2019(e)ko urriaren 19(a) 10:00

Amorebieta-Etxano Bosteko 2019 erakusketa urriaren 21ean izango da Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Rueda artisten lanekin

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Aurtengoa XXII. edizioa du bost udalerritako (Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Leioa eta Amorebieta–Etxano) salen artean koordinatutako erakusketa honek, zeinak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza baitu.

Bosteko 2019

`Bosteko 2019´ Amorebieta-Etxanoko Zelaieta aretora iritsiko da urriaren 21ean, eta han izango da azaroaren 19ra arte.

«Marrazkitik haratago: Figura eta paisaia» erakusketa Bizkaiko bost udalerritan izango da; Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du, eta, aurten, Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Ruedaren obrak erakutsiko dira. Komisarioa, berriz, Ibon Garagarza Berger da.

‘Bosteko 2019’ erakusketa ibiltaria da, lehenengo aldiz egin zenetik —1998. urtea—, arte garaikidea hurbildu izan du Bizkaiko udalerrietara, eta, gaur egun, finkatuta dago Lurraldeko kultura-eremuan.

Hiru artistek planteatu dituzten obren eta instalazioen ezaugarri nagusia aldaketa da, aurkeztuko diren tokiaren arabera era batera edo bestera aldatu eta egokituko direlako. Erakusketaren esparruak oso desberdinak dira euren artean eta horren ondorioz bisitarien esperientziak ere desberdinak izango dira. Instalazioen formatuak aldatu egingo dira aretoen arabera eta ikusleari une horretan bertan egotearen esperientzia artistikoa eskatuko dio.

"Marrazkitik haratago. Figura eta paisaia"

Erakusketa honetan berariazko garrantzia dauka marrazkiak eta, aldi berean, argazkilaritza, eskultura edo pintura bezalako baliabideak lantzen ditu. Halaber, proposamenean funtsezkoa da instalazioa, giro desberdinen sorkuntza. Hiru artistek bi dimentsioak gainditzen dituen marrazkiaren kontzeptu zabaldua garatzen dute eta mundua ulertzeko era desberdinetara hurbiltzen gaituzte. Era horietan guztietan protagonista gizakiaren figura izango da, guztion interesa sortzen duten kontakizunak eraikiz.

Gizakiaren figura, gorputza eta inguruarekin, paisaiarekin, duen erlazioa gai garrantzitsuak izan dira hiru artisten lanean eta, marrazkiaren kontzeptu zabaldu horrekin batera, proposamenaren ardatza izango dira. Sortze-prozesuan zehar proiektuaren jatorrian dagoen ideia marrazterakoan eta pentsatzerakoan (marrazten duzunean pentsatu egiten delako; pentsamenduaren artekari-dinamika eta marrazkia hertsiki uztartuta daude) proiektuaren prozesua bera definitzen duten irudi-serie eta proposamen berriekiko topaketa sustatzen da, askotan gauzak egiteko beste era berri batzuetara eramaten gaituena. Era berri horiek dira erakusketan indarra hartzen dutenak.

Gentzen kasuan marrazkitik instalaziora iristeko jauzia eta argazkien erabilera da. Mertxeri dagokionez hiru dimentsioetarako urratsa ematea, aldi berean eskultorikoa-instalatiboa den kontzeptu batekin. Soniaren kasuan prozesua apur bat desberdina da, bere ideien garapenaren ondorioz argazkietatik eta irudi digitaletatik urrundu eta paper gaineko marrazkigintzara hurbildu delako.

Erakusketa-esparruak eta egutegia

‘Bosteko 2019’ Kultur Leioan jartzen da abian eta bertan irailaren 26ra arte egongo da; ostean Basauriko Arizko Dorretxean ikusi ahal izango da, urriaren 1etik 19ra. Hirugarren esparrua Amorebieta-Etxano izango da, zehatzago esanda Zelaieta Aretoan, urriaren 21etik azaroaren 9ra. Udalerri horretatik Arrigorriagako erakusketa aretora joango da, azaroaren 11tik 29ra. Eta ‘Bosteko 2019’ edizio honen ibilbidea Getxoko Kultur Etxeko Torrene Aretoan amaituko da, abenduaren 4tik 29ra arte.

Gentz del Valle

Gentz del Valle artista bizkaitar garaikidea da; graduduna da Iruñeko Arte eta Ofizioen Eskolan, lizentziaduna Arte Ederretan eta doktorea Arte Ederretan EHU-UPVn.

