2019(e)ko azaroaren 13(a) 15:00

Urrira arteko zerga-bilketa 8.141,3 milioi eurokoa da, duela urtebete baino % 4 handiagoa

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Urrian aldundien arteko barne doikuntzetatik hirugarrena egin da eta horietan Bizkaiak 1.044,4 milioi euro ordaindu dizkie Arabari eta Gipuzkoari. Ordainketa horiek eginda, bilketa garbia 7.096,9 milioi eurora murriztu da eta % 2,8ko hazkundea izan du.

Bizkaiko Foru Ogasunak 8.141,3 milioi euro bildu ditu urtarriletik urrira bitartean, hau da, % 4ko hazkundea 2018ko epe berean lortutako kopuruarekiko (7.825,9 milioi euro).

Urrian, halaber, ekitaldi honetako doikuntzetatik hirugarrena egin da foru aldundien artean eta horretan Bizkaiak bere bilketaren % 12,8 ordaindu die, 1.044,4 milioi euro, beste bi foru aldundiei. BEZ eta zerga bereziengatik bildutako dirua lurralde bakoitzeko koefizienteetara egokitzeko Bizkaiak 805,9 milioi euro ordaindu dizkio Gipuzkoari eta 238,5 milioi euro Arabari. Ekitaldi honetan nabarmen handitu dira barne-doikuntza horiek; izan ere, hirugarren hiruhilekoan ia berdindu egin dira beste aldundiei 2018ko ekitaldi osoan egindako ordainketak, 1.096,9 milioi eurokoak izan zirenak. Hirugarren hiruhilekora arte barne-doikuntzek % 13,2 egin dute gora, baina banaketa desberdina da; izan ere Arabari egindako ordainketa % 3,7 hazi da, eta Gipuzkoari egindakoa, berriz, % 16,3.

Barne-doikuntzak kenduta, urrira arteko zerga-bilketa garbia 7.096,9 milioi eurokoa da, 2018ko epe berean baino 194 milioi gehiago, hau da, % 2,8ko hazkundea. Kopuru horrekin, ekitaldi osorako aurrekontuan jasotako diru-sarreren % 90,2 lortzen da.

Zuzeneko zergapetzeak 3.598,9 milioi euroko ekarpena eragin du, % 0,3 haziz. Kontzeptu nagusien artean PFEZ % 4,3 hazi da, eta, horren barruan, lan-atxikipenak % 5,6 igo dira. Beste alde batetik, Sozietateen gaineko Zergaren bilketa % 9,3 murriztu da. Foru araudiari lotuta dauden enpresen konturako ordainketa kontabilizatu ondoren, eta Estatuko arautegiari lotuta dauden enpresen konturako ordainketaren bigarren epea, zerga horrek 898,6 milioi euro ematen ditu, eta 2018an, berriz, 990,4 izan ziren. Jaitsiera hori kapital higigarriaren etekinen atxikipenen bilakaera negatiboaren (-19,5 milioi euro) eta zergaren kuota diferentzialaren (-65,1 milioi euro) ondorio da, batez ere.

Zeharkako zergapetzea, beste foru aldundiei egindako ordainketak kontabilizatuta, 2.878,2 milioi eurokoa da, eta % 5,5 hazi da 2018arekin alderatuta. Kudeaketa propioko BEZagatik 2.526,1 milioi euro bildu dira, eta berezien artean Hidrokarburoen (% 16) eta Alkoholaren (% 29,2) gaineko  zergen  hazkundeak nabarmentzen dira; Garagardoarena, berriz, % 29,2 jaitsi da.

Tasa eta bestelako diru sarrerekin batera, urrira arte bildutako kudeaketa propio garbiko zerga itunduen guztizkoa 6.532,0 milioi eurokoa da, % 2,6 haziz.

Azkenik, urrian Estatuarekiko doikuntzak ere kontabilizatuta daude, eta horietan Bizkaiak 708,3 milioi euro jaso ditu BEZagatik, hau da, % 6,8ko igoera izan du, eta 143,4 milioi euro ordaindu ditu zerga bereziengatik, ordainketa hori % 12,1 haziz.