2019(e)ko urriaren 11(a) 13:40

Rementeriak aldaketak eskatu ditu gastu-arauan, Bizkaia hobetzeko ahalmena mugatzen duelako

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak diru-bilketaren 2020rako aurreikuspena aurkeztu du; guztira, 8.141,1 milioi euro izango dira, 2019. urteko aurrekontua baino % 3,5 handiagoa. Rementeriaren ustez, Bizkaiko kontuek normaltasuna eta egonkortasuna erakusten dute, eta zalantzan jartzen du gastu-araua, mugatzen baitu Aldundiaren aurrekontu arduratsua, arrazoizko zorra duena eta Estatukoak baino bi maila goragoko rating-a duena.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaiko diru-bilketaren 2020rako aurreikuspena aurkeztu du Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan: guztira, 8.141,1 milioi euro.  2019ko ekitaldiko diru-bilketaren aurreikuspenean adierazitako zenbatekoa baino 272,8 milioi handiagoa, hau da, % 3,5 egingo du gora.

Aurreikuspen on horiek daudela ere, Bizkaiak % 2,9 baino ezin izango du handitu 2020ko aurrekontua, hori baita gastu-arauak Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legearekin bat ezarritako muga. Rementeriaren ustez, horrelako arauak galga bat dira Bizkaiarentzat, eta gure inbertsio-ahalmena mugatzen dute. Ahaldun Nagusiaren esanetan, Aldundia geratuko da XX milioi gabe, eta ezin izango ditu erabili une egoki honetan Bizkaiaren aldeko jarduketak egiteko.

Ildo horretan, pena sentitzen du Bizkaiak ordaindu behar dituelako beste batzuen hutsak; izan ere, hala gertatzen da nahiz eta gure Aldundia arduratsua izan, arrazoizko zor bat izan eta Estatukoak baino bi maila goragoko rating-a eduki. Beraz, adierazi du gai honi buruzko gogoeta bat egin behar dela, eta erabakiak hartu behar direla.

Galga hori gorabehera, Rementeriak gaineratu du Bizkaiko kontuek normaltasuna eta egonkortasuna islatzen dutela: bide positiboan gaude, baina erne jarraitzen dugu aldaketak gerta daitezkeelako. Hori dela eta, datorren urteko aurrekontuei begira, azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak jarraituko duela garrantzitsuenaren aldeko lana egiten: pertsonen aldeko lana egiten eta Bizkaiaren etorkizunerako proiektu estrategikoak aurrera ateratzen.

2019. eta 2020. urteetarako diru-bilketa

Bizkaiko Foru Aldundiak zenbateko hauek aurkeztu ditu Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, aurtengo eta datorren ekitaldietarako:

  • 2019ko ekitaldirako diru-bilketaren aurreikuspena: 7.947,1 M
    • 2018ko diru-bilketa (7.740,1 M€) baino % 2,7 handiagoa
    • 2019ko diru-bilketa (7.868,3 M€) baino % 1 handiagoa
  • 2020ko ekitaldirako diru-bilketaren aurreikuspena: 8.141,1 M
    • 2019ko diru-bilketa (7.947,1 M€) baino % 2,4 handiagoa
    • 2019ko diru-bilketa (7.868,3 M€) baino % 3,5 handiagoa

Aurreikusten da hiru foru-aldundiek guztira 15.767,8 milioi euro biltzea 2020. urtean.

Guztira, hiru foru-aldundiek 10.473 milioi euroko ekarpena egingo diote Eusko Jaurlaritzari 2020. urtean; Bizkaiak zenbateko horren % 50,39 jarriko du (5.277,4 M€). Gipuzkoak % 33,34 jarriko du, eta Arabak %16,27.