2019(e)ko urriaren 28(a) 13:39

Bizkaiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du, elurra kentzeko 82 makina eta 10.000 tona gatz erabilita

Ekonomia Sustatzeko Saila

Azaroaren 1etik aurrera, 399 profesional eta elurra kentzeko 82 makina prest egongo dira izotzak edo elurrak errepideetan eragiten dituzten gorabeheren aurrean jarduteko. Baliabide horiek mobilizatzearekin batera, errepidean gertatzen diren egoera txarren aurrean gidariak arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du Aldundiak

2019-2020 Neguko Bidezaintza Plana

Bizkaiko Foru Aldundiak 2019-2020 Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du azaroaren 1etik apirilaren 30era bitartean, izotzak eta elurrak foru errepide sarean eragin ditzaketen gorabeherak prebenitu eta horiei erantzun egokia emate aldera. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez, aurreko urteetan baino baliabide gehiago jarri dituzte kanpaina honetan: 399 profesional eta elurra kentzeko 82 makina, eta, horiez gain, esku hartzeko hiru ibilgailu arin ere bai. Halaber, Santo Domingoko gainean 100 tona gatz har ditzakeen silo berri bat jarri dute. Horrela, Aldundiak 9.825 tona gatz ditu biltegiratuta 21 silotan eta hamar pilatze-gunetan, lurralde historiko osoan zehar banaturik. Errepideen egoerari buruzko informazioa etengabe eguneratuta izateko, foru errepideen sareko puntu adierazgarrietan kokaturik dauden sei estazio meteorologikok informazioa bidali dute trafikoa kudeatzeko zentroetara, giro-tenperaturari edo asfaltoaren tenperaturari buruz, besteak beste.

Pradalesek Bizkaiko udal guztiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du, eguraldiak errepide sarean eragin ditzakeen ezbeharrei aurre egiteko, eta trafikoa kudeatzeko zentroetatik langile guztiak koordinatzeko egiten den lana nabarmendu du. Aldundiak, bere baliabide propioak aktibatzeaz gain, errepide-erabiltzaileei erantzukizuna hartzeko deia egiten die, eta gomendatzen die bidearen egoerari eta eguraldiari buruz informatuta egotea, eta, egoera txarretan gidatzen hasi behar badute, kontu handiz ibiltzea.

Jon Larrea Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako zuzendariak zehaztu duenez, Neguko Bidezaintza Planak lau zirkulazio-maila aurreikusten ditu, galtzadan dagoen elurraren eta izotzaren arabera. Lau egoera horietako bakoitzean abiadura-mugak, zirkulazio-murrizketak edo kate edo pneumatiko bereziekin zirkulatzeko derrigortasuna ezartzen dira. Era berean, Neguko Bidezaintza Planak hiru lehentasun maila ezartzen ditu galtzada garbitzeko. Hala, 1. mailak etengabeko zerbitzua ezartzen du errepide eta autobide nagusietan, ospitaleetarako sarbideetan eta aireportua edo Bilboko portua bezalako azpiegituretan zirkulazioa ziurtatze aldera. Maila horretako zirkulazioa bermatu ondoren, makinek izotzez edo elurrez garbituko lituzkete lehentasun txikieneko gisa katalogatzen diren errepideak.

2018-2019ko kanpainaren balantzea

Bizkaiko Neguko Bidezaintza Planaren aurreko kanpainan 36 alerta aktibatu ziren guztira, eta horietatik bi bakarrik izan ziren maila laranjakoak, elurragatik. Gainerakoak, elurragatik zein izotzagatik, maila horira iritsi ziren, eta 2019ko urtarrilean izan zen alertarik gehien. Izotzak eta elurrak eragindako gorabeherei aurre hartzeko, Aldundiak elurra kentzeko 3.600 ordu baino gehiago erabili zituen, eta 2.000 tona gatz baino gehiago banatu zituen errepideetan.


Bideoak


Audioak