2019(e)ko azaroaren 12(a) 12:28

Diseinuaren Bilbao Bizkaia Design Week astean, azaroaren 14tik 21era, ikusgai egongo dira sormen-industrien joerak

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hainbat enpresa pribatu, unibertsitate, kluster eta elkargo profesionalen lankidetzarekin, bosgarrena urtez jarraian antolatu dute Bilbao Bizkaia Design Week 2019 (BBDW19) Futureus! izenburupean Design Driven Futures. Azaroaren 14tik 21era, berrogeita hamar jarduera inguru antolatuko dira Abandon, Indautxun, Alde Zaharrean, Deustun eta Getxon dauden hogei bat espaziotan. Hain zuzen ere, sektore hauetako jarduerak izango dira: arkitektura eta hirigintza, artea, artisautza, ikus-entzunezkoa, diseinua, ilustrazioa, interiorismoa, moda, publizitatea, komunikazioa eta bideo-jokoak.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, azaroaren 14tik 21era, Bilbao Bizkaia Design Week astearen bosgarren edizioa jarriko dute martxan. Aste horretan, diseinuaren eta sormen-industrien inguruko berrogei jarduera baino gehiago gauzatuko dira Abandon, Indautxun, Alde Zaharrean, Deustun, Zorrotzaurren eta Getxon dauden hogei bat espaziotan.

Future us! izango da izenburua. Design Driven Futures, Design Week ekimenaren aurtengo edizioan, etorkizunari begira egongo gara, baina diseinua abiapuntu delarik, gure gizartearen, hirien, enpresen eta erakundeen erronkei erantzuteko etorkizunak irudikatzeko eta eraikitzeko tresna eta eragile gisa.

Testuinguru horretan, profesionalei zein herritarrei etorkizunera begiratzeko aukera emango zaie sormenarekin zerikusia duten hainbat diziplinetatik: arkitektura eta hirigintza, artea, artisautza, ikus-entzunezkoa, diseinua, ilustrazioa, interiorismoa, moda, publizitatea, komunikazioa eta bideo-jokoak.

Gotzone Sagardui Bilboko Udaleko Gobernantza eta Proiektu Estrategikoen zinegotziak adierazi duen bezala, aurtengo edizioak programa oso bat du, zeinak diseinuaren eta sormen-industrien joera berriak ulertzen lagunduko dizun, bai eta sektorearen etorkizuna nora begira dagoen jakiten ere. Diseinuari eskaintzen diogun aste hau, halaber, aukera paregabea da gure hiriko eta lurraldeko enpresa eta profesionalentzat, non sormen- industriek ordezkaritza handia duten eta talentua gure ingurura erakartzeko foku diren, bai eta hiri gisa garatzeko oinarrizko zutabe ere.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi helburu nagusi betetzeko antolatu dute ekitaldia: alde batetik, diseinua ekonomia jarduera nahiz enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna daukan sektore gisa sustatzea, eta, bestetik, lurraldeko sormen-industriek daukaten balioa agerraraztea. Guztira, 5.850 enpresa inguru dira eta 19.745 profesionali ematen diete lana Bilbon nahiz Bizkaian.

Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean % 0,5ekoa izan da, eta esparru honetan enplegua % 0,52 hazi da. Sormen-sektoreko enpresek Bizkaiko enpresa guztien % 6,4 dira, eta lurraldeko enpleguaren % 4,5 hartzen dute.

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu du erakundeak sormen-industriak sustatzeko egin duen apustua, gizartea eraldatzeko duten gaitasunagatik. Azaldu duenez, Dweek egitasmoaren bidez, sinergia eta lankidetza berriak sortu nahi dituzte sormen-industrien eta beste sektore batzuen artean. Eta, batez ere, sormen-sektoreek egiten duten lana eta sektore horiek gure garapen ekonomikoan duten eragina ikusarazi nahi dituzte. Esan duenaren arabera, talentu sortzailea eta gazteentzako enplegua sortzeaz gainera, sektore hauek turismorako eta merkataritzarako produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko ahalmena dute, baita industria tradizionalerako zerbitzu aurreratuak bideratzeko ere.

Design Week / BBDW erakundeen arteko proiektu bat da, eta errotuta dago hirian zein lurraldean; bidenabar, diseinu eta sormen-industrietako 300 enpresa eta profesional baino gehiagok hartzen dute parte.

BERROGEITA HAMAR JARDUERA INGURUZ OSATUTAKO ASTEA

BBDW2019ko / Diseinuaren Asteko programaren zortzi egunetan, milaka pertsonek aukera izango dute programatutako 50 jarduera ingurutan parte hartzeko hiriko hainbat puntu enblematikotan, tartean, Zabalguneko eraikina, Azkuna Zentroa, Bilborock, Digipen Campusa, Euskalduna Jauregia edo Guggenheim Bilbao Museoa.

