkok.

2019ko ekitaldiko datu zehatzei dagokienez, 157 eskaera lagundu dira, aurkeztutako 234 eskaeretatik. Guztira, 154 enpresari eman zaie laguntza, 4.849.550 euroko inbertsioarekin eta horrela 43 milioi euro mugitu dira berrikuntza-proiektuetan.

2i programaren onuradun diren enpresen profila askotarikoa da. Batez besteko plantilla 30 langilekoa da, eta sektoreka manufaktura-industrian, jarduera zientifiko eta teknikoetan eta informazio eta komunikazioetan aritzen diren ETEak nabarmentzen dira.

2i Dekretua

2i programaren xedea enpresa-lehiakortasuna hobetzeko jarduerak laguntzea da enpresako edozein arlotan berrikuntza-proiektuak garatuz, eta berrikuntza hori hala teknologikoa nola ez-teknologikoa izan daiteke. Dekretu hau Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, 5 eta 100 pertsona bitarteko plantillarekin, horien jarduera industria, eraikuntza, garraioa, industriarekin lotutako zerbitzuak, turismoa eta handizkako merkataritza sektoreetakoa bada.

Ekonomia Sustatzeko Sailak aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du berrikuntzak egin eta jauzi lehiakorra eman nahi duten enpresa eta pertsona ekintzaile guztientzat. Saileko bulegoetan eta Beaz webgunean arreta emateaz gain, informazio eskaerak egin daitezke eta www.123innovacion.eus webgunean dauden laguntza eta dirulaguntzen dekretuak kontsulta daitezke.


Bideoak


Audioak