2019(e)ko azaroaren 07(a) 12:00

Bizkaiak 565 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko pertsona guztientzako babes-sare indartsu bat bermatzeko

Gizarte Ekintzako Saila

Gizarte Ekintzako Foru Sailak 2020an 564.882.000 euroko aurrekontua izango du; aurrekontu hori foru erakundearen aurrekontuan eskuragarri dagoen kopuruaren % 44 da. Sailak eskuragarri duen aurrekontua % 5 hazi da aurreko ekitaldiko kontuekin alderatuta; horrek esan nahi du 27 milioi euro gehiago daudela adineko pertsonei, desgaitasuna duten pertsonei eta haurrei arreta ematerako orduan geroz eta handiagoak diren beharrizanei erantzuteko.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako diputatuak, bere sailak 2020 ekitaldirako dituen aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan; aurrekontu horiek 564.882.000 eurokoak dira. Zenbateko hori Foru Aldundiak erabilgarri duen aurrekontuaren % 44 da.

Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaian zaurgarritasun egoeran dauden pertsona guztien bizitza duin eta oso baten garapena babesteko foru konpromisoa azpimarratu du; eta horretarako, Bizkaian 95.000 herritarrengana iristen den erantzukizun publikoko sare aurreratu bat modernizatzen jarraitzeko tresnak eman dira. Aurrekontu horren bidez, haurtzaroaren babesaren esparruan geroz eta handiagoak diren beharrizanei erantzuten diegu, adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako arreta-zentroen sarea egonkortzen dugu, pertsona zaintzaileei babesa emateko neurrietan aurrera egiten dugu eta aurrekontu-hornidura ematen diogu lurraldeko zilarrezko ekonomia sustatzeko estrategiari.

Zentzu horretan, Aldundiak 1.300.000 euro bideratuko ditu Nagusi Intelligence Centerrek aurrera jarrai dezan eta Bizkaian zilarrezko ekonomia garatzeko; era berean, 315.000 euro bideratuko ditu zahartze aktiboaren esparruan diharduten Europako proiektuetarako (Bizkaia erreferente bilakatu du arlo horretan).

Proiektu horien artean, Sergio Murillok Interreg Europe ProyectEU Shafe proiektua nabarmendu du. Bizkaia da proiektu horren buru eta Europako 7 eskualdek hartzen duten parte bertan. Proiektu honen helburua ezagutza partekatzea, politika elkartrukatzea eta gure lurraldeko adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko bideragarritzat jotzen diren jardunbide egokiak ezartzea da.

Adineko pertsonak: 195 milioi euro

86 urteko aparteko bizi-itxaropena emakumeentzako eta 81 urtekoa gizonentzako; Bizkaian azken urteetan egin den gizarte-lorpenik handiena. Baina, hori, aldi berean, lehen mailako erronka bat da zaintzen sistemetarako, mendekotasun- eta kronikotasun-egoerak hazten baitoaz adinarekin batera. Egoera horren aurrean, beharrezkotzat jotzen dira zentroen (egunekoa zein egoitzako) sarearen espezializazio bat, zaintzaileen babesa eta zaintza formalak eta informalak uztartzen dituzten zaintza partekatuen sistema mistoak. Alde horretatik, konplexutasun eta zaintza altuko 100 plaza gehituko zaizkie gaur egungo 2.750 plaza arruntei.

Ekitaldi honetan adinekoen zentroetara bideratutako aurrekontua 195.122.000 eurokoa izango da, eta zenbateko hori Sailak eskuragarri duen aurrekontuaren % 35 da.

Desgaitasuna duten pertsonak: 75 milioi euro.

