2019(e)ko azaroaren 06(a) 12:45

Bizkaia pertsonen zerbitzura egongo dela eta, berritzailea eta mundura konektatua izango dela bermatzea, 2020rako apustuak

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu du datorren urterako bere Sailaren aurrekontu-banakapena: 64,29 milioi euro, 2019an baino % 3,51 gehiago.

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak gaur goizean Batzar Nagusietan azaldu ditu zuzentzen duen Sailak 2020an izango dituen 64.296.000 euroko aurrekontu-partidak -aurreko ekitaldian baino % 3,51 gehiago- batez ere herritarrei eta udalei zerbitzu hobeak eta modernoagoak eskaintzeko erabiliko direnak, bai eta etorkizuneko erronken aurrean Bizkaiko Foru Aldundiaren barne-antolaketa prestatzeko ere, eta erronka horiek egiteko modu berriak, azkarragoak, berritzaileagoak eta eragingarriagoak eskatzen dituzte.

Ibone Bengoetxeak nabarmendu duenez aurrekontu horiek herritarrengan finkatutako Aldundia bermatzeko tresna izango dira, arlo digitalean eraldatua eta mundura konektatua, eta  teknologia berriak oinarri hartuta herritarrei eta udalerriei balio erantsi handiagoko zerbitzuak eskaintzeko aukera emango duena.

Kontu horiekin Sailak administrazio hurbilago, eraginkorrago, arinago, berritzaileago, gardenago, parte-hartzaileago eta inklusiboago baten bidez, herritarrei esperientzia pertsonalizatuak eta pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea laguntzera bideratutako zerbitzuak eskaini nahi ditu.

Hain zuzen ere herritarrentzako zerbitzu gehiago eta hobeak, arretaren hurbiltasuna eta izapide sinpleagoak eskaintzeko helburuarekin, aurrekontuak ezartzen du herritarrei arreta integrala emateko bulegoen hedapenarekin jarraitzea, herritarren arretaren digitalizazioan aurrera egitea, aurrez aurrekoa alde batera utzi gabe, eta elkarreragingarritasuna bultzatzea.

Aurrekontuaren zatirik handiena foru administrazioa martxan jartzera bideratua badago ere, Bizkaiko Foru Aldundiko gainerako arloei euskarria ematen dien saila denez, Suhiltzaile Parkeko partida da igoerarik esanguratsuenetako bat, ekipamendu berrien hornidura dela eta. Hala, datorren urtean 7.178.497 euroko aurrekontua izango du (2019an baino 2,3 milioi euro gehiago). Igoera hori, batez ere, Zallako suhiltzaileen parke berriaren eraikuntzagatik (3.793.997 euro) eta Iurretako eta Artatzako suhiltzaileen parkeetako obrengatik (650.000 euro) gertatu da.

Bizkaia Digitalaren aldeko apustua

Administrazioaren digitalizazioa bultzatzeko eta herritarren arreta hobetzeko, programa berri bat sortu da, 21.503.700 eurokoa, eta, beraz, garrantzitsuena da.

Aurrekontuaren xedea kanal anitzeko sare integratua ezartzeko planak eta proiektuak bultzatzea, zuzentzea eta gainbegiratzea da, herritarrek Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzu eta edukietara iristeko bidea askatasunez aukeratu ahal izan dezaten. Horretarako, beharrezkoak diren metodologia eta tresna teknologikoak garatuko dira, eta administrazio-prozedurak sinplifikatzea eta elkarreragingarritasuneko araudi teknikoa ezartzea sustatuko da.

Zehatzago esanda, programak aurreikusten du, besteak beste, BAT sistema (Bizkaiko Azpiegitura Teknologikoa) garatzea, hau da, zeharkako irtenbide teknologiko korporatiboak hedatzea Foru Aldundiko sail guztientzat Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren ezarpenean aurrera egiten jarraitzeko. Irtenbide horien artean daude egoitza elektronikoa, sarrera-kudeatzailea, dokumentu-kudeatzailea, izapidetze-motorra eta artxibo elektronikoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak neurri horiekin lortu nahi duen helburua barne-prozesuen eraginkortasuna hobetzea da, baina baita herritarrentzat eskuragarri dauden prozeduretan, izapideetan eta zerbitzuetan administrazioa sinplifikatzea ere.

Bizkaiko udalerrien euskarria

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren lehentasunezko ildoetako bat lurraldeko udalerriei lurralde-kohesioan aurrera egiteko babesa eta laguntza ematea da, eta Bizkaiko eskualde guztiekiko konpromisoa nabarmentzen da, batez ere lurralde osoaren garapen- eta ongizate-mailak lortzeko bultzada gehigarria behar izan dezaketen eskualdeekiko konpromisoa.

Horretarako 7.000.000 euro emango zaizkio BiscayTIK Fundazioari, Bizkaiko toki-erakundeen modernizazioa bultzatzearen ardura duen erakundeari, hainbat jardueraren bidez: egungo zerbitzu eta sistema teknologikoak mantentzea; administrazio-prozedura eta kontratazioa; lizitazio elektronikorako irtenbide teknologiko digital berriak; gizarte zerbitzuak eta gardentasuna edo udalen etengabeko prestakuntza, besteak beste.

Gainera mantendu egingo dira lurraldeko udalerri txikietan azpiegituretan inbertsioak egiteko dirulaguntzetara bideratutako aurrekontu-partidak eta horretarako 2 milioi euro izango dira, 2019an bezala.