2019(e)ko urriaren 10(a) 12:30

Bizkaia Ondarearen lurraldea eta gero eta gizarte elebidunagoa, Euskara, Kultura eta Kirol sailaren apustuak

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lanean jarraituko du euskararen suspertze sozialaren alde, erreferentzia berezia eginez kirolaren, gazteriaren, gizarte-laguntzaren eta etorkinen arloan, horrela gero eta gizarte elebidunagoa lortzeko. Aldundiak Bizkaiko kultur ondare aberatsa eta oparoa herritarrei hurbiltzeko proiektuak martxan jartzearen ildotik jarraitzen duela azaldu du Bilbao diputatuak, bereziki labar-arteari dagokionez. Gainera, lurraldeko industria-ondarea aintzatesteko lan egingo da. Eta talentu bizkaitarra bultzatzen jarraituko da diziplina artistiko guztietan. Getxoko 2020ko Munduko Sokatira Txapelketa, kirolean emakumearen ikusgarritasuna eta sustapena, eta eskola kirola dira kirol arloan legealdiko proiektu estrategikoetako batzuk.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Sailak legegintzaldi honetarako dituen lehentasunak azaldu ditu gaur Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Bilbaok argi utzi du lan ildoak eta irizpide nagusiak aurreko legealdian garatutakoen jarraipena direla: "Progresioa bide natural batean", adierazi du.

Kulturaren esparruan, kultura horren transmisioaren, garapenaren eta sustapenaren alde egingo da lan. Hala, foru diputatuak lehentasunezko konpromiso gisa nabarmendu du Bizkaia kultur erreferente bihurtzea bere ondarearen kontserbazioan, kudeaketan eta hedapenean. Hori da sailaren lan ildo nagusietako bat: Bizkaia 'Ondare Lurraldea' izatearen aldeko apustua. Horretarako, beste jarduera batzuen artean, kultur ondarea gizartera hurbiltzeko ekimen berriak jarriko dira martxan, baita labar-artea gizarteratzekoak ere, azken kasu horretan, labar-artearen zentro bat sortuz. Sailak, halaber, teknologia berrien erabileran aurrera egiten jarraitzearen aldeko  apustua egin du, eta teknologia horiek kulturaren esparruan aplikatzen aitzindari eta erreferente gisa finkatzearen alde, ikerketa, ezagutza berrien sorrera eta ondarearen aberastasuna herritarrengana hurbiltzea ahalbidetzeko. Ildo beretik, legegintzaldi honetan, proiektu berriak gauzatuko dira Bizkaiko industria-ondare zabalari balioa emateko. Lurraldeko herritarrek zein kanpotik datozen bisitariek gure iragan industriala ezagutzeko aukera izango dute.

Aldi berean, sorkuntza artistikoa sustatuko da, diziplina artistiko guztietan talentu bizkaitarra babestuko da eta kultura bultzatuko da trakzio-elementu ekonomiko gisa, hala kultura- eta sormen-industriaren ikuspegitik, aberastasuna sortzen duen sektore gisa, nola turismoa erakartzeko motor gisa duen potentzialaren ikuspegitik. Hori ez ezik, Bizkaiko kultur azpiegiturei balioa ematea bultzatuko da, hala nola La Encartada Moda. Kasu zehatz honetan, sailak azken bost urteetan egiten ari den topaketa hori bultzatuko du. Lorea Bilbaok ekimen horren aldeko apustu sendoa egin dela adierazi du, "Tradizioa eta abangoardia uztartzen baititu industria-ingurune batean, eta, aldi berean, gure lurreko eta nazioarteko talentua aldarrikatzen eta indartzen baitu ondare aberats baten esparruan".

Bizkaiak kultura nazioartekotzearen alde lan egiten jarraituko du, urtero lurraldean egiten diren Fair Saturday, Mendifilm eta beste hainbat jaialdiri babesa emanez, eta nola ez, beste herrialde batzuetan ere egoitza artistikoak bultzatuz, eta nazioartean Bizkaian sortutako artearen erakusketa bultzatuz. Horrez gain, Bizkaiko museoen sarea indartuko da. Euskal Museoa birmoldatzea legealdiko proiektuetako bat da, espazio hori euskal kulturaren munduari irekitako ate bihurtuko duena. "Euskal kulturari sarrera emateko atea izango da", adierazi du diputatuak.

Euskararen arloari dagokionez, Lorea Bilbaok Foru Aldundiak gero eta gizarte elebidunagoa lortzeko duen konpromisoa azpimarratu du. Horretarako, erakundeak lanean jarraituko du eremu estrategikoetan euskara biziberritzeko, hala nola kirolean eta gazterian, gizarte-laguntzan eta etorkinen artean. Bizkaiko kirol federazioekin egunera arte egin den lana sendotuko du Aldundiak, eta lurralde osora zabaltzen saiatuko dira, udalerrien eta kirol kluben bidez. Egunerokotasunean euskararen erabilera sendotzeko eta euskara erabiltzeko aukerak areagotuko dituzten neurriak bultzatzeko asmoz, euskararen ikaskuntza bermatzeko ekimen berriak bultzatuko dira. Horrez gain, komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko eta Azkue Fundazioaren bidez gazteei zuzendutako ekintzak, produktuak eta ekimenak garatzeko lanean jarraituko da. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak bere konpromisorik sendoena erakusten du administrazio are elebidunagoa lortzeko, gizartearen eskaerari erantzuteko eta, horrela, bere eskubideak bermatu ahal izateko.

Kirolaren arloan sailak kirol-jarduera bideratuko du, bizi-kalitatea, aukera-berdintasuna eta balioen transmisioa hobetzeko bitarteko gisa. Besteak beste, kirolaren hainbat arlotan emakumeen presentzia babestu eta ikusaraziko da; eskola-kirolaren eskaintza hobetzen jarraituko da, txikitatik kirola egitea sustatzen jarraitzeko; banakako kirolarientzako laguntzak indartuko dira, eta bertako kirola indartuko da, geureak diren kirol horien eskaintza sendotzeko eta ezagutza, prestigioa eta praktika bultzatzeko. Getxoko 2020ko Munduko Sokatira Txapelketa datorren urterako proiektu estrategikoetako bat da, Lorea Bilbaok azpimarratu duenez: "Bertoko kirol baten mundiala da, eta euskal selekzio ofizial bakarra da. Mundu osoko mila kirolari baino gehiago batuko dituen ekitaldia izango da".