Desgaitasuna duten pertsonen arretaren esparruan, desgaitasuna duten pertsonak eta beren familiak babesteko baliabideak mantentzeko apustuak irmoa izaten jarraitzen du. Hala, proiektuak 75.115.000 euroko aurrekontu bat aurreikusten du. Desgaitasuna duten pertsonei eta beraien familiei bideratutako egoitzazko baliabideak eta eguneko arretari lotutakoak mantendu dira, eta urte honetan martxan jarri diren zerbitzuak urtekotu dira. Era berean, mantendu egin da Gizarte Ekintzako hirugarren sektoreko erakundeekin dagoen aliantza estrategikoa, erakunde horiekin sinatutako ehun hitzarmen baino gehiagoren bitartez; hitzarmen horiek egoitzazko zentro eta etxebizitzetan 1.295 plaza (53.289.000 euro) eta eguneko arretarako zentroetan 1.378 plaza (19.700.000 euro) kudeatzeko dira. Horiei, egoitza-erregimeneko 185 plaza eta eguneko arretarako zentroetako 69 plaza gehitu behar zaizkie, zuzenean kudeatu beharrekoak.

Haurtzaroa: 57,3 milioi euro.

Umeei arreta emateko programarako aurreikusitako aurrekontua 8.085.000 eurokoa da.  Zenbateko hori adingabeen egoitza-harrerara bideratutako partidarekin osatzen da (49,22 milioi euro).

Umeen programak babesik gabe dauden edo babesik gabe egoteko arrisku larrian dauden adingabe eta nerabeei babesa emateko Foru Aldundiak gauzatzen dituen ekintza guztiak barne hartzen ditu. Horretarako, esku-hartze programak garatzen dira, eta horiek babesik gabe dauden adingabeei laguntzen die zuzenean.

Gizarte Ekintza Sailak, askotariko programen bitartez, prebentziozko esku-hartzeak sustatzen ditu, adingabea bere familia ingurunean geratzeko ahaleginak egiten ditu (adingabearentzat positiboa den heinean), irtenbide familiarrak bilatzen ditu adingabeak familia ingurunetik banatu behar diren kasuetan eta adingabeak berriz ere familian bizitzeko jarduketak sustatzen ditu, hori adingabeen onurarako baldin bada.

Mendekotasunerako prestazioak eta diru-laguntzak: 98 milioi euro.

Programa horren aurrekontua 98.743.000 eurokoa da, eta hurrengo ekitaldian % 2,82 haziko denez, 2.709.000 euro gehiago izango dira. Kapitulu horretan 66,11 milioi euro bideratuko dira familia ingurunean zaintzak emateko; gaur egun, Bizkaian, 20.000 pertsonak baino gehiagok jasotzen dituzte zaintza horiek.

Kapitulu honetan, 2,86 milioi euroko zuzkidura bat jasotzen da, mendekotasun egoeran dauden eta familia inguruan zaintzak jasotzeko prestazio ekonomikoa (PECEF) —pasa den urriaren 15ean argitaratu zen eta indarrean 2020an sartuko den Foru Dekretuaren bidez arautua— jasotzen duten pertsonen zaintzaileek urtean 15 eguneko atsedenaldi bat har dezaten.  

Balorazioa eta orientazioa: 7,77 milioi euro.

Balorazio eta Orientazio Zerbitzuak 7.779.000 euro izango ditu, 2019ko ekitaldian baino % 0,13 gehiago, balorazio-berrikuspenei gehikuntza iraunkorrari erantzuna emateko beharrezko hazkundea. Kapitulu honek, era berean, arreta goiztiarrerako aurreikusitako partida barne hartzen du, 2020an 4 milioi eurora iritsiko dena, 56 zentro hitzarturekin. Zentro horietatik, Bizkaian arreta goiztiarrerako zerbitzu publikoa eskaintzen da.

Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera jarraitzen du gizarte zerbitzu publikoen sarearen bilakaeran, Bizkaia integratzaileagoa eta inklusiboagoa bihurtzeko. Eboluzio hori plaza gehien dituen arreta-zentroen sarearen egonkortzean eta zaintzaileei babesteko neurrien hedapenean gauzatzen da.

Hala, Gizarte Ekintzako diputatuak azpimarratu du aurrekontu honek erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuen sare aurreratu bat eboluzionarazi nahi du eta funtsezko tresna bat da gure lurraldearen gizarte-kohesiorako: Bizkaiko pertsonentzako tresna bat. Hala, eta soilik horrela izan ahalko dugu Bizkaiaren bertsiorik onena, esanez amaitu du Sergio Murillok.