2019(e)ko azaroaren 21(a) 13:10

Bizkaibusek Lemoako geralekua kendu du Non Stop diskoteka irekitzen den egunetan

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Udalak diskotekari proposatuko dio autobus-zerbitzua jartzeko, Euskotrenen Lemoako geltokiraino

Gómez Viar_Saioa Elejabarrieta

Bizkaibusen A3911 BILBAO - ELORRIO eta A3912 BILBAO - EIBAR lineek ez dute geraldirik egingo Lemoako Bolunburu industrialdean, Non Stop diskoteka irekitzen den egunetan. Izan ere, segurtasun-eza sortzen du egungo giroak, eta ezin da gidarien eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu. Geraleku horretan ez da geraldirik egingo hurrengo eguneko goizeko 7:00etatik 10:00etara bitartean, tarte horretan gertatzen baitira istiluak (jendea diskotekatik irteten den unean).

Hori jakinarazi dio Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko titularrak Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateari, gaur goizean egoera aztertzeko egin duten bileran.

Foru-agindua igandean (azaroak 24) jarriko da indarrean, Non Stop diskotekak larunbatean (azaroak 23) irekiko baititu berriro ere ateak. Guztira, linea bietako 11 joan-etorriri eragingo die neurri horrek, hala Bilborako noranzkoan nola Durangorakoan. Aldi baterako neurria izango da, eta sortu den segurtasun ezak irauten duen bitartean mantenduko da.

EUSKOTRENERAKO AUTOBUS-ZERBITZUA

Bizkaibusen geralekua kentzeak bide-segurtasuneko arazoak ekar ditzakeenez, udalerriko alkateak konpromisoa hartu du diskotekaren jabeei proposamen hau egiteko: bezeroak Euskotrenen Lemoako geltokira eramango dituen autobus-zerbitzua antolatzea. Izan ere, horri esker, ez dira bazterbidetik oinez joan behar izango, horrek arriskua baitakarkie haiei eta une horretan igarotzen diren ibilgailu guztiei.

Autobus hori Bizkaibus zerbitzua etenda dagoen 3 orduetan ibiliko litzateke, hau da, 7:00etatik 10:00etara bitartean.

Arduradun biak ados egon dira adierazterakoan diskoteka irekitzen den egunetan ordena publikoko arazoak sortzen direla, eta batez ere Bizkaibuseko langileei eta erabiltzaileei eragiten dietela egoera horiek. Hori dela eta, elkarrekin lan egin beharra dago segurtasun eza sortzen duten egoera horiek desagerrarazteko, autobusa erabili behar dutenei kalterik egin gabe.

Neurri bi horiei esker, bermatzen da Bizkaibus zerbitzua udalerriaren gainerako lekuetan mantentzea, eta ez da, beste legegintzaldi batzuetan egin izan den bezala, Lemoatik igarotzen den linearik kendu behar izango.


Argazkiak