2019(e)ko azaroaren 22(a) 12:34

Aldundiko Suhiltzaileek Estatu mailako Egitura-suteei buruzko II. Workshopa antolatu dute

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Estatu osoko 54 suhiltzaile-zerbitzutako 200 profesional bildu dira ostiral honetan Bilbon eraikinetako suteak itzaltzeko metodo onenak aztertzeko egin duten bilera teknikoan. Ekitaldi hau suteen arloan erantzukizun operatiboa, plangintzakoa edo prestakuntzakoa duten suteak prebenitzeko, itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako kideei zuzenduta egon da. Workshop horren helburua zerbitzuen arteko lankidetza-sistemak sustatzea da konponbide operatibo eraginkorrak bilatzeko eta egitura-suteetan esku hartzean segurtasuna hobetzeko, bai eta ikerketan eta azterlan zientifikoetan oinarritutako ikuspegi operatibo berriei buruzko ezagutza partekatzea ere.

Egitura-suteei buruzko II. Workshopa

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek Egitura-suteen II. Workshopa burutu dute ostiral honetan Bilboko Ondare Aretoan. Ekitaldi hau erantzukizun operatiboa, plangintzakoa edo prestakuntzakoa duten suteak prebenitzeko, itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako kideei zuzenduta egon da .

Estatu osoko 54 suhiltzaile-zerbitzutako 200 profesionalek parte hartu dute topaketa tekniko garrantzitsu honetan. Bertan egitura-suteak itzaltzeko metodo onenei buruzko informazioa eta esperientziak trukatu dituzte; egitura-suteak dira eraikinetan hedatzen direnak eta, beraz, hiri edo hiriguneetan ohikoenak direnak.

Helburuak hauek izan dira: suhiltzaileen zerbitzuek egitura-suteak itzaltzeko dituzten erronka berriak agerian uztea -bereziki biktimen biziraupenari dagokionez-; hiriko suteak itzaltzeko eraginkortasuna areagotzen duten taktika operatibo berriei buruzko ezagutza partekatzea; suteak aztertzeko teknologia berriak aurkeztea, egitura-inguruneetako suaren dinamika hobeto ulertzen laguntzeko; eta zerbitzuen artean lankidetza sistemak sustatzea eta planifikatzea egitura-inguruneko esku hartzeetan suteak itzaltzeko eta salbamendurako irtenbide operatibo eraginkorrak bilatzeko.

Egitura-Suteen Taldearen proiektua

Egituren barruko suteak itzaltzea suhiltzaileek aurrez aurre izaten dituzten esku hartze ohikoenen artean dago, eta, batez ere, suhiltzaileentzat arrisku handiena eragiten duena da. Azken urteetan asko aurreratu da esku hartzeko tekniken eta taktiken analisietan. Ezagutza hori suhiltzaileen eremu profesionalean bildu eta zabaltzeko Egitura-Suteen Taldea sortu da. Talde hori Estatu osoko 32 instruktorek osatzen dute eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko langileek ere parte hartzen dute. Proiektu hori, hain zuzen ere, jardunaldi honetan aurkeztu da.

Guztira, suteen aurkako borrokan urteak daramatzaten profesional ezagunek zortzi hitzaldi eman dituzte. Horrela, Eduardo Loma-Ossoriok (Valentziako udaleko Suhiltzaileak) "Corona de Aragón eta Windsor eraikinen suteen analisi informatikoa" aurkeztu du; Juan Carlos Muñozek (SPEIS Guadalajarako Partzuergoa) eta Alfonso Pérezek (Cuencako Partzuergoa) "Benetako suarekin entrenatzeko didaktika" gaia garatu dute; eta Albert Bartolomé (ikertzailea, industria-ingeniaria. HEFEST enpresa) "Aireztapenaren ondorioak egitura-suteen ikerketan" gaiari buruz mintzatu da. Beste alde batetik, Pedro Fuentes (Catalunyako Generalitateko Suhiltzaileak) "Egitura-suteen ikerketa, simulazioa eta analisia" azaldu du eta J. Miguel Bassetek (Valentziako Suhiltzaileen Partzuergoa) "Sute infra-aireztatuen bilakaera" azaldu du. Arratsaldean hitzaldi hauen txanda izan da: Jose C. Carrónek (Caceresko Probintziako Diputazioko Suhiltzailea) "Rescue Intervention Teams-engandik ikasiz" hitzaldia aurkeztu du; Pablo Bojek (Malagako udaleko Suhiltzaileak) "Eraginkortasuna, efizientzia eta segurtasuna sua itzaltzeko ura aplikatzean" hitzaldia eman du eta, azken hitzaldia "Ehunen babesa sutean" izan da, David Solanak eta Juan Carlos Campañak eman dutena.


Argazkiak