2019(e)ko abenduaren 02(a) 14:34

Habitat Bizkaia programak etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko prozesuan duen eraginkortasuna berretsi du

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Kanpoko ebaluazio batek ondorioztatu duenez, bizitegi-bazterketa larria jasaten duten pertsona horien bizi-kalitatea, gizarteratzea eta gizarte-babesa areagotzeko helbururik gehienak erdiesten ari dira. Batzar Nagusietako Batzordean ere aurkeztu da Bizkaia Koopera programa, Bizkaiko Garapenerako Lankidetzan eragile berriak inplikatzea xede nagusitzat duena.

Kontxi (Habitat Bizkaia).

Laespada: “Gure asmo sendoa inor atzean ez uztea da”

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri duen 'Habitat Bizkaia' programak erakutsi du, kanpoko ebaluazio-azterlan baten arabera, eraginkorra dela etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko prozesuan.

Programa honek etxerik gabeko pertsonari etxebizitza iraunkorra eskaintzen dio, eta horrezaz gainera gizartean esku hartzeko laguntza ere ematen dio. 

Kanpoko ebaluazioa gaur aurkeztu dute Batzar Nagusietan, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak berak eskatuta egin duen agerraldian.

Ebaluazio horrek ondorioztatu duenez, lortzen ari dira pertsona horien bizi-kalitatea, gizarteratzea eta gizarte-babesa areagotzeko helbururik gehienak.

Era berean, gehiago egokitzen zaizkie gizarte-araudiari, gizarte-trebetasunei eta erkidegoaren onarpenari, eta horrek guztiak nabarmenkiro murrizten du pertsona horiek iraganarekiko duten gizarte-gatazka. 

Diputatuak azaldu duenez, 'Habitat Bizkaia' programa izan zen bere sailak gizarte arloan landu zuen ekimen berritzaileetako bat, bizitegi-bazterketa larriari aurre egiteko beste programa batzuekin bat egin zuena.

Halaber, azpimarratu duenez, programak "inor atzean uzten ez duten" gizarte-politikak gauzatzeko borondateari erantzuten jarraitzen du, "ikuspegi eraginkorragoetatik, iraunkorragoetatik eta bideragarriagoetatik".

‘Habitat Bizkaia’ programak ‘Housing First’ metodologia du oinarri. Metodologia horri dagokionez, etxebizitza egonkorra ez da gizarteratze-prozesu baten amaiera, baizik eta, alderantziz, gizarteratzeko ibilbide baten abiapuntua. Horrenbestez, kalean bizi ohi denaren duintasun pertsonalaren eta giza eskubideen errespetuaren aldeko apustua da.

'Habitat Bizkaia' programak gizarte-politika integrala oinarri duen planteamendu batetik jorratzen du etxegabetasuna, pertsona erdigunean jarririk, bere gizarteratze ibilbidearen protagonista izan dadin. Eskema horren eredura, erkidegoan normalizaturik dagoen ingurune batean bizi da, herritartasunari dagozkion eskubideak erabat eskuratzea erdieste aldera.

Gaur egun, 18 erabiltzaile daude (horietako hiru emakumeak), eta 21 dira programa abian jarri zenetik onuradun izan direnak (2016an: zazpi pertsona; 2017an: hamar pertsona; 2018an: hiru pertsona).

Pertsona horien hautaketa Aldundiko teknikariek, erakundeek eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek lankide jardunik gauzatu da, gizarte-bazterkeriari doakion egoera zehazteko irizpideen arabera: etxerik gabe luzaroan egotea, adimen-gaixotasun larriak, desordena konkurrenteak eta patologia fisiko kronikoak  izatea, eta abar.

'Habitat Bizkaia' programak Housing First metodologiako beste esku-hartze batzuekin erkaturik duen ezaugarri bereizgarria ondokoa da: programan sartzen diren etxerik gabeko pertsonak ez direla ausaz hautatzen; aitzitik, kalean bizi diren eta egoerarik latzenak jasaten dituzten pertsonak hautatzen dira, hots, beste ezein zerbitzutan sartzen ez direnak eta adimen-osasunaren alorreko arazoak edota adikzioak dituztenak. Beste modu batera esanda, gainerako esku-hartzeekiko mesfidantza handia duten pertsonak.

‘BIZKAIA KOOPERA’

Agerraldian, diputatuak berak eskatuta, "Bizkaia Koopera" garapenerako lankidetza proiektua aurkeztu du. Proiektu horri dagokionez, ondoko elkarte eta erakundeak ditu lankide: ABAO Bilbao Opera (Boliviako Antzerki Eskola Nazionalaren laguntzarekin), AED Emakume Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea (Senegaleko Dieupeul Derkle-ko ‘Association des Femmes pour le Developpement Local’ izeneko elkartearekin batera), Bilboko Ostalaritzako Goi Eskola ("África Avanza" deritzon erakundearekin batera), Athletic Club Fundazioa (Peruko Villa El Salvador-eko kirol eta garapen elkartearekin batera), 'Mujeres por África' izeneko Fundazioa eta Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioa (Olafur Eliasson artistarekin eta 'Senegalerako Argiak' deritzon proiektuarekin).

"‘Bizkaia Koopera’ programak 2030 Agenda beste modu batera bultzatzeko apustua izan du iturburu. Formula berriak bilatze aldera. Izan ere, programa honek gizarte-berrikuntza du xede, proiektu honetan ere inor atzean ez uzteko, ez hemen ez eta hemendik kanpo ere. Bizkaian Lankidetzari doakion gizarte-oinarria zabalduz eta indartuz. Gurean zeharo erroturik dauden erakundeen gaitasunei balioa emanez, ikuspegi eta ideia berriekin, lankidetzaren erronkak aurrera eramate aldera", adierazi du, amaitzeko.


Argazkiak


Bideoak