"Industries & Design".

Industries & Design aurtengo edizioan, 'design-driven' kontzeptua izango da fokua, eta estatuko eta nazioarteko erreferentziazko erakundeek —Telefónica, BBVA eta D2i Design to innovate (Danimarka hegoaldeko diseinuaren klusterra)— erronka horiei aurre egiteko dituzten moduak ikasiko ditugu, bai eta berrikuntzarako estrategietan erabiltzailea integratzeko duten modua eta etorkizunerako aurreikusi diren agertokiak zein horiei aurre egiteko prest egoteko moduak ere. Yimby Sotan izango da, azaroaren 14an, osteguna, 15:30etik aurrera.

"Cities and Design".

Jardunaldi irekian Bilborentzako etorkizunen zenbait ikuspegi azaldu eta aurkaratuko dira gaian adituak diren pertsonen hitzaldien bitartez. Gainera, "Hirien etorkizunaren etorkizunak" tailerretik sortutako ideiak eta agertokiak partekatuko dira. Hauexek izango dira hizlariak: Elisabet Roselló (Bartzelona), Ane Abarrategi (Bilbo), Frances Brown de Dundee (Eskozia, Erresuma Batua) eta Karlheinz Boiger "Breathe Earth Collective" Graz-ekoa (Austria). UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarearekin lan egitean sortutako taldeko kideak dira, eta "Hirien etorkizunaren etorkizunak" tailerraren emaitzak azalduko dituzte. Ostegunean egingo da, azaroaren 14an, Yimby Sotan, 17:30etik aurrera.

Dundee (Eskozia, Erresuma Batua), hiri gonbidatua

Aurtengo edizioan, Eskoziako (Erresuma Batua) Dundee hiria izango da gonbidatua. Bilbo bezala, UNESCOren Hiri Sortzaileen Sareko kide da hori ere. Parte hartzeko, hiri horretako diseinatzaileek, artistek eta herritarrek egindako erakusketa interaktibo bi jarriko dituzte ikusgai. Zabalguneko eraikinean egongo dira azaroaren 28ra arte. Horietako bat "Shpeel" izeneko ikus-entzunezko sorkuntza bat izango da, non ikusleek 360º-ko inguru batean murgildu ahal izango diren "Avatar emozional" baten bitartez. Horrela, espazioa eraldatu eta gainerako ikusleekin hitz egingo dute. Bestea "Print City" erakusketa izango da. Bertan, modu abstraktuan irudikatuko da Dundee hiriaren hiri-paisaia, eta ikusleak beste pertsona batzuekin ibili eta eseri ahal izango dira, bai eta elkarri eragin ere.

Selected from Bilbao

Urtero, Design Week egitasmoaren barruan, azaroaren 15ean eta 16an diseinuaren urteko biltzar hau antolatzen da Euskalduna Jauregian. Selected-en helburua da inspirazio bisuala biltzea eta partekatzea, bai eta komunitatea babestea eta aktibatzea ere. Bestalde, diseinuaren gaur egungo joerak partekatu nahi dira kultuaren eta industriaren panoraman interesa duten guztiekin. Selected diseinuaren asteko agendan erabat errotuta dagoen ekitaldi bat da. Topaketa horretan kultura bisuala da protagonista, adierazpen- modu guzti-guztietan. Diziplina guztiak barne hartzen dituen eta zeharka lantzen dituen diseinuaren nazioarteko lehenengo ekitaldia da. Jarduera nagusia garaiko diseinatzaile garrantzitsuenetako batzuek antolatutako hitzaldi batzuk egitean datza.

Open Studio Bilbao Getxo

Ateak irekitzeko hiru jardunaldi izango dira, bat Getxon eta bi Bilbon, non bi udalerri horietako estudioek ateak irekiko dituzten bisita gidatuen bitartez ikasle, profesional, enpresa eta jendeari harrera egiteko. Azaroaren 18an, 19an eta 20an antolatuko dira.

Urbanbat

Urtero egiten den kultura-jaialdia da. Hirigintza eta gizarte-berrikuntza jorratzen dira bertan, eta hiriaren, herritarren, artearen, kulturaren, gizartearen eta lurraldearen arteko harremana aztertuko da bertan. Espazioak eztabaida eta harremana errazten ditu, eta, bertan, hirien lankidetzarako eraldaketaren alde egiten da lan. Bestalde, hiri-laborategi bat izango balitz bezala planteatzen da, non hitzaldiak, tailerrak, ibilbideak, erakusketak, jarduera artistikoak eta abar garatzen diren. Aurtengo edizioa hiriei eta zaintzei buruzkoa izango da, eta bi hitzaldi egongo dira Bilborocken, bat ostegunean, hilak 14, eta bestea ostiralean, hilak 15. Gainera, net-working tailer bat antolatuko da Deustun hilaren 21ean, osteguna.

