2019(e)ko azaroaren 11(a) 12:02

Bizkaiak indartu egiten du ekonomia-sarearen lehiakortasunaren eta ekintzailetza aurreratuko bere ekosistemaren sustapena

Ekonomia Sustatzeko Saila

Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2020rako aurrekontua % 3,5 hazi da, 78,4 milioi euroraino. Enpresak sustatzeko ekimenei eta proiektuei 38 milioi euro emango zaizkie, eta berrikuntzara bideratutakoei, 25 milioi. Kanpo-sustapenean eta turismoan 9,8 milioi euroko inbertsioa egingo da ekitaldian, eta eskualdeko garapen-programek 3,8 milioi euroko aurrekontua dute guztira.

Ekonomia Sustatzeko Sailak 78.458.000 euroko aurrekontua izango du ekitaldi honetan, langileen gastuak kontuan hartu gabe, hau da, 2019ko datuekin alderatuta % 3,5 gehiago. Ainara Basurko foru diputatuak Batzar Nagusien aurrean inbertsioen xedea zehaztu du eta legealdi honetan sailaren ardatz estrategikoak direnekin lotu du: ekintzailetza, berrikuntza, kanpo-konexioa, eskualde garapena eta talentua.

Enpresa-sustapena

Enpresak sustatzeko ekimenak eta programak aurrekontuaren % 48,5 dira, guztira, 38.020.500 euro. Eremu horretan proiektu estrategikoak daude, hala nola Ezkerraldeko/Meatzaldeko parke teknologikoa (horren urbanizazioari lotuta dauden lanetarako 2,7 milioi euro jarri dira) eta Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa (horretara 2 milioi bideratuko dira 2020an). Ekintzailetzaren arloan, halaber, nabarmentzekoa da 9,8 milioiko partida ekintzailetza aurreratua bultzatzeko ekintzetarako eta 2,2 milioiko ekarpena potentzial handiko startupak hazteko finantza-tresnak sustatzeko.

Beste alde batetik, 3,2 milioi euro bideratuko dira talentuari, bikaintasunari eta kultura ekintzaile eta zientifikoari laguntzeko programetara.

Berrikuntza eta lehiakortasuna

Sailak, guztira, 25.187.400 euro bideratu ditu lurraldeko sare ekonomikoaren berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzera. Zehatzago esanda, industriaren eta zerbitzu aurreratuen berrikuntza eta lehiakortasuna laguntzeko programek, berrikuntza teknologikoan eta ez-teknologikoan eta eraldaketa digitalean eraginez, 11,8 milioi euro biltzen dituzte. Nabarmentzekoa da inbertsioari, nazioartekotzeari eta berrikuntzari laguntza integrala emateko 3i programa, 5,4 milioirekin.

ETEen nazioartekotzean laguntzeko 3,8 milioi euroko partida dago aurrekontuan eta lehiakortasun-erronkei heltzeko enpresen arteko lankidetza bultzatzeko ekintzek 2,3 milioi euroko inbertsioa dute guztira. Ildo beretik, Bizkaiko ekonomiaren sektore estrategikoak, hala nola automobilgintza eta energia, 6 milioirekin babestuko dira.

Eskualde-garapena

3.790.000 euroko aurrekontuarekin, Ekonomia Sustatzeko Sailak eskualdeko garapenari bultzada berria ematea erabaki du. Hala azpimarratu du Ainara Basurkok, Bizkaiko eskualdeak eta bere ehun ekonomikoa dinamizatuko dituzten proiektuei ekiteko diru partidak ekarriko dituzten ekimen zehatz batzuk zerrendatuz. Ekintza horien artean, eskualde-estrategiaren diseinua eta eskualdeko eta tokiko eragileekin elkarlanean egindako ekintzen garapena nabarmentzen dira, 2,8 milioi eurorekin.

Kanpo sustapena eta turismoa

Diputatuak azaldu duenez Bizkaiko Foru Aldundiak inbertitzen jarraituko du Bizkaia nazioarteko lurralde erakargarri gisa finkatzeko eta munduko nodo nagusiekin konektatuta egoteko. Horretarako Sailaren aurrekontuak 3,6 milioi euro erreserbatzen ditu ekintzak eta kolaborazioak sustatzeko.

1,8 milioi bideratzen dira lurraldea turismo-helmuga gisa sustatzera, eta milioi bat 2019ko turismoaren arloko estrategia bultzatzeko eta Bizkaiko turismo-industriaren lidergoa bultzatzeko. Ekitaldi turistiko interesgarriak 1,5 milioi eurorekin lagunduko dira.