2019(e)ko azaroaren 21(a) 21:00

Oparotasun inklusiboari buruzko nazioarteko lehen rankingaren aurkezpena Bilbon

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Indize berri honen arabera Zurich da munduko lehen hiria da "oparotasun inklusiboan" eta Bilbo 20. postuan kokatzen da

Zürich da munduko lehen hiria inklusibitate ekonomikoari eta sozialari dagokionez. Horrela eman da ezagutzera gaur Bilboko Guggenheim Museoan egin den oparotasun inklusiboaren lehen indizearen aurkezpenean.

PICSA Indizea (Prosperity & Inclusion City Seal and Awards) INSEAD, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren ekimena da eta D&L Partners-ek egiten du. Helburua hirien aberastasuna neurtzea da, baina ez soilik haien hazkunde ekonomikoan oinarrituta, ongizatearen kalitatea eta banaketa ere kontuan hartzen direlako. Indize hori egiteko abiaburu nagusitzat erabaki da barne produktu gordina (BPG) oso oinarrizko neurketa dela, desberdintasun mailak kontuan hartzen ez dituena. PICSA Indizeak, aldiz, hainbat faktore neurtzen ditu, besteak beste etxebizitzaren eskuragarritasuna eta hezkuntzarekiko eta osasun-laguntzarekiko irisgarritasuna, baita BPG per capita ere.

Horrela, ranking berri honek mundu osoko 113 hiri neurtzen eta sailkatzen ditu, ez bakarrik hiri horien tamaina eta oparotasunaren arabera, baizik eta herritar guztientzako ingurune inklusibo eta oparoak sortzeko egiten dituzten ahaleginen arabera. Hala, Bilbo Top 20an sartzea, besteak beste, hiribilduko biztanle guztien osasuna eta ongizatea lehenestearen ondorio da, eta Europako graduatu-tasarik handienetakoa edukitzean.

Top 20

  • Zürich da lehen postuan sailkatu dena eta puntuazio oso ona lortu du neurketa guztietan, batez ere bizi-kalitateari, lanari, etxebizitzari, aisiari, segurtasunari eta hezkuntzari dagokienez -adierazi behar da Suitzako goi-mailako hezkuntza sistemak puntuazio bereziki altua lortu duela.
  • Viena bigarren postuan dago, osasunaren arloko laguntzan puntuazio altuenetako bat lortuz. Austriako hiriburuak Europako osasun-sistemarik onenetakoa du, biztanle bakoitzeko medikuen per capita proportzio altuari esker eta, horren ondorioz, ia ez da itxaronaldirik izaten.
  • Europa da rankingeko liderra; 20 hiri onenetatik 15 kontinentean daude. Horiei AEBetako lau hiri gehitu zaizkie (Ottawa 8. postuan, Washington DC 11. postuan, Seattle 14. postuan eta Boston 16. postuan). Taipei da hiri onenen artean sartzea lortu duen Asiako bakarra (seigarren tokian).
  • Munduko hiririk aberatsenetako asko ez dira ari beren herritarrentzat ekonomia inklusiboak sortzen, eta horrek argi erakusten du hazkunde ekonomikoaren ohiko neurketak barometro eskasak bihurtu direla arrakasta ekonomikoa epaitzeko orduan. Izan ere, munduko 10 hiri aberatsenek ez dute puntuazio ona lortu oparotasun inklusiboari dagokionez. Londresek du puntuaziorik altuena eta 33. postuan dago, eta New York 38. postuan geratu da.
  • Sortzen ari diren merkatuetan 10 hiririk onenak honako hauek dira: San Petersburgo (50); Bukarest (53); Mosku (59); Zagreb (69); Sofia (72); Montevideo (76); Buenos Aires (78); Istanbul (79); Belgrado (80) eta Bangkok (81).
  • Afrikako, Asiako eta Hego Amerikako hiri askok lortu dituzten puntuazioek indizearen azken postuetan kokatu dituzte eta pobreziari eta desberdintasunei dagokienez agerikoak dira dituzten erronka izugarriak.

Bilbao Bizkaia

Bilbo hiria eta Bizkaia nazioarteko rankingeko 20. postuan daude eta tokiko administrazioek beren politiketan desberdintasunari nola aurre egin diezaioketen eta biztanle guztientzako gizarte oparoa garatzen nola lagun dezaketen azaltzen dute. Asier Aleak, Bizkaiko Foru Aldundiko proiektu estrategikoen zuzendariak, azpimarratu du hazkunde ekonomiko jasangarriak garatzerakoan gero eta garrantzitsuagoa dela hazkunde inklusiboaren kontzientzia: Gobernuek eta sektore pribatuak gero eta gehiago aintzatesten dute arrakasta modu berrietan epaitu behar dela: osasuna, etxebizitza eskuragarriak eta bizi-kalitatea bezalako faktoreak enpleguaren eta diru-sarreren maila berean jarri behar dira oparotasuna neurtzen denean. PICSA inoiz egin den lehen sailkapen ez-komertzialeko indizea da eta ekoizkortasunaren neurketa berria egiten du. Hori funtsezkoa da hiriek arrakasta izan dezaten profesionalen eta ekintzaileen mugikortasun handia dagoen munduko ekonomia lehiakor batean. Eta pertsonak ez dira soilik aberastasunak erakarrita sentitzen; bizi-kalitatea duten lekuak bilatzen dituzte. Gizarte mota hori sustatzen duen hiri batek bere sormen-irudimenaren onurak jasoko ditu.

