2019(e)ko urriaren 18(a) 10:30

2.399pertsona izango dira larunbatetik aurrera Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko 126 osasun-laguntzaileen plazetarako hautagai

Gizarte Ekintzako Saila

Barakaldoko BECeko 2. pabiloian egingo da, goizeko 11: 30etik aurrera, hautaketa prozesua osatzen duten lau probetatik lehena. Azterketa test modukoa da, eta notak egun horretan bertan ezagutuko dira. Hori onartzen duten pertsonak GUFEko osasun-laguntzailearen aldi baterako lan-poltsan sartuko dira. 83 plaza eskaintza librekoak dira eta 43 barne-sustapenekoak. 10 plaza, guztira, ezgaitasunen bat duten pertsonentzat erreserbatuta daude. 92 lanpostuk dute manuzko 2. hizkuntza-eskakizuna.

2.399 pertsona onartu dira larunbat honetan, urriaren 19an, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (Gizarte Ekintza Sailari atxikia) 2016ko eta 2017ko Lan Eskaintza Publikoetako 126 osasun-laguntzaileen plazak betetzeko egingo diren lau probetatik lehena egite aldera.

Azterketa, test motakoa, goizeko 11:30etik aurrera egingo dute Barakaldoko BECeko 2. pabiloian. Lanpostugaiak 10: 45etik aurrera sartu ahal izango dira beren eserlekuetara.

Azterketa gainditzen duten pertsonak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko osasun-laguntzaileen aldi baterako lan-poltsan sartuko dira. Ariketaren kalifikazioak eta erantzunen plantilla egun berean ezagutuko dira, irakurketa optikoaren bidez egingo den zuzenketa-prozesua amaitu ondoren. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen webgunean kontsulta daitezke: www.ifas.bizkaia.eus.

Deituta dauden 126 plazak hainbat sarbide-txandatan banaturik daude, bai barne-sustapena garatzeko eta bultzatzeko, bai ezgaitasunen bat duten pertsonen laneratzea ahalbidetzeko. Honela daude banaturik: plazarik gehienak, 83, eskaintza librekoak dira; 5, ezgaitasunen bat duten pertsonen txandakoak; 43, barne-sustapenekoak; eta 5, ezgaitasuna duten pertsonen barne-sustapeneko txandakoak.

Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako plazetan sartzeko txandarako (txanda librerako eta barne-sustapenerako txandarako) 62 hautagai daude. Hala eskatu duten guztientzat, hautaketa-prozesua haien premiei egokiturik egongo da, bai denborari dagokionez, bai materialei dagokienez, eta proba egingo den pabiloiaren gune berezi eta mugatu batean egingo da.

Azterketa teorikoa 50 galderako test bat izango da; erreserbako beste 10 galdera ere izango dit¡u, gai-zerrendan jasotzen diren gaiekin lotuta. Horretarako, ohiko txandako lanpostugaiek 90 minutu izango dituzte. Ezgaitasunen bat duten pertsonen txandari dagokionez, Gizarte Ekintza Saileko Balorazio Atalak zehazten duen denbora izango dute, hots, 135 eta 180 minutu arteko denbora.  

Azterketak behar bezala egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza sailak 50 laguneko talde bat koordinatuko du, guztiak ere Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileak, antolaketa lanetan laguntze aldera borondatez izena eman dutenak. Probetako zaintza-lanen ardura izango dute, baita aurkezten diren pertsona ezinduei arreta, informazioa eta laguntza eskaintzekoa ere. Operatiboak ebakuazio- eta larrialdi-taldeak, osasun-taldeak eta Epai-mahaiari helaraz dakizkiokeen premia guztietarako laguntza-langileak ere baditu.

Azterketan ezin izango da ezelako gailu elektronikorik erabili, ezta erlojurik edo lehia desleiala sor dezakeen bestelako objekturik ere. Antolatzaileek ematen duten materiala baino ezin izango da baliatu. Bi led pantaila jarriko dira, azterketa egiten ari diren pertsonak probak amaitu arte denboraren joan-etorriaren jakinaren gainean egon daitezen.