2019(e)ko azaroaren 21(a) 11:32

Aldundiak, edukiontzi horien ordez, %100 birziklagarria den eredua erabiliko du, eta gas naturaleko kamioiek egingo dute bilketa

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Berrikuntza horretan 7,8 milioi euro inbertitu dira eta ontzi arinak biltzeko zerbitzua eraginkorragoa eta iraunkorragoa izango da. Edukiontziaren eredu berriak bizitza erabilgarri luzeagoa du karbono-altzairuz eginda dagoelako, suaren aurkakoa da eta formaren eta pisuaren eraginez egonkortasun handiagoa du eta, beraz, zailagoa da haizearen eraginez iraultzea. GNK erregaidun kamioiek % 77 nitrogeno oxido gutxiago emitituko dute, % 70 partikula metaliko gutxiago eta % 10 CO2 gutxiago.

Ontzi arinak biltzeko sistema berriaren aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiak edukiontzi horien ordez % 100 birziklagarria den eredu bat erabiliko du eta ontzi arinak biltzeko kamioien flota berritu eta egokitu du, GNK erregaia (gas natural konprimitua) erabiltzen duten ibilgailuak erosiz eta dagoen flotaren zati bat gasolioa-GNK sistema dual batera egokituz. Aldaketa horiei esker zerbitzuak eraginkortasunean eta jasangarritasunean irabaziko du, eta guztira 7,8 milioi euroko inbertsioa egingo da gure lurraldeko hondakinen kudeaketaz arduratzen den Garbiker foru sozietate publikoaren bidez.

Edukiontzi eredu berriak forma borobilduak eta bilketa errazten duen eta eragingarriago egiten duen enbor piramidal bat ditu. Karbono-altzairuz egina dago eta % 20tik % 40ra arte birziklatutako altzairuz egina dago; hori ez ezik, % 100 birziklagarria da, eta, beraz, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak eta baldintzak betetzen ditu. Metalezko edukiontzia izateak beste abantaila batzuk ere ematen dizkio, esaterako plastikozko materialekin egindakoak baino bizitza erabilgarri luzeagoa izatea eta beste edukiontzi mota batzuek dituzten bi arazo konpontzen ditu: sua eta haizearen ondorioz iraultzea. Eredu berria suaren aurkako materialekin eta forma ergonomikoekin eraikita dago, haizearen zirkulazioa modu arinean ahalbidetzen dutenak, eta bere pisuaren ondorioz egonkortasun handiagoa du.

Garbikerrek apurka-apurka 4.290 edukiontzi berri banatuko ditu, ezarritako bilketa-ibilbideetan, lurralde osoan datorren astetik aurrera eta 2020an zehar. Edukiontziak jarriko diren lehenengo bi ibilbideak bilketa-eremu hauetakoak izango dira: Txorierrikoa (Sondika, Loiu, Zamudio, Derio, Lezama, Larrabetzu, Erandio Goikoa, Sopela eta Urduliz) eta Enkarterrikoa (Artzentales, Karrantza, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Muskiz, Sopuerta, Turtzioz, Balmaseda, Zalla, Alonsotegi eta Zierbena). Txorierriko ibilbidean lehen 400 edukiontziak banatuko dira eta Enkarterrikoan 336 jarriko dira.

Bi ibilbide horiek aukeratzeko arrazoia dituzten ezaugarriak izan dira (orografia, edukiontzien banaketa, horien kokapena...), ibilbide hauei esker Garbikerrek ordezkapen-prozesua ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko datuak lor ditzakeelako. Hain zuzen ere, ezaugarri antagonikoak dituzten bi gune direlako aukeratu dira eta horrek aukera emango du ibilbide-denborari, sarbideei, hiriguneen sakabanaketari, edukiontziak jartzeko puntuei eta abarri dagokienez egoera oso desberdinak dituzten aldeetan edukiontzien hedakuntza kontrastatzeko.

Zerbitzu honi esleitutako kamioiei dagokienez neurri handi baten berrikuntzaren ardatzak edo baldintza nagusiak ingurumena gehiago errespetatzeko borondatea eta, aldi berean, zerbitzuan bertan hobekuntzak aplikatzea izan dira. Ildo horretatik, eta erregai solidoen erabilera eta ingurumenerako kaltegarriak diren gasen isurketak murrizteko helburuarekin, GNK erregaia (gas natural konprimitua) duten 7 ibilgailu eta 6 kamioi dualizatu (gasolioa eta GNK) erostea erabaki da, bai eta lehendik zerbitzua ematen zuten beste hiru kamioi egokitzea ere, modu dualean funtziona dezaten, gasolioarekin eta GNKrekin.

3,5 milioi euroko inbertsioa eragin duen ordezkapen horren ingurumeneko onurak agerikoak dira: GNK erretzen duten ibilgailuek nitrogeno oxidoen emisioetan (NOx) % 77ko murrizketa eragiten dute, partikula metalikoen emisioa % 70 gutxitzen da eta CO2 emisioak % 10 gutxiago dira, eta ibilgailu dualizatuen kasuan % 26 NOx gutxiago isurtzen dute, partikula metalikoen kasuan % 24 gutxiago eta CO2-ren kasuan % 5 gutxiago.

Flota berriaren abantaila operatiboak bi dira nagusiki:

  • Bilketa automatizatuko sistema mono-operadore bat du, karga eta deskarga denborak murrizteko eta zamalanetan aritzen diren pertsonen lan-baldintzak hobetzeko aukera ematen duena, neurri handi batean ibilgailura igo eta ibilgailutik jaitsi behar izatea saihesten duelako.
  • Kamioiek datuak biltzeko eta pisatzeko sistema automatikoa dute, eta horri esker, datu-kantitate eta -kalitate handiagoa eskuratzeko aukera egongo da. Horri esker, aldi berean, zerbitzuaren azterketa sakonagoa egin ahal izango da eta Garbikerrek aplikatzen dituen etengabeko hobekuntza-prozesuetan sartzeko moduko ekintza berriak sor daitezke.

Argazkiak


Bideoak


Audioak