2019(e)ko azaroaren 07(a) 17:00

Bizkaiak 2020an 21,5 milioi euro erabiliko ditu lehen sektorea sustatzeko, eta 1,2 milioi klima aldaketaren arloko ekintzetarako

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak babesa ematen die nekazaritzaren sektoreko ekoizleei eta klima aldaketaren erronka globalari heltzeko apustua sendotzen du, lurralde iraunkorrago baterako bere estrategiaren barruan. Lehen sektoreari emandako laguntzen artean honako hauek nabarmentzen dira, zenbatekoagatik: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) finantzatutakoak (7,7 milioi euro); nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko eta gazteak sektorean sartzeko laguntzak (3,6 milioi); basogintzako laguntza planean jasotakoak (3,8 milioi), eta nekazaritza-ingurumeneko eta klimako eta nekazaritza ekologikoko neurriak finantzatzen dituztenak (1,5 milioi). Artigasko zabortegia iragazgaizteko eta Konpostegia egokitzeko lanak amaitu ondoren, 35 milioira jaitsi da ingurumeneko azpiegituretako gastua. Horren barruan sartzen da 5,6 milioi euroko partida hondartzetarako, 2,22 milioikoa aisialdirako eremuetarako eta 10 milioikoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin sinatutako hitzarmenerako.

Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak,  gaur aurkeztu du Batzar Nagusien aurrean foru sail honen datorren urterako kudeaketako aurrekontuen proiektua, 73.885.000 eurokoa. Horren bidez, lehen sektoreari laguntza emango zaio eta klima aldaketaren aurkako borrokari lotutako hainbat jarduera jorratuko dira, besteak beste.

Nekazaritzako ekoizleei laguntzeko 21,5 milioi euroko laguntzak emango dira, hainbat programatan banatuta. Zenbateko handiena dutenak, beste urtebetez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) finantzatutakoak eta Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) barruan sartzen direnak dira (7,7 milioi euro); nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko eta gazteak sektorean sartzeko laguntzak (3,6 milioi), basogintzako laguntza-planean jasotakoak (3,8 milioi) eta nekazaritza-ingurumeneko eta klimako eta nekazaritza ekologikoko neurriak finantzatzen dituztenak (1,5 milioi euro). Laguntza horien artean daude, halaber, abeltzaintzako elkarteei zuzendutakoak, liburu genealogikoen kudeaketa, errendimenduen kontrola eta azoken sustapena egin ahal izan ditzaten (645.000 euro), eta nekazaritza-elkarteei zuzendutakoak (85.000 euro), elkarteak sustatzeko, prestatzeko edo bultzatze-jardueretarako, eta, halaber, Landa Garapeneko Elkarteei zuzendutakoak, erakunde horien gastuak estaltzeko eta landa-inguruneko bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak garatzeko.

Nekazaritzaren arloan, eta laguntzez harago, honako hauek ere sartzen dira: abeltzaintzako saneamendu-kanpainak eta animalien osasun-programak egiteko aurrekontu-partidak (812.000 euro), abereen gorpuak bildu eta suntsitzeko sektorerako doako zerbitzua emateko partidak (575.000 euro), Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseiluarekin egindako hitzarmena (60.000 euro) edo Gorlizko Foru Abeletxea (220.000 euro) eta Zallako Frutagintza Estazioa (53.000 euro) finantzatzeko partidak, besteak beste. 

Basogintzaren arloan, laguntza-planaz gain (horren zenbatekoa aurten murriztu egin da banda marroiak eragindako masen egoera hobetzearen ondorioz), Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren aurrekontuak finantzaketa jasotzen du, halaber,  suteen prebentzioaren arloko jardueretarako (352.000 euro), baso-lanetarako eta baso-pistetako lanetarako (1.010.000 euro), edo baso-jabeen elkarteekin eta Europa Hegoaldeko Basozainen Batasunarekin egindako hitzarmenetarako (229.000 euro); horien helburuetako bat sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzea da.

