2019(e)ko azaroaren 22(a) 12:23

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko lanak erritmo onean doaz 2023an AP68 errepidearekin lotzeko

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, iragarri du 12 hilabeteren buruan Arnotegiko tunelaren kalea errealitate izango dela

Bizkaiko Foru Aldundiak Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen eta AP68 errepidearen arteko konexioa 2023an operatibo egotea lortzeko aurreikuspenari eusten dio. Hala baieztatu du Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Peñaskal inguruan egiten ari diren lanak bisitatu dituenean, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren faseko (edo 1b faseko) obrak zatitu diren hiru zatietako lehena.

Lehen tarte horretako lanak, 9A izenez ezagutzen dena eta Peñaskaleko lotunetik Bolintxura doana, urtarrilean hasi ziren. Zati ia osoa Arnotegiko tunelen barruan burutuko da. Imanol Pradalesek iragarri du 12 hilabetetan errealitate izan daitekeela tunelaren kalea. Bisita honetan egiaztatu ahal izan dugu Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren faseko lanak oso erritmo onean doazela. Peñaskal eta Bolintxu arteko zati horretan Arnotegiko bi tunelak izango direnen herena baino gehiago aurreratu dute dagoeneko. Metroz metro aurrera egiten duen zulaketa da eta dagoeneko 502 metro aurreratu ditugu hodi baten, eta 549 bestean, zulatu beharrekoak 1.750 metro baino zerbait gehiago direnean, azaldu du.

Hurrengo tartea 9B da, Bolintxu eta Beteluri artekoa, eta bi azpiataletan banatzen da: Bolintxu-Beteluriko lotunea eta Seberetxeko tunela.

Diputatuak zehaztu duen bezala Bolintxu inguruan lan guztiak alde horrek ingurumenean duen garrantzi bereziak baldintzatuta daude. Horrela irteerako ahoa Bolintxun inguratutako mikropiloteen bidezko pantaila batzuekin (aurrealdea eta alboak) konpondu da hondeatu beharreko bolumena minimizatzeko. Bolintxu errekaren ahoratzearen indusketa bi fasetan egingo da, ingurumen arrazoiengatik.

Pradalesek, halaber, iragarri du lanek aurrera egiten dutela azpiegitura osoan. Obra ezin hobeto ikusten da Beteluri aldean; esparru horretan lehen jarduketak aire zabalean egiten ari dira. Orain arte lur-erauzketa egin da MHSren eta AP68 errepideen arteko lotura kokatzeko eta Seberetxeko tunelaren indusketa hasteko. Beraz, epeak betetzen ari dira MHS eta AP68 2023. urtean lotuta egon daitezen, Bizkaiko mugikortasunerako funtsezko azpiegitura osatuz, ziurtatu du.