Kunsthal Diseinuaren Goi-mailako Zentroan parte hartzea

Alde Zaharra React jardueraren bitartez, zentro horretako ikasleek erabiltzen ez ziren lokalen oinarrizko egokitzapena egin dute azaroaren 20an diseinuaren munduarekin zerikusia duten hainbat jarduera antolatu eta gauzatzeko. Egun horretan bertan, arratsaldeko 17:30ean, Alde Zaharretik ibilbide gidatu bat egingo dute ikasleek diseinatu dituzten erakusleihoak ikusteko.

FIG Bilbaok zortzigarren edizioari ekingo dio. Oraingoan ateak irekiko dizkie nazioartetik bertaratzen direnei eta grabatuen tailerren programa berri bat eskainiko du.

Hitzordurik ospetsuenetako bat da Europako panorama artistikoan. Guztiz errotuta dago, eta Grabatuaren eta Paper gaineko Artearen Nazioarteko Azokak (FIG Bilbao) zortzigarren edizioa antolatuko du anbizio handiko programa batekin eta berritasun garrantzitsuekin. Euskalduna Jauregian antolatuko da, azaroaren 14tik 17ra. Bertan, ehun espazio baino gehiago bilduko dira, eta hitzaldiak, zuzeneko erakustaldiak eta tailerrak eskainiko dira azokaren izaera didaktikoa indartzeko; izan ere, irudi garaikidea eta, oro har, paperaren gaineko artea zabaltzea eta babestea du xede.

​KONPROMISOA SEKTOREAREKIN

Lankidetza publiko-pribatuak programatutako ekimenen antolakuntza eta aniztasuna ahalbidetzen ditu. Bilbok eta Bizkaiak bat egiten dute apustu estrategikoan, etorkizunera eta sormen industrietatik eratorritako negozio aukeretara lotutakoa; erronka nagusia enpresa sare indartsu eta lehiakorra garatzea sustatzea da.

Design Week egitasmoak konpromiso hori irudikatzen du; ekimenean, gainera, 30 erakunde zein enpresa pribatu, unibertsitate, elkarte nahiz kluster eta elkargo profesional baino gehiago egongo dira, proposamen propioak plazaratuz edo jarduera bateratuak babestuz.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao Bizkaia Design Council (BiDc) izeneko ekimenak funtsezko egitekoa burutzen du diseinuaren ekosistema guztiaren inplikazioan. BiDc ekitaldiak diseinu nahiz sorkuntzaren alorreko erakundeak eta enpresak biltzen ditu, eta honako xede hauek ditu: sektorearen hazkundea bultzatzea eta profesionalen elkarrekintzari zein esperientzien eta praktika onen trukeari zuzendutako ekitaldiak sustatzea. Horrela, BiDc eragile gakoa da urtero munduko hirurogei hiri baino gehiagotan egiten den Diseinuaren Astea arrakastarekin bultzatzeko.

BILBAO-BIZKAIA, UNESCO-REN SORMEN-HIRIEN SAREAN

Bilbao-Bizkaiak diseinuaren alde egindako apustua aitortze aldera, UNESCOk, 2014. urtean, haren Hiri Sortzaileen Sarean sartu zuen. Hiriak eta lurraldeak elkarlanean ari dira diseinua eta sorkuntza hiri-eraldaketaren oinarrizko ardatzak izan daitezen, betiere, garapen ekonomiko zein soziala garatzen laguntzeko bokazio eta gaitasunarekin.

Foro horretan sartu zenetik, Bilbao-Bizkaia munduko hirien aparteko taldeko kidea da; bertan, besteak beste, hauexek daude: Berlin (Alemania); Buenos Aires (Argentina); Pekin, Shanghai eta Shenzhen (Txina); Montreal (Kanada); Seul (Hego Korea); Nagoya eta Kobe (Japonia); Saint Étienne (Frantzia), eta Graz (Austria). Bilborekin batera, 2014. urtean, Helsinki (Finlandia), Turin (Italia), Curitiba (Brasil) eta Dundee (Erresuma Batua) onartu ziren. Zalantzarik gabe, sareari esker proiektu partekatuak kudea daitezke eta, aldi berean, nazioarteko kooperazio ekimenak sustatu ere bai.

Informazio gehiago

http://dweek.bidc.eus/