Klima-aldaketari lotutako ekintzei dagokienez, 1,2 milioirekin finantzatuko dira eta guztiak programa berean sartuta daude, Babesa  eta Ingurumenekoan. Legegintzaldi honetan klima-aldaketaren aurkako borroka izango da jarduera-zutabeetako bat eta horretara bideratuko den zenbatekoa honela banatuko da: milioi bat euro udalek eta mankomunitateek efizientzia energetiko handiagoa bilatzen duten proiektuak gauzatzeko jarduketak diruz laguntzeko, eta 200.000 euro ingurumen-hezkuntzako jarduketetan inbertitzeko.

Babes eta Ingurumen programa horren barruan, gainera, milioi bat euro bideratuko da babestutako guneak hobetzera, 510.000 euro Natura 2000 Sareko guneak hobetzera, beste 300.000 euro Life Ordunte eta Oreka Mendian programetara eta 2 milioi euro babestutako naturguneak mantentzera eta garbitzera, eta 490.000 euro arriskuan dauden espezieen jarraipena egitera.

Aurrekontua programaren arabera aztertzen bada ikus daiteke zenbateko handiena Ingurumen Azpiegiturena dela oraindik ere, eta horretara bideratzen da datorren urteko sailaren aurrekontuaren % 47,61 (35.178.000 euro). Hala ere, programa horrek 3 milioi euroko jaitsiera du aurreko ekitaldiarekin alderatuta, Artigasko zabortegia iragazgaizteko obretarako kontu-sailetan izandako jaitsieraren ondorioz (3,4 milioi euro) eta Konpostegia egokitzearen ondorioz (2,1 milioi euro), lan horiek amaierako fasean daudelako. Programa horren barruan hondartzei lotutako jarduerak sartzen dira (5,6 milioi euro), besteak beste, garbiketa eta segurtasuna edo hareatzek dituzten ingurumen-ziurtagiriak mantentzearekin lotutako lanak  eta atazak ordaintzeko, eta garbiketarekin, mantentze-lanekin eta lurralde osoan zehar banatutako aisialdi-eremuak egoera onean mantentzeko gainerako ekintzekin lotutakoak. Hondakinen arloan, programa honen beste kapituluetako bat, Artigasko zabortegian eta Konpostegian aipatutako inbertsioez gain, 9 milioi euro bideratuko dira Garbikerrek egiten dituen hondakinen kudeaketarako, eta beste milioi bat euro bosgarren edukiontzia ezarri eta indartzeko laguntzetarako, hau da, hondakin organikoak biltzeko, lurraldeko udalerri guztietan.

Aldi berean, Ingurumeneko Azpiegituren Programak 10.272.000 euro jasotzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin duen hitzarmenaren barruan uren hornidura eta saneamendua hobetzeko azpiegiturak garatzeko, eta 2.335.000 euro gehiago, berriz, Gaztelugatxeko San Joanen inguruan segurtasun-elementuak jartzeko eta konponketak eta hobekuntza-lanak egiteko.

Azkenik, Ehiza-fauna, Arrantza eta Basa-faunaren programak 593.000 euro izango ditu, Fauna Basatia Sendotzeko Gorlizko Zentroa finantzatzeko (153.000 euro) edo ehiza eta arrantzako Bizkaiko federazioekin hitzarmenak egiteko (80.000 euro); Administrazio Orokorraren programak 1,7 milioi euro izango ditu alokairuak, eraikinen mantentze-lanak edo pertsonalaren arropa eta oinetakoen kontratuak ordaintzeko; halaber, Foru Plan Informatikoak 3,4 milioi euro ditu eta horiekin eutsi egiten zaio sailak ematen dituen zerbitzuak modernizatzeko eta digitalizatzeko apustuari, administrazioa herritarrengana hurbiltzeko.