Bruno Lanvin doktoreak, D&L Partners-en sortzaile eta CEOak, azaldu duenez, tentsioak aberastasun-indize altuak dituzten lekuetan ere sortzen dira, Paris, Hong Kong eta Santiago bezalako hirietan azkenaldian izan diren istiluek erakusten duten bezala. Desberdintasunak -benetakoak edo hautemandakoak- ezegonkortasunaren eragile eta erregai dira. Oparotasun inklusiboak hirien estrategien ardatza izan beharko luke, etorkizun iraunkorra izateko. Ekitaterik eta inklusiorik gabe hazkunde ekonomikoa ez da jasangarria. Hazkunderik gabe ekitatea pobreziaren birbanaketa baino ez da. Hirien jarduera oparotasun inklusiboaren zutabe desberdinetan neurtuz, PICSA indizeak egiten duen bezala, politikak formulatzeaz arduratzen direnek eremu jakin batzuetan emaitza onena dutenak identifika ditzakete eta jardunbide egokien ibilbide-orriak ezarri.

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, azpimarratu du PICSA Indizea funtsezko tresna bihurtuko dela hiriak pertsonak eta haien beharrak politiken erdigunean kokatzeko egiten dituen ahaleginei laguntzeko. PICSA Indizea oso garrantzitsua da, egiten dugun guztiaren erdigunean pertsonak jartzeko Bilboren ahaleginak babesten dituelako. Hiria mundu mailan aintzatetsia izan da bere hiri-eraldaketagatik. Baina, horrez gain, etorkizunean pertsonen beharrizanetan oinarritzen den garapen ekonomikora iristeko bidean aurrera egiteko neurriak hartu ditugu. Horrek berekin dakar kalitatezko enplegua sortzea eta ingurune segurua eta jasangarria eratzea. Bilboko jende gaztea zaintzea eta talentua erakartzea ere esan nahi du. Bilbok bere nortasun berezia du, eta bizitzeko eta lan egiteko lekurik onenetakoa garela ziurtatzea da gure egitekoa. PICSA Indizea ezinbesteko tresna izango da hori lortzen laguntzeko.

PICSA zigilua

20 hiri onenek PICSA zigilua -oparotasun inklusiboa sustatzeko puntuaziorik handiena lortzen duten hiriei ematen zaiena- jaso dute gaur gauean Guggenheim Bilbao Museoan egin den ekitaldian. Aurkezpen ekitaldian mundu osoko hirietako alkateek eta politika-adituek hartu dute parte eta hiriek oparotasun inklusiborako bidean buru izateko moduari buruzko hausnarketak eta ideiak partekatu ahal izan dituzte.

  1. Zurich
  2. Viena
  3. Copenhagen
  4. Luxenburgo
  5. Helsinki
  6. Taipei
  7. Oslo
  8. Ottawa
  9. Kiel
  10. Geneva
  11. Washington, DC
  12. Munich
  13. Praga
  14. Seattle
  15. Stockholm
  16. Boston
  17. Amsterdam
  18. Berlin
  19. Eindhoven
  20. Bilbo

Kategoria Bereziko Sariak

Indizeak maila bereziko hiru sari ematen ditu eta horietan Singapur, Montreal eta Kigali aintzatetsi dira.

Singapurrek Jasangarritasunari eta Gizarteratzeari buruzko Ikuspegi Berritzailearen saria lortu du bere etxebizitza publikoaren politikagatik, bertan bizi den populazioan aniztasuna sustatzen duelako. Curitiba hiriak bigarren postua lortu zuen.

Montrealek Oparotasun Inklusibora iristeko Genero-lidergoaren saria irabazi du. Hiriak alkate andre bat eta generoari dagokionez orekatuta dagoen udal kontseilua ditu. Bigarren postua Madrilentzat izan da.

Kigali lehenengoa sailkatu da Oparotasunerako Praktika Sortzaileenen eta Inklusiboenen kategorian. Afrikako hiri honek ahalegin itzela egiten du garbi mantentzeko politiketan eta, besteak beste, hilero garbitasunerako lan komunitarioen kanpaina bat egiten da eta bi hilean behin autorik gabeko egun bat kutsadura murrizteko eta kaleko kirol masiboak sustatzeko. Tirana bigarren geratu zen.

D&L Partnersi dagokionez

D&L Partners estrategia globaleko aholkularitza-enpresa bat da, gobernu eta erakunde multinazionalei berrikuntzari, trebetasunei eta teknologiari buruzko aholkularitza ematen espezializatua.

PICSA Indizea Bruno Lanvin doktoreak zuzentzen du; ibilbide profesional luzea du, besteak beste Munduko Bankuan izan dituen zuzendaritza-karguekin. Munduko Bankuan Garapenerako Programarako informazioa kudeatu zuen (infoDEV), Nazio Batuetako zuzendari nagusiaren kabinete-buru moduan NBEn 20 urte eman ondoren.