2019(e)ko azaroaren 21(a) 12:21

OLBE Bilbao Operak Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Koopera programaren lehenengo proiektua amaitu berri du

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Bizkaia Koopera Bizkaiko Aldundiak kooperazioari beste ikuspegi bat emateko egindako apustua da. OLBE Bilbao Operak bere gizarte-programa nazioartekotu du, eta, horretarako, jarduerak antolatu ditu Boliviako lau hiritan eta bikaintasunaren bi prestakuntza-beka eman ditu Bilbon.

Diego Paesano.

Laespada: "Betebehar etikoa da begiak ireki eta gure ingurura begiratzea"

OLBE Bilbao Operak Bizkaia Koopera programaren nazioarteko lankidetzarako lehenengo proiektua amaitu berri du. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak sustatzen du programa eta Garapenerako Lankidetzaren esparruan bideratu da.

Tailer nomadak. Prestakuntza-jarduketa Bolivian

Proiektuaren xede nagusia da herrialderako kultura-kudeatzaileak profesionalizatzea, eta antzerkia ikasten hasteko Tailer Nomadak programaren bitartez gauzatu da. Tailerrak Boliviako Antzerki Eskola Nazionaleko trebatzaileek garatu dituzte Trinidad, Cochabamba, Tarija eta La Paz hirietan baliabide gutxien dituzten kolektiboentzat.

Boliviako Antzerki Eskola Nazionala kultura-erreferentzia da herrialdean, eta baliabide urriak dituzten eta bazterkeria-arriskuan dauden gazteei aukera ematen die arte eszenikoen eremuko prestakuntza jasotzeko. Era horretan, kultura gizarteratzeko tresna gisa bultzatzen dute antzezlanak eskainiz, literatura-tailerretara animatuz eta askotariko ekitaldi, jaialdi, kultura-topaketa eta mintegietan parte hartzea sustatuz.

Bikaintasunaren bi prestakuntza-beka Bilbon

Proiektuko adar gisa, OLBE Bilbao Operak operaren inguruko bikaintasunaren bi prestakuntza-beka bultzatu ditu. Prestakuntza-aldiak sei aste iraun du (urritik azarora), eta Giuseppe Verdiren Jerusalem opera agertokira igotzeko lanekin batera garatu da; izan ere, emanaldia oraintxe eskaintzen da Bilboko Euskalduna Jauregian eta estatu osoko estreinaldia izango da.

Diego Paesano eta Carmen Rocha Boliviako Antzerki Eskola Nazionaleko bi irakasle gaztek jaso dute beka, eta hasiera-hasieratik ibili dira opera muntatzeko eta garatzeko beharrezkoak izan diren jarduera guztietan laguntzen. Irakasleak direnez, ikasitako guztia eskolako ikasle guztiei helarazi ahal izango diete. Bestalde, OLBE Bilbao Opera gazte horien eta Bizkaiko antzerkigintzaren eta arte eszenikoen sareen arteko harremanak bultzatzen ari da, bi udalerrien artean sinergia edo loturak sortzeko.

Paesano eta Rocharen presentzia eta jarduerak gaur azaldu dira OLBE Bilbao Operaren egoitzan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira bi gazteak, Juan Carlos Matellanes erakunde horretako presidentea, Marcos Malavia Boliviako Antzerki Eskola Nazionaleko zuzendaria eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua.

Laespada diputatuak azaldu duenez, betebehar etikoa da begiak ireki eta gure ingurura begiratzea, inguratzen gaituzten desberdintasunei espiritu kritikoz begiratzea. Bizkaian erreferenteak diren erakundeekin elkarlanean aritzean hasi ginen. Lankidetzaren arloko eragile bihurtzen dira. Esku hartze eremu bakoitzean duten esperientzia ematen dute. Bazkide apartak dira , azaldu du.

Juan Carlos Matellanes-ek hauxe azaldu du: Proiektu honetan parte hartzearekin batera, OLBE Bilbao Operak gizarte-erantzukizunarekiko duen konpromisoa ematen du ezagutzera, eta, guretzat, aurrerapauso handia izan da esparru horretako gure jarduerei dagokienez, gure gizarte- eta kultura-konpromisoa nazioartekotzen ari baikara. Bizkaiko Foru Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiogu; izan ere, haren babesari esker guztiontzako kalitate oneko kultura jaso ahal izateko espazioak eta jarduerak sortzeko aukera izan dugu, gehitu du.

BIZKAIA KOOPERA

Prentsaurreko honetako protagonista izan den proiektu zehatzak Bizkaia Koopera programa du esparru orokor gisa, eta Bizkaiko Aldundiak lankidetzari beste begirada bat ematearen alde egindako apustua da.

Berritzailea da arrazoi hauengatik:

  • Bizkaian errotuta dauden erakundeekin egiten du lan Garapenerako Lankidetzako proiektuen arloan, Bizkaiko GGKEek Garapenerako Lankidetzan egiten duten lana ikusgarriagoa izan dadin eta lan horren eragina areagotu dadin.
  • Garapenerako Lankidetzan ohikoak ez diren sektoreak inplikatzen ditu Bizkaiko lankidetzarako oinarria zabaltzen saiatzeko enpresak, pertsonak, atzerritarren kolektiboak eta gure lurraldean bizi diren beste erakunde batzuk inplikatuz.
  • Bizkaiko Lankidetza Lurraldearekin lotzen du, garapenerako lankidetzaren eredu bat aurkitu eta mahai gainean jartzeko. Eredu horrek Lurralde honen potentzialtasunak birpentsatu eta garapen-eredu propio bat planteatuko du.

OLBEz gain, Bizkaia Kooperan Guggenheim Museoak ere parte hartzen du, Olafur Eliasson artistaren 'Little Sun' Fundazioarekin batera, Senegalgo Argiak proiektuarekin.

Mujeres por África Fundazioak, gure Lurraldeari dagokionez Biocruces, Kronikgune eta DeustoTech erakundeekin lankidetzan, gure unibertsitateetan Afrikako ikertzaile seniorren egonaldiak ahalbidetzeko proiektua garatzen du.

Athletic Club Fundazioak, Peruko Villa El Salvadorreko Asociación de Deporte y Desarrollo  Elkartearekin batera, gatazka kirolaren bidez kudeatuz espazio publikoak berreskuratzeko proiektuaren ardura du.

Bilbao Ostalaritza Goi Eskolaren kasuan, Africa Avanza-rekin batera, gastronomia eta ostalaritzako prestakuntza programa bat du Cabo Verden,  hain zuzen ere Isla de Sal-en.

Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED), Association des Femmes pour le Developpement Local de Dieupeul Derkle (Senegal) elkartearekin batera, emakumeen eta neskatoen enplegua, prestakuntza eta alfabetatzea sortzen laguntzeko proiektua du abian.

Eta, azkenik, B KOOPsf34-k, Yaunde Kamerun Kakaoaren Eraldaketarekin, kakaoaren ekoizpena eta familia ekoizleen bizi-kalitatea hobetzen dituen proiektua dauka abian.


Argazkiak