2019(e)ko azaroaren 20(a) 09:53

Bizkaiko Ogasunak balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalek tiketak ematea gainbegiratzen du

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasuneko agente fiskalak kanpaina bat garatzen ari dira fakturen entrega zaintzeko eta salmenten zati bat ogasunari ezkutatzen dioten kontabilitate bikoitzeko softwareen erabilera detektatzeko. Kontrol-kanpaina azken kontsumitzaileari zuzendutako negozio guztietara hedatzen den arren bereziki balio erantsi handia eskaintzen duten profesionalek garatutako jarduerak azpimarratzen ari dira.

Bizkaiko Foru Ogasuneko hogeita bat agente fiskal fakturen edo tiketen jaulkipena kontrolatzeko eta azken kontsumitzaileari horiek emateko kanpaina berri bat egiten ari dira. Era berean, Bizkaiko ogasuneko langileek establezimenduek eta profesionalek erabiltzen dituzten fakturazio-ekipoak ikuskatzen dituzte egindako salmenten zati bat ezkutatuz kontabilitate bikoitza egitea ahalbidetzen duten softwarerik instalatuta ote duten detektatzeko.

Oraingo honetan kanpaina batez ere balio erantsi handiko sektoreetako profesionalen fakturen jaulkipenaren kontrolera bideratuta dago, horrelako zerbitzuetan kontsumitzaileak ordaintzen duen zenbateko osoa edo gehiena ez delako bat etortzen produktu bat eskuratzearekin, jasotako zerbitzuarekin baizik.

Tiketak kontrolatzeko aurreko kanpainetan bezala, zergen arloko agenteek aldez aurretik hautatutako establezimenduak eta profesionalak bisitatzen dituzte, Foru Ogasunak fakturazioaren zati bat ezkutatuz iruzurra egitearen zantzuak dituenean. Nolanahi ere, kontrol-kanpaina bat da eta Bizkaia osoan eta sektore oso desberdinetako negozioetan jardungo da.

Batuzek bermatu egiten du tiketa duen edozein salmenta ogasunari deklaratuko zaiola

Foru Ogasunak gogorarazten du garrantzitsua dela kontsumitzaileek erosketa-tiketa edo faktura eskatzea; izan ere, faktura edo tiket hori erosketa edo zerbitzu bat ordaindu dutela egiaztatzen duen egiaztagiria da eta, beraz, erreklamazioak egiteko edo aldaketak edo itzulketak eskatzeko aukera ematen die. Era berean, Batuzen ezarpenarekin, fakturaren jaulkipenak salmenta hori Bizkaiko Foru Ogasunari aitortuko zaiola bermatuko du, sistema horrek faktura edo tiket guztiak etiketatuko dituelako Ogasunari salmentak ezkutatzea eragozten duen kode enkriptatu batekin, hau da, iruzur fiskalaren modu nagusietakoa dena saihestuz

Batuz 2020an zehar ezarriko da eta derrigorrezkoa izango da 2021ean Bizkaiko enpresa eta autonomo guztientzat, haien jarduera-sektorea edo negozio-bolumena edozein dela ere. Batuzen bidez jasotako informazioarekin Bizkaiko Foru Ogasunak modu integralean kontrolatu ahal izango du jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona guztien tributazioa. Era berean, ogasun aitzindari bihurtuko da 100.000 enpresa eta autonomo ingururi BEZ, PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren aitorpen proposamenak eskainiz.

Faktura batek jaso behar dituen datuak eta ez emateagatiko zehapenak

Faktura baliodun batek argi eta garbi adierazi behar du bezeroak ordaindutako zenbatekoa, jaulkitzailearen IFZ, izena edo sozietatearen izena, fakturaren zenbakia, data, egindako eragiketa eta BEZ mota.

Faktura ez jaulkitzea iruzurrezko jokabidea da eta foru araudiak 600 euroko zigorrak aurreikusten ditu faktura ematen ez duten enpresa edo profesionalentzat. Era berean, Bizkaiak zigor gogorra ezartzen dio kontabilitate bikoitzeko softwareen bidez B kutxa bat edukitzeari. Horrelako programa informatikoak instalatuta edukitzeak negozio-zifraren % 20ko zehapena dakar, gutxienez 60.000 eurokoa.