2019(e)ko urriaren 22(a) 12:20

Bizkaiko Foru Aldundiak 2020. urtera arte luzatu du Gipuzkoako hondakinen tratamendurako hitzarmena

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Erabakia Batzar Nagusietara bidaliko da, berretsi ahal izateko, sinatutako hasierako hitzarmenarekin gertatu zen moduan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Gipuzkoako hondakinen tratamendurako lankidetzako hitzarmena 2020. urtera arte luzatzea onetsi du. Luzapenak erabakiaren epealdiari buruzko aurreikuspenen inguruko aldaketa bat ezartzen du, hitzarmena beste urtebetez luzatuko baita, baina tratamendurako kopuru berak (gutxieneko 25.000 tona eta gehieneko 60.000 tona) jasotzen ditu.

Foru erakundeak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin duen akordioaren luzapena Gipuzkoako erakundeak eskatuta onetsi da, erakunde horrek indarraldia luzatzea eskatu zuelako, Zubietako instalazio berriak abiarazteko gertatuta den atzerakuntzaren ondorioz.

Epea luzatzeak ez ditu aldatzen hasierako hitzarmenaren beste baldintza batzuk, hasierako hitzarmen horretan finkatutako kanon ekonomikoari eusten baitzaio.

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur onetsitako erabakia orain Batzar Nagusietara bidaliko da, halako kasuetan jarraitu ohi den prozeduraren bidetik, Batzar Nagusiek berrets dezaten.