Bere obra euskarri desberdinen gainen planteatzen da, besteak beste marrazkia, eskultura, argazkia edo bideoa, eta instalazio-eran egituratzen du. Bere lanean espazioaren tratamendua irudi guztiek eskuratzen duten zentzua definitzen duen alderdia da; hori giroaren araberako erlazioetan oinarrituta kontakizunak sortuz eta arketipo kultural femeninoari/maskulinoari, naturarekiko erlazioari eta kontrakoen arteko korrelazioari buruzko galderak planteatuz egiten du, betiere adierazteko oinarrizko era moduan marrazkiaren erabilerari berariazko garrantzia emanda. Bere tesi horietatik abiatuta En Ausencia del Dibujo liburua argitaratu du eta bertan zalantzan jartzen du arte garaikidean marrazkiak duen baliagarritasuna. Bere azken erakusketa indibidualak Perséfone no habla, Mentxu Gal Aretoa, 2019, Irun; Perspectiva (Fuera de Lugar) KMK 2017, Donostia, eta Montaña Interna, Galería Vanguardia 2013, Bilbo, izan dira

Besteak beste honako erakusketa hauetan parte hartu du: Balenciaga Museoa (Getaria), Art Brussels, Art Cologne, La Neomudejar (Madril), Estampa (Madril), Arte Ederren Museoa (Bilbo). Bere obrak Gasteizko Artium Museoan eta Iruñeko Nafarroako Museoan ikus daitezke. EHU-UPVko Arte Ederren Fakultateko Marrazketa Saileko irakasle titularra da.

Mertxe Periz

Lizentziaduna da Arte Ederretan Euskal Herriko Unibertsitatean, 1985; Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria, IGA, dauka, Euskal Herriko Unibertsitatean, 1986.

Arte garaikidearen didaktikako prestakuntza du ikastaro eta mintegi ofizialen eta independenteen bidez. Beti egin du lan sorkuntza, hezkuntza eta gizarte-transformazioen arteko erlazioak ikertzen dituen praktika artistiko-hezkuntzazkoari lotuta. Hezkuntzarako erreminta moduan artea erabiliz programa pedagogikoak diseinatu eta inplementatu ditu museoetan, ikastetxeetan eta arte, kultura eta gizarte zentroetan era askotako talde eta ikusleentzat.

90eko hamarkadaren amaieran talde-erakusketak eta erakusketa indibidualak egin zituen, besteak beste Bilboko Windsor eta Vanguardia arte galerietan, Vigoko Adhoc-en eta Iruñeko Pintzel-en, eta baita Bilboko Rekalde Erakusketa Aretoan, Bruselako Centre International D´Art Contemporain-en, Estrasburgoko Centre Hospitalier de Hoerdt-en eta Poznango (Polonia) Museum ZAMEK OPALINSKI-n ere. Colonia eta Arco bezalako arte-azoketan ere parte hartutakoa da.

Bekei eta sariei dagokienez, honako hauek aipa daitezke: Bizkaiko Foru Aldundiaren beka artistikoa eta ikerkuntzakoa, 1986-88; Artisten Nazioarteko Topaketan parte hartzekoa, Poznan, Polonia, 1996; arte plastikoetarako laguntza, Bizkaiko Foru Aldundia, 1997.

2010ean berriz ere erakusketen proiektuari ekin zion eta ordutik egunera arte egin dituenen artean honako hauek azpimarra daitezke: Viajeritas, Gernikako Euskal Herria Museoan 2010ean egin zuen erakusketa indibiduala; Dibujos de memoria, Bilboko Isabel Medinabeitia espazioan 2014an egin zuen erakusketa indibiduala; Arteciñana, 2015ean egin zuen talde-erakusketa. Viajeritas 2, Bilboko Sarean espazio kulturalean 2016an egin zuen erakusketa indibiduala; Tránsitos, Bi Hormetara erakusketa-espazioan 2017an egin zuen erakusketa indibiduala.

Sonia Rueda

Barakaldon jaio zen Sonia Rueda lizentziaduna da Arte Ederretan EHU-UPVn, pintura eta grabatua espezialitateetan.

Ezkutukoa, nola proiektatzen garen, itxura, egia dena eta ekibokoa dena, gizakiaren irudikapen fragmentarioa, begirada femeninoa… izan dira Sonia Ruedak bere obran garatu dituen gaiak. Pinturaren, bitarteko elektrografikoen, ordenagailuz tratatuko irudien eta argazkilaritzaren arloak landu ditu.

Bere proiektuetan beti agertu dira figura eta autorretratua. Sortzeko oinarri moduan argazkia eta irudi digitala erabiltzen dituen bere erretratuetan abiaburua norbera materia singularra dela aintzatestea da, hots, partikularretik orokorrera, pertsonaletik unibertsalera bidaiatuz zentzumenen bitartez mundura proiektatzen dena. Bere obra bultzada baten emaitza da, amaieran obra hori egituratzen duten erlazioen eta arrazoien bilbe moduan finkatzen dena.

Bere ibilbidean zehar besteak beste sari hauek irabazi ditu: lehen saria "Pintura sobre asfalto", Caja de Ahorros Municipal de Bilbao (1987); bigarren saria"Concurso de Pintura de Erandio"; hirugarren saria "III Certamen de Artes Plásticas de Euskadi"; Primer Premio Nacional de Dibujo "Sandro Botticelli", Madril (1990); bigarren saria "Bizkaiko Artea" Grabatuetan, "V Encuentros de Pintura y Escultura", Gasteizko udala, 1991n; lehen saria "Artesport 91", Bizkaiko Foru Aldundia.


Argazkiak