2019(e)ko azaroaren 29(a) 18:00

Europako industria-ondarearen sareak turismoko bere aintzatespen garrantzitsuena eman dio Lan Encartada Fabrika-Museoari

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Lorea Bilbaok, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, gaur arratsaldean jaso du Museoaren ziurtagiria, hori lortzen duen Euskadiko lehena.

ERIH (European Route of Industrial Heritage) industria-ondarearen Europako sareak 'Anchor Point' saria eman dio Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen La Encartada Fabrika-Museoari. Ziurtagiri horren bidez Bizkaiko industria-museoa industria-ondarearen Europako turismo-ibilbideko "Ainguraleku" edo enklabe nabarmen gisa egiaztatzen da.

ERIH, Europako ondare industrialaren sare turistiko garrantzitsuenak, Enkarterriko museoaren "garrantzi historikoa eta erakargarritasun kulturala" aitortzen du, eta Europako historia industrialerako gune turistiko garrantzitsuenen ibilbidean sartzen du. Izan ere, La Encartada Fabrika-Museoa Euskadiko lehen Ainguralekua, eta bakarra,  da.

Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak gaur arratsaldean jaso du diploma, Alemaniako Meerbusch herrian zentralizatuta dagoen industria-ondarearen sarearen zuzendaritza batzordearen eskutik, eta turismo industrialaren arloan garrantzitsuena den aitortza horren garrantzia nabarmendu du.

Europako erakundeak, era horretan, balioan jartzen ditu museo bihurtu den Balmasedako fabrika zaharraren berezitasuna eta hala multzoa osatzen duen makineriaren nola eraikinaren eta inguratzen duen ingurunearen kontserbazio-egoera. La Encartada lantegia, artilea lantzen 100 urtez aritu zena, Bizkaiko Foru Aldundiak kontserbatzen eta kudeatzen duen museoa da gaur egun.

Aintzatespen horrekin industria-ondarearen sareak ere aintzat hartzen ditu museoak eskaintzen duen jarduera-programa anitza (ikastetxeentzako urteko hezkuntza-programa, familientzako jarduerak eta berdintasun- eta genero-programa, besteak beste), aldi baterako ekitaldiak eta erakusketak egiteko eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak, adibidez moda-topaketak, eta jendaurreko arreta.

ERHI (European Route of Industrial Heritage)

ERIH (European Route of Industrial Heritage) Industria-Ondarearen Europako elkarterik garrantzitsuena da, eta bertan batzen dira Europako industria-ondarearen baliabide garrantzitsu eta interesgarrienak. Hala, ERIH-ek konexioak ezartzen ditu eta industria-ondarea Europako kultura-sare baten sartzen du.

ERIH 100 'Anchor Point' edo ainguraleku baino gehiagoz osatuta dago, eta horien artean orain La Encartada nabarmentzen da. Gainera, Europako 47 herrialdetan eta UNESCOren Munduko Ondarearen industria-ikuspegietan eta ondare eta arkeologia industrialeko erakundeetan 1.750 espazio baino gehiago daude, eta horiek ere ez dira oharkabean pasatzen ERIH-ren prestakuntzaren barruan.

La Encartadaren historia

La Encartada fabrikak artilea lantzen eman zituen 100 urte; horrela, hainbat artikulu egiten ziren, besteak beste, txapelak -bere produktu nagusia-, mantak eta oihalak.

La Encartadaren balio handietako bat makineriaren bilduma aparta da; makina horietatik gehienak ingelesak eta XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierako urteetakoak dira. Ia osorik gorde ditu bere irudi eta hornidura teknologikoa eta osorik mantentzen ditu ekoizpen-prozesuko elementu guztiak, lehengaia gordinik jasotzetik paketatze eta bidaltze prozesura arte. Horregatik, 2007an, La Encartada Fabrika-Museoa industria-museo bihurtu zen.